Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak -Artium Museoak antolatutako Museoaren etorkizunak hitzaldi-programan parte hartuko du Filipa Ramos idazle eta komisarioak bihar, asteazkena, otsailak 8, 19:00etatik Aurrera. Ramos, Oporto hiriko Arte Garaikidearen Saileko zuzendaria, lurralde baten nortasuna osatzen eta zehazten duten gaiei buruz eta arte museoek eztabaida honetan duten zereginari buruz hitz egingo du Ipar basati eta malkartsua izeneko hitzaldian. Hitzaldi-programa honekin, Artium Museoak museoen etorkizunaren ikuspegiei buruzko gogoeta-foro bat ireki du, arte garaikidearen arloko eragile nabarmenen parte-hartzearekin. Sarrera doakoa da, eta edukiera mugatua.
Porton kultura-kudeatzaile gisa duen esperientziatik abiatuta, eta «Iberiar ipar-mendebaldea» esaten diona ezagutuz, Filipa Ramosek galdera batzuk egingo ditu, eta galdera horien erantzunekin lurralde baten definizioa eta nortasuna zehazten duten baldintzak aztertzen saiatuko da. Mahai gainean hainbat gai agertuko dira: paisaia, mugak, bertako biztanleen izaera, genetika, cultura…, eta, batez ere, zer eginkizun bete behar duten arte-museoek natura eta kultura bateratzen dituen zalantza-prozesu konplexu horretan.
Gai hori eta beste batzuk buruan dituela, Filipa Ramosek iberiar ipar-mendebaldearen esentzia bilatu du Portoko Udal Galerian, hura egon daitekeen lekuak aurkitzen saiatuz. «Hitzaldi honek nire buruari egindako galderetako batzuk eta beste batzuk jorratzen ditu, pertsonek, animaliek, landareek, elementuek eta mineralek lurraldea eratzean hartzen dituzten modu, erritu, testura eta adierazpideei buruzkoak».
Filipa Ramos Lisboan jaio zen. Idazlea eta komisarioa da, eta doktorea Londresko Kingston Unibertsitateko Ikasketa Kritikoen Eskolan. Gaur egun, Oporto hiriko Arte Garaikidearen Saileko zuzendaria da. Bere ikerketa-eremua —bai testu kritiko eta teorikoetan, bai hitzaldi, lantegi eta argitalpenetan— zera da, kulturak ekologiari nola heltzen dion, interes berezia jarriz arte garaikideak naturaren eta teknologiaren arteko harremanak sustatzeko duen moduan.
Atzeratutako hitzaldia
Bestalde, Elvira Dyangani Ose MACBAko zuzendariaren eta Yaiza Hernández ikertzaile eta irakaslearen arteko elkarrizketa, Artium Museoarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik azaroan atzeratu behar izan zena, datorren martxoaren 10ean egingo da.
Artium Museoan ikusgai
Jutta Koether. Black Place. 2023ko apirilaren 16ra arte
Iván Zuluetaren asaldura. 2023ko martxoaren 5era arte
Rafael Lafuente. Konposaketak | Composiciones. 2023ko maiatzaren 14ra arte
Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa Bilduma. 2023ko otsailaren 12ra arte
Aurki
Alejandro Cesarco. Beste adibide berri batzuk. Irekiera: 2023ko martxoaren 24an
Irati Gorostidi-Mirari Echávarri. San Simón 62. Z aretoa. Irekiera: 2023ko martxoaren 24an
Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bilduma. Kronologia berria. Irekiera: 2023ko martxoaren 31n
Testuinguruak bilduma batetik abiatuta: Sahatsa Jauregi. Irekiera: 2023ko martxoaren 31n