Asteartea, 2023(e)ko Urtarrilaren 10a 10:09

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak 2023ko erakusketa-programa aurkeztu du

Artium Museoak bakarkako erakusketak eskainiko dizkie Alejandro Cesarco, Carolina Caycedo, Rafael Lafuente eta Julia Spínola artistei

2023an, museoak erakusketa-proiektuak ekoitziko ditu nazioarteko museo eta erakundeekin lankidetzan, besteak beste, Lisboako Lumiar Cité/Maumaus-ekin, Frantziako CRAC Alsace-rekin, Erresuma Batuko BALTIC Centre for Contemporary Art-ekin eta Institut Valencià d'Art Modern, IVAM-ekin

Bere bildumaren kronologia berri bat aurkeztuko du museoak, 50eko hamarkadan hasiko dena, eta baita duela gutxi bilduman sartu diren Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuona artistekin egindako proiektu espezifikoak ere

Museoaren barruko plazan eta kanpoko espazioetan Esther Ferrer, Alberto Peral, José Ramón Ais eta June Crespo artisten lanak aurkeztuko dira

Z aretoaren erakusketa-programan, Mirari Echávarri eta Irati Gorostidiren, Laida Lertxundiren eta Naomi Rincón Gallardoren ekoizpenak egongo dira

Tabakalerarekin batera ekoitzitako JAI 2023 ikerketa programa ekainean garatuko da Artium Museoan

 

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 2023ko programazioa aurkeztu du, eta horren barruan, besteak beste, Alejandro Cesarco (Montevideo, 1975), Julia Spínola (Madril, 1979), Carolina Caycedo (Londres, 1978) eta Rafael Lafuente (Vitoria-Gasteiz, 1936-2005) artistei eskainitako bakarkako erakusketak. 2023an, gainera, Z aretoari lotutako erakusketa-programari eutsiko zaio. Areto horretan hainbat artista eta zinemagileren proiektuak egongo dira, hala nola ondokoenak: Mirari Echávarri (Iruñea, 1988) eta Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988), Laida Lertxundi (Bilbo, 1981), eta Naomi Rincón Gallardo (Raleigh, 1979). JAI ikasketa-programaren laugarren edizioak eta hainbat performance-praktika esploratzeko programak leku nabarmena izango dute udan. Ondarearen arloan, museoak bere bildumaren irakurketa berria aurkeztuko du, XX. mendeko 50eko hamarkadan hasita. Aldi berean, bere funtsetan berriki sartu diren bi artistaren erakusketak aurkeztuko dira: Sahatsa Jauregi (Salvador de Bahia, 1984) eta Nerea Lekuona (Vitoria-Gasteiz, 1976). Era berean, Jutta Koether artista alemaniarrari (Kolonia, 1958) eta Iván Zulueta zinemagile donostiarrari (Donostia, 1943-2009) eskainitako erakusketak udaberrira arte egongo dira zabalik.

Artium Museoak urtarrilean irekiko du 2023ko lehen erakusketa, Rafael Lafuente artistari eskainitakoa. Enrique Martínez Goikoetxea da Konposaketak/Composiciones erakusketaren komisarioa, eta Lafuentek margolari eta diseinatzaile gisa egindako ekoizpen polifazetikoa errepasatuko du. Museoak bere bilduman dauden artisten ondarearekin lan egiteko duen konpromisoari erantzuten dio proiektu honek, eta museoko Dokumentazio Zentroan sartzen ari diren artxiboko materialak barne hartzen ditu.

Martxoan Alejandro Cesarcoren (Montevideo, 1975) Beste adibide berri batzuk erakusketa inauguratuko da. Erakusketak pedagogiaren rol, ohitura eta forma desberdinak ditu ardatz, eta artistak aldi berean garatzen duen argitalpen-praktikarekin batera aurkeztuko da. Beste adibide berri batzuk Beatriz Herráezek komisariatu du, eta Lisboako Lumiar Cité/Maumaus-ekin elkarlanean ekoitziko da, udazkenean joango den egoitza.

Martxoan, era berean, museoaren bildumaren irakurketa berri bat irekiko da, denbora-esparru zabal batekin. 1950eko hamarkadan modernitatearen narratiba berri gisa sortu ziren praktika artistikoak aztertuko ditu erakusketak; izan ere une horretan, Jorge Oteiza, Mari Paz Jiménez eta Nestor Basterretxea bezalako artistak Latinoamerikatik itzuli eta hainbat enpresa artistiko, politiko eta pedagogikotan murgildu ziren. Ibilbidea gaur egungo garaira iristen da, hasierako narratiba haien irakurketa kritiko garaikideekin. Sergio Rubirak, Thomas Boutoux-ek eta bildumako eta museoko dokumentazio zentroko kontserbatzaileek osatzen dute komisario taldea.

Ekainean, museoak Julia Spínola (Madril, 1979) artistaren bakarkako erakusketa bat inauguratuko du. Bertan, plazeraren nozio konplexua aztertzen duten obra berriak bilduko dira, batez ere artistaren eskulturen bidez. Erakusketa CRAC Alsace-rekin elkarlanean ekoitzi da, eta 2024an aurkeztuko da han; Catalina Lozano eta Elfi Turpin (CRAC Alsace-ko zuzendaria) izan dira komisarioak.

Ekainean orobat, Artium Museoaren espazio publikoaren erabilerak zabaltzeko xedez, Plazaratu proiektuak erakundearen hirira eta gizartera hedatzeko hurbilketa berriak aztertuko ditu. Plazaratu hitzak bi esanahi ditu euskaraz, besteak beste: batetik, plazara ateratzea edo jendeari erakustea, eta, bestetik, argitaratzea. Itziar Okariz (Donostia, 1965) artistarekin elkarlanean komisariatutako programazioari esker, praktika performatzaileek garrantzi handia izango dute museoaren udako programazioan. Plazaratu proiektuaren testuinguru berean, Artium Museoak Esther Ferrerren (Zenbaki Lehenak, 2003, Vitoria-Gasteizko Udalak gordailuan utzia), Alberto Peralen (Time, 2006), José Ramón Aisen (Arbolado para calles, imperios y Paraísos, 2022) eta June Cresporen (Core, 2020) lanak barruko plazako gune publikoan instalatzea aurreikusten du. Udako hilabeteetan, orobat, Artium Museoak JAI - Praktika Artistikoen Institutua aurkeztuko du, Vitoria-Gasteizen eta Donostian egiten den ikasketa-programa, 2023an laugarren edizioa izango duena. JAI metodologia artistikoak trukatzeko eta zabaltzeko gunea da, eta Ibon Aranberrik, Asier Mendizabalek eta Itziar Okariz artistek, Oier Etxeberriak eta Catalina Lozanok osatzen dute batzordea. Programa CICC Tabakalerarekin batera antolatu da.

Land of Friends, Carolina Caycedo artista kolonbiarraren erakusketa, 2023ko urrian inauguratuko da eta ur-gorputzei, horiekin lotutako gizarte-mugimenduei eta borroka feministei buruzko haren ikerketa luzea aurkezten duten lanak bilduko ditu. Erakusketa Catalina Lozanok komisariatu du, eta BALTIC Centre for Contemporary Art-ekin (Erresuma Batua) eta Institut Valencià d'Art Modern-ekin (IVAM) elkarlanean antolatu da.

Artium Museoak 2023an jarraipena emango dio Z aretoari, mugimenduan dagoen irudiaren praktikei eskainitako programazioari, Mirari Echávarri (Iruñea, 1988) eta Irati Gorostidi (Eguesibar, 1988), Laida Lertxundi (Bilbao, 1981), eta Naomi Rincón Gallardoren filmen aurkezpenarekin.

Bestalde, museoak bere bilduman berriki sartu diren artisten praktikarekin duen konpromisoa berretsiz, Sahatsa Jauregi eta Nerea Lekuonaren erakusketak aurkeztuko ditu.

Azkenik, Artium Museoak 2022ko urrian inauguratu zituen bi erakusketak 2023ko udaberrira arte egongo dira zabalik. Alde batetik, Black Place, Jutta Koetherren hainbat margolan beltz biltzen dituena. Bertan, formatu handiko mihiseetatik hasi —non artistak Botticelli edo Rubensen margolanak bere egiten dituen—, eta formatu ertain eta txikiko lanetaraino —non Koetherrek, DIY eta punk metodologien eraginez, pinturaren mugak gainditzen dituen— daude ikusgai.

Bestetik, Iván Zuluetaren asaldura erakusketa martxoaren 5era arte egongo da zabalik. Xabier Arakistainek komisariatutako proiektua da, Iván Zuluetaren 70eko hamarkadako filmografia esperimentalaren eta artista grafiko gisa egindako lanaren izenburuen sorta batetik, harremanak izan zituen aktoreei, zinemagileei eta musikariei egindako elkarrizketetatik, eta hainbat motatako dokumentu-materialetatik abiatuta.

Irudiak eskatu

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand