Ostirala, 2022(e)ko Abenduaren 30a 16:03

Ehuneko 40an handitu da Artium Museoaren bisitari kopurua eta pandemiaren aurreko mailetara hurbildu da

Nabarmentzekoak dira Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko bisitarien gorakada, gazteen presentzia eta 65 urtetik gorakoen itzulera

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 70.000 bisitari baino gehiagorekin amaituko du 2022. urtea, hau da, aurreko ekitaldian baino ehuneko 40 gehiagorekin. Museoa pandemiaren aurreko mailetara hurbiltzen ari da pixkanaka, eta 2023an maila hori behin betiko lortzea espero du. Oraindik ere ikusleek espazio itxien aurrean duten erresistentzia nabari den ekitaldi batean, erakusketetara egindako bisitetan eta eskoletako jarduera-programetan izandako parte-hartzean susperraldi iraunkorra ikusten da. Zentzu horretan, esanguratsua da Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko bisitarien hazkundea, bai eta 24 urtetik beherakoen garrantzia ere. Aipatzekoa da, gainera, Erlea Maneros Zabalaren The Voice of The Valley eta Nestor Sanmiguel Diesten La peripecia del autómata erakusketek ArtForum nazioarteko aldizkari ospetsuaren arreta merezi izan dutela, Maneros Zabalari egindako elkarrizketa batekin eta Sanmiguel Diesten erakusketaren aipamen zabal batekin. Gainera, azken hau urteko 10 erakusketa onenen artean izendatu du El Cultural aldizkariak.

Ikuspegi orokor horren barruan, estatistikek erakusten dute berreskuratu egin dela Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko bisitarien kopurua: kopuru osoaren % 58 izan da, 2019koaren antzekoa. Zehazki, adierazgarria da atzerritik etorritako bisitarien presentzia bikoiztu egin dela 2021koaren aldean, kopuru osoaren % 24ra iritsiz. Frantzia da bisita horien jatorrizko herrialde nagusia, eta, ondoren, Britainia Handia. Bestalde, bisitarien % 34 beste autonomia-erkidego batzuetatik etorri da, bereziki Madrildik eta Kataluniatik.

Euskal bisitariak 2022ko bisita guztien % 42 izan dira. Zehazki, arabarren bisitak kopuru osoaren % 29 izan dira, eta Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak, berriz, % 13. Oro har, profil horiek erakusten dute berreskuratu egin direla 2020. urtearen aurreko joerak, baina atzerritik etorritako bisitek gero eta garrantzi handiagoa dutela.

Adinaren eta generoaren araberako banaketari dagokionez, Museoko bisitari gehienak emakumeak dira (% 56, gizonak % 44) eta 44 urtetik beherakoak (% 49, 65 urterainokoak % 37). Era berean, esanguratsua da bisitarien ia laurdenak 24 urtetik beherakoak direla. Pandemiaren ondorioz ia desagertuta zeuden 65 urtetik gorako bisitak ere berreskuratu dira, kopuru osoaren % 14raino.

Interneten esparruari dagokionez, Artium Museoaren webguneek 360.000 bisita izan dituzte 2022an, eta 740.000 orrialde ikusi ziren guztira. Aipatzekoa da, halaber, Museoak Youtubeko eta Vimeoko kanaletan argitaratutako bideoek 114.000 erreprodukzio baino gehiago izan dituztela 2022an, 8.000 ordu baino gehiagoko bistaratzearekin. Sare sozialetako presentziari dagokionez, museoak 7.463 jarraitzaile ditu Instagramen, 28.900 Facebooken eta 17.900 Twitterren.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand