Azteazkena, 2022(e)ko Azaroaren 16a 09:51

Esther Pérez de Eulate arabar zuzendariaren ‘Poética pública. Plaza’ pelikula Artium Museoan, Filmategiaren Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren barruan

Pérez de Eulatek dokumentalaren proiekzioa aurkeztuko du eta ondoren museoko Emanaldi aretoan egingo den eztabaidan parte hartuko du

Madrilgo Reina Sofia Museoko plazan egunero gertatzen zenaren zazpi urteko grabaketak biltzen ditu filmak leiho batetik ikusita

Euskadiko Filmategiaren udazkeneko zikloak euskal emakume zuzendarien lanak eta talentua nabarmendu nahi ditu

 

Esther Pérez de Eulate zuzendariak Poética Pública PLAZA film dokumentalaren proiekzioa aurkeztuko du bihar, osteguna, azaroak 17, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko, Artium Museoko Emanaldi aretoan, Euskadiko Filmategiaren Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren barruan. Dokumentala egunerokotasunaren poetikaren erakusgarri da, egileak zazpi urtez toki bakar batean, Madrilgo Reina Sofia Museoko plazan egindako grabazioen bidez. Proiekzioaren ondoren, Esther Pérez de Eulatek eztabaida batean parte hartuko du ikusleekin. Filmategiaren udazkeneko zikloak euskal emakume zuzendarien lanak eta talentua nabarmendu nahi ditu. Datorren astean Nuria Ruiz Cabestanyren Toda la vida del mundo proiektatuko da.

Esther López de Eulatek (Vitoria-Gasteiz, 1964) kazetaritza ikasi zuen UPV/EHUn, eta irudia, Vitoria-Gasteizko Irudi eta Teknologia Berrien Zentroan. Ikastetxe horretan ikasketaburua izan zen 90eko hamarkadako lehen urteetan. Kazetari, zuzendari, kameralari eta editore gisa lan egin du, eta emakume etorkinekin lehen kulturarteko integrazioko bideo-tailerra egin zuen Madrilen (Alcobendas 2005). Hainbat film labur egin ditu, esate baterako, Gracias por protegerme (2021), Córdobako (Argentina) Free Film Festival Pro21n estreinatua, eta baita bideo-sorkuntzako lanak ere, hala nola Cotas de infelicidad (2014), Now&After jaialdirako hautatua. Excluidas del paraíso (2016) film luzea nazioarteko hainbat jaialditan aurkeztu dute, bost kontinenteetako 35 herrialdetan baino gehiagotan.

Honela definitzen du López de Eulatek Poética Pública PLAZA dokumentala: «kaleko bizitzaren deskribapena, egunerokotasunaren poesia berreskuratzen duena». Dokumentala espazio bakar batean gertatzen da, Madrilgo Reina Sofia Museoko plazan, eta han agertzen diren eszenak, pertsonaia anonimoen istorio txikiak, zazpi urtetan zehar filmatu ziren leiho batetik. Agertoki bakar horretatik igarotzen dira gizarte-mugimenduak, aldarrikapen politikoak, bizitza arrunta, performanceak, nazioarteko gertaerak, azken modak, intimitate handiko uneak, ospakizunak, bizitzako etapak, museoaren beraren eraldaketa, tirabira pertsonalak eta aisialdiko uneak.

Filmak jaialdi askotan parte hartu du, hona batzuk: Atlantidoc (Uruguai); Split Film Festival, International Festival of New Film (Kroazia); Istanbul International 1001 Documentary Film Festival; Vallecaseko Kulturarteko Jardunaldiak; Mujeres en dirección, Cuencako 6. Zinema Astea Complutense Unibertsitateko (Madril) Mintegi Poetiko Publikoak; Dona i Cinema Nazioarteko Jaialdia; edo La Mujer en Escena (Malaga) Zinema Erakustaldia.

Euskal emakume zinemagileak II zikloa
Poética Pública PLAZA. Esther Pérez de Eulate, 2010, 70 min. Dialogorik gabea
Azaroaren 17an, 19:00etan
Zuzendariak egingo du proiekzioaren sarrera eta filmaren ondorengo solasaldian hartuko du parte.
Antolatzailea: Euskadiko Filmategia

Artium Museoko erakusketak
Jutta Koether. Black Place. 2022ko urriaren 28tik 2023ko apirilaren 16ra
Iván Zuluetaren asaldura. 2023ko martxoaren 5era arte
Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa Bilduma
Bilduma, ikusgai. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa Bilduma
Etorkizuna proiektatuz (Magnet-Erakarri proiektua). 2023ko urtarrilaren 9ra

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand