Asteartea, 2022(e)ko Azaroaren 08a 11:37

Artxibo eta ondare-bilduma berezien kudeaketa aztertuko dute Dokumentazio-Zentroen hamaikagarren topaketetan

Datorren ostegunean hasiko da Artium Museoak antolatutako arte garaikideko dokumentazioko adituen bi urteko hitzordua

Besteak beste, erakunde hauetako ordezkariak egongo dira: Getty Ikerketa Institutua, Reina Sofía Museoa, Prado Museoa, Espainiako Liburutegi Nazionala eta Kataluniako Arte Museo Nazionala

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Arte Garaikidearen Dokumentazio Zentroen hamaikagarren Topaketak antolatu ditu azaroaren 10ean eta 11n, ostegunean eta ostiralean hurrenez hurren: hitzordu hori bi urtean behin egiten da, eta esperientziak eta ezagutzak trukatzeko esparru bihurtu da artxiboen eta ondare-bildumen kudeaketan dabiltzan erakunde zein langileentzat. Topaketa hauetan hainbat aditu bilduko dira, besteak beste erakunde hauetako kideak: Getty Ikerketa Institutua, Reina Sofía Museoa, Kataluniako Arte Museo Nazionala, Prado Museoa eta Chillida Leku. Artium Museoari dagokionez, Elena Roseras da arlo horren arduraduna, eta berak azalduko du zer lantzen ari diren Euskal Emakume Artisten Dokumentazio Zentroan, artxiboetan eta dokumentazio-funtsetan.

Arte Garaikidearen Dokumentazio Zentroen Topaketak 2002an sortu ziren, Artium Museoaren eskutik, honako helburu hauekin: informazioaren arloko langileek esperientziak trukatzea, kudeaketa-estrategia berrien inguruan gogoeta egitea, eztabaida hauspotzea eta ikerketarako lankidetza bultzatzea. Edizio honetan hainbat gai landu nahi dira, hala nola proiektuen garapena ondare-zentroetan, artxibo eta bilduma berezien kudeaketa, informaziorako sarbide osoa eta genero-ikuspegia dokumentazio-funtsetan.

Hainbat hizlarik parte hartuko dute topaketetan: Andra Darlington, Getty Ikerketa Institutua (Kalifornia); Alicia Pastrana, Espainiako Liburutegi Nazionala; Laura Pelayo, Reina Sofía Museoa; Nausica Sánchez eta Ixiar Iturzaeta, Chillida Leku; José Antonio Sáinz Varela, Arabako Foru Aldundiko Artxibo eta Dokumentu Kudeaketa eta Silvia Rodríguez eta Irene Cardaba, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailua Zerbitzua.

Artium Museoaren aldetik, Elena Roserasek, Liburutegiko eta Dokumentazio Zentroko arduradunak, Euskal Emakume Artisten Ikerketa eta Dokumentazio Zentroan zer helburu eta baliabide lantzen ari diren azalduko du –2021ean sortu zen zentroa–, eta, halaber, artxiboen eta dokumentazio-funtsen inguruan azken urteotan garatu den lanaren berri emango du.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand