Ostirala, 14 Urria 2022 08:50

Artium Museoak 'Iván Zuluetaren asaldura' erakusketa aurkeztu du

'Arrebato' Fotograma de 'Arrebato', Iván Zulueta, 1979

Erakusketa Iván Zulueta euskal zinemagilearen pertsonari eta lanari buruzko hurbilketa bat da, eta zinemagileak berak irudiaren inguruan esperimentatuz sortu zuen unibertsoa du aztergai

Erakusketak Zuluetaren filmografiaren izenburu nagusiak biltzen ditu, baina lan horren alderdi ezezagunenean jartzen du bereziki arreta. Gainera, Zuluetak diseinu grafikoaren alorrean egindako lanaren adibide batzuk ere ikusgai izango dira: argazkiak eta marrazkiak, besteak beste

Zuluetaren erretratu hau osatzeko, haren produkzioa hobeto ulertzen lagun dezaketen hainbat pertsona elkarrizketatu ditugu proiektuaren barruan: Pedro Almodóvar, Alaska, Jaime Chávarri, Cecilia Roth, Virgina Montenegro eta Jaime Stinus

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Iván Zuluetaren asaldura erakusketa aurkezten du (A1 eta A02 aretoak, 2023ko martxoaren 5era arte). Euskal zinemagilearen filmografiaren izenburu nagusiekin batera (Arrebato, besteak beste), Zuluetak diseinatzaile grafiko gisa egindako lanen adibide batzuk ere erakusten dira Xabier Arakistain komisario duen erakusketa honetan: filmetako kartelak, disko-azalak, argazkiak, argitalpenak, marrazkiak eta abar. Gainera, proiektu honen ikerketaren barruan, erakusketaren komisarioak hainbat pertsona elkarrizketatu ditu, funtsezkoak Iván Zuluetaren praktikara eta unibertso sortzailera hurbiltzeko eta artistak irudiaren inguruan egin duen etengabeko esperimentazio-lana hobeto ezagutzeko. Elkarrizketatuen artean badira, besteak beste, zinema-zuzendariak (Pedro Almodóvar, Jaime Chávarri) musikariak (Jaime Stinus, Alaska), antzezleak (Cecilia Roth), lagunak eta senideak (Virginia Montenegro, Carlos Astirrága, Jaime Zulueta), bai eta Arrebato filmeko jantzien eta makillajearen arduraduna ere, José Alberto Urbierta.

Irudi eskaera

Iván Zulueta (Donostia, 1943-2009) obra zinematografiko sendo baten egilea da, sendoa eta eragin handikoa ondorengo belaunaldietako errealizadore askorengan. New Yorken egonaldi labur bat egin ondoren, non pop eta underground giroak ezagutu zituen eta harremanetan jarri zen Nouvelle Vague delakoarekin eta Zinema Amerikar Berriarekin, 1964an Madrilera itzuli zen, Zinematografia Eskolan ikasteko. Bere filmografia esperimentala dela eta, ausarta eta zirkuitu komertzialetatik aldendua beti, zinemaren historiako erreferentzia garrantzitsua izan da eta da oraindik ere Zulueta. Haren ibilbideak 1980an jo zuen gaina, Arrebato filmaren estreinaldiarekin.

Artium Museoak Iván Zuluetari eskaintzen dion erakusketa honen muina 70eko hamarkadako filmek osatuta dago: 1971eko Kinkón hartatik hasita 1979ko Arrebato aipatu horretaraino. Hain zuzen, zinemagile donostiarrak hamar urteko bitarte horretan egin zituen film laburretan zentratzen da bereziki erakusketa: hori da Zuluetaren produkzio ezezagunena, baina baita zinemagileak irudiaren hizkuntzaren inguruan egin zuen berrikuntza eta ikerketa estetikoko lan handia hobekien erakusten duena ere. Hark zuzendutako Kinkón (1971), Frank Stein (1972), Mi ego está en babia (1975), El mensaje es facial (1976) edo Leo es pardo (1976) filmek ─Pedro Almodóvar zinema-zuzendariaren arabera “erabateko obra, ohiz kanpokoa eta bikaina” duen Arrebatorekin batera─ agerian uzten dute, Mantxako zuzendariak berak dioen bezala, “irudirako aparteko talentua” zuela donostiarrak.

Iván Zuluetaren asaldura erakusketak, bestalde, euskal zinemagilearekin harreman estua izan zuten zenbait pertsonarekin egindako elkarrizketak aurkezten ditu lehen aldiz. Horien artean badira zuzendariak, hala nola aipatu Pedro Almodóvar ─Estatu Batuetako poparekiko eta, bereziki, Warholen unibertsoarekiko lilura partekatzen zuten biek─ eta Jaime Chávarri ─Zinema Eskolan sartu zuen─, musikariak (Alaska, Jaime Stinus), antzezleak (Cecilia Roth) eta adiskide eta senideak (Jaime Zulueta, Virginia Montenegro, José Alberto Urbieta eta Carlos Astiárraga).

Erakusketak toki zabala eskaintzen dio Zuluetak marrazkilari gisa egin zuen lanari. Haren obra-sorta adierazgarri bat dago ikusgai, besteak beste New Yorkeko egonaldian (1964) egindako marrazkiak. Diseinatzaile grafiko gisa egin zuen lanak ere badauka bere lekua. Azken alor horri dagokionez, aipagarriak dira Zuluetak hainbat filmetarako egindako kartelak, hala nola, honako hauetakoak: Furtivos (José Luis Borau, 1975), Camada negra eta El corazón del bosque (Manuel Gutiérrez Aragón, 1977 eta 1978), Viridiana eta Simón del desierto (Juan Luis Buñuel, 1977ko eta 1978ko berrestreinaldirako), Laberinto de pasiones, Entre tinieblas eta Qué he hecho yo para merecer esto (Pedro Almodóvar, 1982, 1983 eta 1984). Disko-azaletarako egindako diseinu batzuk ere badira ikusgai, hala nola Brakaman, La Orquesta Mondragón, Vainica Doble edo Negativo taldeentzat egindakoak.

Erakusketan, bestelako dokumentu batzuk ere jarri dira ikusgai: argitalpenak, argazkiak, publizitate-gidak eta 1979an Zuluetak Euskadi Sioux fanzinerako marraztu zuen komikia, besteak beste.

Iván Zuluetari telebistan egindako elkarrizketak ere aurkezten dira, bai eta hari buruzko bi dokumental ere: Augusto Martínez Torresen La Décadence eta Andrés Duqueren Iván Z

 

Erakusketak Artium Museoan
Iván Zuluetaren asaldura. Hasta el 5 de marzo de 2023
Néstor Sanmiguel Diest. La peripecia del autómata. Hasta el 1 de noviembre de 2022
Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977 - 2002 aldian. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Bilduma. 2023ko urtarrilaren 8ra arte
Bilduma, ikusgai. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Bilduma. 2022ko abenduaren 31ra arte

Aurki
Jutta Koether. Black Place. 2022ko urriaren 28tik 2023ko apirilaren 16ra

 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand