Asteartea, 2022(e)ko Irailaren 20a 10:47

NÍTIDO, edo nola erakarri publiko gaztea museora

Artium Museoak topaketa bat antolatu du publiko horien eta arte-zentroen artean harreman iraunkorra ezartzeko moduak aztertzeko

Zikloaren lehen jardunaldian Desmusea eta La Liminal taldeak eta Xirou Xiao artista egongo dira

Sara Berasaluce da NÍTIDOren komisarioa, Artium Museoko Hezkuntza taldearekin elkarlanean

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, NÍTIDO zikloaren lehen topaketa antolatu du, museoetan gazteen parte hartzea susta dezaketen ekintzak identifikatzeko programa. Zikloa ostiral honetan hasiko da, irailaren 23an, Desmusea eta La Liminal kultur bitartekaritzako kolektiboen presentziarekin eta Xirou Xiao artistaren performance batekin. Sara Berasaluce da komisarioa, Artium Museoko Hezkuntza taldearekin koordinatuta. Sarrera doakoa da, baina tokia, mugatua.

 

NÍTIDO gazte jendearen parte-hartzea areagotzeko bideak identifikatzeko helburua duen programa da. NÍTIDO ezagutzak partekatu eta museoko programak partekatzeko moduak elkarrekin aztertuko dituzten bitartekotza-eragileen arteko noizbehinkako hitzorduetan zehar garatuko da. Topaketei esker, gainera, museoaren, ehun artistikoaren eta hurbileko komunitatearen arteko loturak sendotu ahal izango dira.

Sara Berasalucek eta Artium Museoko Hezkuntza arduradun Charo Garaigortak topaketa aurkeztu ondoren, lehenengo hitzaldia/ekintza Desmuseak egingo du, Clara Harguindeyk eta Daniel Pecharrománek osatutako kolektibo artistiko eta kultur bitartekaritza digitalekoak. 2018. urteaz geroztik, erakunde kulturalen eta publikoen arteko bitartekaritza-proiektuak garatzen dituzte, teknologiaren eta pentsamendu digitalaren bidez. Haien ibilbidearen zati bat publiko gazteentzako bitartekaritzarekin lotuta egon da, eta equipo1517 gazteen komunitatea koordinatu dute Reina Sofia Museoan, besteak beste. Museoak gazteentzako espazio ireki eta parte-hartzaileak bihurtzeko moduari buruz arituko da Desmusea, baita teknologiak helburu horretan lagun dezakeen edo oztopo den ere.

Desmusearen ondoren, Yolanda Riquelmek eta Beatriz Martinsek parte hartuko dute; izan ere, haiek osatzen dute La Liminal bitartekaritza-taldea. La Liminalek hiriari buruz ikertzen du, eta hiri-ibilbidea erabiltzen du lan-tresna nagusi gisa, topaketa eta trukerako testuinguruak sortzeko, hiri-paisaia eta haren istorioak taldean aztertu ahal izateko, hainbat forma hartzen dituzten proposamenekin. ¿Cómo perseguir a un topo? (Nola jazarri sator bati?) izeneko ekintzan, hiri orok bere baitan hiri kopuru amaigabea duela erakutsiko dute, esploratzen den prismaren arabera agertuz doazenak. Espazio publikora hurbiltzeko beste modu batzuk proposatuko dituzte, hura osatzen duten historiak aztertuz eta zalantzan jarriz. Historia horietako batzuk ikusgarriak dira eta beste batzuk lurpean geratzen dira, pertsona bakoitzari dagozkion beste istorio batzuk idatzi ahal izateko.

Arratsaldeko saioari hasiera emateko, Magnet-Erakarri proiektua aurkeztuko da, eta Barrutia Ikastolako Marimar Buenok eta Artium Museoko Hezkuntza Saileko Charo Garaigortak Etorkizuna proiektatuz erakusketa bisitatuko dute. Erakusketa zentro ldukatiboaren eta museoaren arteko lankidetza-proiektu baten azterketa gisa aurkezten da, epe ertain eta luzera berrikuntza- eta hobekuntza-programa bat garatzeko.

Azkenik, jardunaldia amaitzeko, Xirou Xiao artistak esku hartuko du. Xirou Xiao kulturarteko bitartekaria eta kultur kudeatzailea da, eta Cangrejo Pro Performance Konpainiaren sortzaile eta zuzendaria. Performancea, kulturen arteko bitartekotza eta komunitate gazte eta arrazializatua izenburupean, Xirou Xiaok Gasteizko kolektibo arrazializatuei eta etorkinen komunitateari buruzko tokiko eta gizarteko errealitatearen ikerketa bat partekatuko du, eta performanceari, hezkuntzari eta kulturarteko bitartekaritzari buruz museoekin eta arte-zentroekin egindako praktiken adibide batzuk aurkeztuko ditu. Amaitzeko, arrazakeriaren aurkako identitateari buruz esperimentatzeko ariketa batzuk proposatuko ditu, tresna performatiboen bidez.

Informazio gehiago jardueraren inguruan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand