Astelehena, 2022(e)ko Irailaren 12a 10:21

Nuria Enguita IVAM-eko zuzendariaren hitzaldia Artium Museoan

Museoa, arte ederren eta masa-hedabideen artean hitzaldian, arte garaikideko museoen egungo eta etorkizuneko eztabaidak eta helburuak jorratuko ditu Enguitak.

Artium Museoak bere 20. urteurrena dela eta antolatu duen Museoaren etorkizunak zikloaren barruan dago hitzaldia

Nuria Enguita Institut Valencià d'Art Modern-en (IVAM) zuzendariak parte hartuko du datorren asteazkenean, irailak 14, 18:30etik aurrera, Artium Museoak bere 20. urteurrena dela eta antolatutako Museoaren etorkizunak hitzaldi-zikloan. Enguitak ibilbide luzea egin du kontserbatzaile, komisario, editore eta kudeatzaile gisa, eta arte garaikideko museoek gaur egungo gizartean dituzten eztabaidak eta helburuak jorratuko ditu, Museoa arte ederren eta masa-hedabideen artean izeneko hitzaldian. Hitzaldi-programa honekin, Artium Museoak museoen etorkizuneko ikuspegiei buruzko hausnarketa-foro bat ireki du, arte garaikidearen esparruko eragile nabarmenen parte-hartzearekin.

Irudiak 

 

Museoa arte ederren eta masa-hedabideen artean hitzaldian, Nuria Enguitak museoek gaur egun eta etorkizunearako dituzten aukerak aztertuko ditu, aldaketa handi eta azkarren mende dagoen gizarte batean. IVAMen zuzendariak mahai gainean jarriko ditu gaur egun arte garaikideko museoek eztabaidatzen dituzten hainbat gai: berrikusi beharreko artearen historia anitzak, eskakizun dekoloniala, eta eginkizun sozial eta sistemiko zehatz bati eusteko beharra. Enguitak museoaz ere hitz egingo du, "arteen ezkutuko potentzialtasunak eta berrikuspenak egiteko leku gisa, herritarren arteko elkarrizketaren eragile gisa eta artea, gizarte-mugimenduak eta akademia elkartzeko tresna pribilegiatu gisa".

Nuria Enguita IVAM- Institut Valencià d'Art Modern-en zuzendaria da 2020. urteaz geroztik, eta kontserbatzailea ere izan zen 1991tik 1998ra. 2015 eta 2020 bitartean, Bombas Gens arte zentroaren zuzendaria izan zen, Valentzian, eta, 1998 eta 2008 bitartean, Antoni Tàpies Fundazioaren zuzendari artistikoa izan zen Bartzelonan. Concreta aldizkariaren editorea izan da (2012-2020). Enguita UNIA Andaluziako Nazioarteko Unibertsitateko (2000 eta 2014) arteypensamiento programaren zuzendaritza-taldeko kidea izan zen, eta Afterall Journal aldizkariaren editore-kidea 2007tik 2014ra. 2014an São Pauloko 31. Biurtekoan, 2011n Medellingo Nazioarteko Topaketan eta 2002an Frankfurteko Manifesta 4an komisario-kide izan zen.

Bere 20. urteurrenaren ospakizunen barruan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, artearen arloko eragileekin topaketa batzuk programatu ditu, museoen etorkizuneko ikuspegiei, haien gizarte- eta ondare-erantzukizunari eta ezagutzaren sorkuntzari buruzko hainbat ikuspegi emateko. Irailaren 14an, asteazkena, Nuria Enguitaren hitzaldia saileko hirugarrena izango da, Juan Luis Moraza artista, komisario eta Vigoko Unibertsitateko irakasleak eta Clémentine Deliss Cambridgeko Unibertsitateko irakasleak eskainitakoen ondoren. Azaroan, MACBAko zuzendari Elvira Dyangani Ose eta ikertzaile eta irakasle Yaiza Hernandezen arteko elkarrizketa izango da, eta abenduan Asier Mendizabal artista eta irakaslearen hitzaldia.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand