Azteazkena, 2022(e)ko Irailaren 07a 13:39

Artium Museoak 2022-2023 ikasturterako hezkuntza-programa aurkeztu du

Artium Museoaren hezkuntza-proiektuak bereziki bilatzen du eskola-curriculumak eta askotariko publikoen esperientzia aberastea

Eskolarako programak eta irakasleentzako programak, Haur Hezkuntzatik unibertsitateraino: museoaren eta ikastetxeen arteko aliantza

Artium Museoak eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen ditu, prestakuntza-prozesuaren hedapen ludiko gisa

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, dagoeneko abian jarri du 2022-2023 ikasturtean eskolarako programetan, irakasleen prestakuntzakoetan eta eskolaz kanpoko jardueren programetan izena emateko prozesua. Programa horiek urrian hasiko dira, eta museoaren hezkuntza-proiektuaren funtsezko osagaia dira; hain zuzen ere, museoa ulerturik dibertsitatea oinarri duen eskola gisa, bere publikoen esperientzia aberastea eta eskola-curriculumak hedatzea bilatzen du proiektuak. Eskolaz kanpoko jarduerak, familientzako lantegiak, lorategiko jarduerak, gizarte-programak eta bisitarien arreta dira museoaren hezkuntza-proiektuaren gainerako ardatzak. Programa horietan parte hartzeko interesa duenak Artium Museoaren webgunean aurkituko du informazio xeheagoa eta hantxe eman ahal izango du izena.

2022-2023 ikasturtea hasi da, eta dagoeneko ireki da Artium Museoaren eskolarako programetan izena emateko prozesua. Programa horiek dira museoaren hezkuntza-proiektuaren osagai nagusietakoa, eta museoa eskola gisa ulertzea dute bereizgarri. Hain zuzen ere, museoa maila, esparru eta bizitzako une guztietan prestakuntza-prozesuak zabaltzea ahalbidetzen duen tresna gisa ulertzen du hezkuntza-proiektuak, eta artearen esperientzia anitz eta integratzailea bilatzen du hainbat tresna baliatuz: hala, hainbat programa antolatzen dira museoaren orotariko publikoekin garatzeko, oro har, eta hezkuntza-komunitateari begira, zehazki.

Artium Museoak eskola-komunitatearentzat antolatzen dituen programek hezkuntza maila guztiei begirako jarduera-eskaintza zabala biltzen dute: Lehen Hezkuntza, DBH, lanbide-heziketa eta batxilergoa, eta unibertsitatea. Proposamen horietako bakoitzak (Artium ibiltari; Altxorra lantegia; Foruen Plazatik Artium Museora ibilbidea; Artea, filosofia eta bizitza solasaldi-bisita; Zinema eta arte garaikidea proiekzioak, etab.) eskola-curriculumeko edukiak artearen bidez lantzea bilatzen du, betiere talde bakoitzari egokitutako elkarrizketa-gune modura jardunez.

Gainera, irakasleentzako prestakuntza-saioak antolatzen ditu, arte garaikidea baliabide pedagogiko berritzaile gisa hartu eta irakasleei hartara hurbiltzeko gakoak eskaintzeko.

Publiko guztientzako programak

Era berean, Artium Museoak zabalik du museoko eskolaz kanpoko jarduerak biltzen dituen Extra-Loturak proposamenean izena emateko epea. Astean bi arratsaldetan lantegiak egingo dira, museoa ikertzeko eta askotariko material, teknika eta diziplinekin esperimentatzeko.

Horrez gainera, museoak asteburuko lantegien eskaintzari eutsiko dio: Mini Artium (3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat) eta Good Afternoon, Artium! (6 eta 12 urte bitartekoentzat). Nola bataren hala bestearen helburua da artera hurbiltzea, jolasaren eta esperimentazioaren bidez, eta bigarren lantegiak aukera ematen du, gainera, ingelesa praktikatzeko.

LORATEGItik bisita gidatuetan bisitariek jasotzen duten arreta espezifikoaz gainera, museoak zenbait talderekin lankidetzan dihardu haien gizarte-programetan, bai bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonekin, bai beste era bateko gaitasunak dituztenekin. Jarduera horietako asko museoko lorategian egiten dira: Anglo auzoko txoko berde berezi bat, zeina baita, aldi berean, ondare naturalaren eta artistikoaren arteko lotura egiteko eta ikaskuntzarako baliabide aparta.

Etorkizuna proiektatuz erakusketa

Ikasturtearen hasierarekin bat etorrita, Etorkizuna proiektatuz erakusketa antolatu du Artium Museoak (A4 Aretoa, irailaren 8tik urtarrilaren 9ra), Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak bultzatutako Magnet-Erakarri programaren barruan Museoak eta Barrutia Ikastolak bideratutako lankidetza zabalaren zati bat erakusteko. Hain zuzen ere, erakusketa horretan ikusgai jarriko dira Barrutia Ikastolako ikasleek 1:100 eta 1:20 eskalan sortutako bi maketa, baita haiek eraikitzeko prozesuei buruzko dokumentazio bisuala ere. Maketak, kode bisual gisa, aukera ematen digu itxura fisikotik haratago jotzeko eta aurretiko nahiz etorkizuneko beste leku bat irudikatzeko.

Magnet-Erakarri proiektua garatu ahala, Barrutia Ikastolak eta Artium Museoak ikaskuntza-unea ezagutaraztea eta une horretaz gozatzea ahalbidetu duten esperientziak eraiki dituzte azken hiru urteetan, osagarri berri bat gehituz hezkuntzari: plazera. Izan ere, gozamena lanean oparotasun-iturri den elementu gisa aurkezten duen ideia hori presente egon da guraso, irakasle, ikasle eta museoko hezitzaileen taldeekin eraiki ditugun konpromiso pedagogiko guztietan.

Prentsa-oharra jaitsi (pdf) Irudiak

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand