Osteguna, 2022(e)ko Uztailaren 21a 10:23

Artium Museoak Edurne Rubioren 'Clamor' erakusketa aurkeztu du, Z aretoa programaren barruan

Clamor, Rubioren azken filma, heriotzari buruzko lana da, eta «baztertuen» ehorzlekuak ditu abiapuntu: suizidenak, errepresaliatuenak, ateoenak… Edurne Rubio artista bisualaren jarduerak barne hartzen ditu performanceak, filmak, soinu-proiektu eta espazio publikoko esku-hartzeak. Erakusketarako orobat bildu dira filmean agertzen diren zenbait tokirekin loturiko artxiboko irudiak eta testuak

Artium Museoak, Arte Garaikideko Euskal Herriko Museoak Edurne Rubio artistaren Clamor proiektua aurkeztu du (Z aretoan, 2022ko irailaren 18ra arte). Museoak artistaren azken filma proiektatuko du; lan horretan, heriotzaren gaia hartu du Rubiok ardatz, eta hiri eta herrien trama urbanotik kanpo kokatutako ehorzlekuetara egindako bisita abiapuntu; hilerri katolikoetatik aparteko gune horietan hartu zuten atseden pertsona anonimo, ateo, suizida edo errepresaliatuen hilotzek. Erakusketan ikusgai da, halaber, gune horietako batzuei buruzko argazki dokumentalen eta testuan sorta hautatu bat. Clamor proiektua Mondragonekin lankidetzan ekoitzia da. Programaren gaur egungo zikloak Garbiñe Ortega du komisario. Bestalde, Artium Museoak argitalpen bat plazaratu du, Andrea Cinel arte-komisarioaren testua duena.

Orain dela ez askora arte, suizidak eta bataiatu aurretik hildako haurrak ez zituzten onartzen hilerri katolikoetan. Senideek, etsipenak jota, haien gorpuentzako ehorzleku duina bila jardun behar izaten zuten. Haien ehorzlekuek mendia eta haizea partekatzen dituzte fusilatuekin, ateoekin, oinezkoekin, protestanteekin… Hilobi inprobisatuak dira, antzinagoko nekropolien tankera dutenak, hiririk ez zegoen garaiko hilobien tankerakoak. Kanpaiek ez zuten sekula jo «besteentzat» eta, hala ere, hilerritik kanpo, erakundetik kanpo, paisaia bihurtzen da heriotza.

Edurne Rubioren (Burgos, 1974) Clamor film berriak ehorzleku horietako batzuk bisitatzen ditu artistaren sorterriko aldirietan; eremu horietan «aurkitu dute (…) atsedenlekua apostatek, ernegatuak eta ahantziek». Andrea Cinelek Artium Museoko erakusketarako idatzitako testuan dioenez, «baztertuentzat eraikitako leku horiek ohoratzen dituztenen babesleku dira, ez daudenak omentzeko lekuak, haien oroitzapena eta presentzia landuz; hemen jarraitzen dutenek beren burua aurki dezaketen lekuak. (…) Leku horietan harrigarriena arkitektura-keinu txikien grazia da, tokian egindako marka geometriko eta errespetuzkoak, bere kabuz mintzo den eta denbora gainditzen duen edertasuna».

Clamor proiektuak, filmaren proiekzioaz gainera, Edurne Rubiok bisitatutako tokietako batzuen zazpi argazki biltzen ditu, haietako bakoitzari buruzko kontakizun labur banarekin batera:  Mozoncillo de Juarrosko protestante eta oinezkoentzako beste hilerria, Gerra Zibilaren hasieran Orbaneja del Castillon fusilatutako hiru gazteren hilobia, Rio Ubierna merindadeko Burdin Aroko nekropolia, Esteparreko hobi komuna, Villaespasako ateoen eta bataiatu gabekoen hilerria…

Edurne Rubio
Bruselan bizi den artista bisuala da. Haren praktika testuinguru eta formatu desberdinen artean mugitzen da: performanceak, filmak, soinu-proiektuak eta espazio publikoko esku-hartzeak. Edurne Rubiok ikusten dugunaren eta entzuten dugunaren artean tentsioa eragiten duten egoerak sortzen ditu, orainaren, memoriaren eta irudimenaren artean etengabe bidaiatuz. Antropologiatik gertu dagoen lan batekin, narratiba kolektiboak eraikitzen ditu istorio indibidualetatik abiatuta, eta afektuen mende dagoen eta etengabe eraldatzen ari den Historiaren irakurketa subjektiboa proposatzen du.

Haren lanak Europa osoko antzoki ugaritan aurkeztu dira, baita nazioarteko dokumental jaialdietan ere. 2021ean, São Pauloko 34. Biurtekoan erakutsi zuen bere lana, eta, María Jerez artistarekin lankidetzan, proiektu berri bat sortu zuen, Kaaitheaterren (Brusela) estreinatu zena.

Z aretoa
Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimenduan dagoen irudia pentsatzeko sortutako programa da, eta narrazio-forma berriak bilatzen dituzten autoreak ezagutarazten ditu, historikoki hizkuntza zinematografikoa definitu duten konbentzioak, generoak eta kategorizazioak zalantzan jarriz.

Programan parte hartu duten egileen artean Patricia Esquivias, Rosalind Nashashibi, Eric Baudelaire, Maddi Barber eta Marina Lameiro daude, baita Ainara Elgoibar, Aura Satz eta Ephraim Asili ere.

Irudia: Clamor (2022) pelikularen fotograma. Edurne Rubio

Edurne Rubio. Clamor
Z aretoan, 2022ko uztailaren 22tik irailaren 18ra
Argitalpena, Andrea Cinelen testuarekin
Z aretoko gaur egungo zikloak Garbiñe Ortega du komisario
Mondragonekin lankidetzan ekoitzitako proiektua

Prentsa oharra (pdf) deskargatu

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand