Bihar, osteguna, 19:00etatik aurrera, Artium Museoan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Mo' Better Blues filma proiektatuko da Euskadiko Filmategiaren Jazzinema zikloaren barruan. Branford Marsalis Quartet-en eta Terence Blanchard tronpeta-jotzailearen soinu-banda du filmak, eta Spike Leek idatzi, ekoitzi eta zuzendu zuen 1990ean. Josemi Beltrán gazteiztarrak, besteren artean Giza Eskubideen Zinemaldiko eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendariak, aurkeztuko du filma.
Denzel Washingtonek protagonistaren papera duela, Spike Le bera ere agertzen da antzezle gisa. Mo' Better Bluesek 80ko hamarkadako New Yorkeko jazz boskote baten buru den Bleek Gilliam fikziozko tronpeta-jotzailearen igoera eta erorikoa kontatzen ditu. Filmak hainbat gai jorratzen ditu, hala nola adiskidetasuna, leialtasuna, zintzotasuna, erabaki pertsonal eta profesionalen ondorioak eta, azken batean, erredentzioa. Filmaren soinu-banda indartsua Branford Marsalis saxofoi jotzailearen laukotearen eta Terence Blanchard tronpeta-jotzailearen arteko elkarlanaren emaitza da.
Hiru euskal jazz jaialdi handien ospakizunekin batera —Vitoria-Gasteiz, Getxo eta Donostia— antolatu du Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloa. Joan den osteguneko Jazz on a Summer 's Day (Bert Stern, 1959) eta biharko Mo' Better Blues pelikulen proiekzioaren ondoren, Ascensor para el cadalso (Louis Malle, 1957) frantziar zinemako klasiko handia —Miles Davis tronpeta-jotzailearen soinu-bandarekin eta Gasteizko jazz jaialdiaren zuzendari Alberto Ibarrondoren aurkezpenarekin— eta Thelonious Monk: Straight no Chaser (Charlotte Zwerin, 1988) piano-jotzaile eta konpositore estatubatuar handiaren irudiaren inguruko dokumentala ikusteko aukera izango dugu.
Sarrerak Online
Denda Online