Azteazkena, 2022(e)ko Maiatzaren 25a 10:51

Ephraim Asili zinemagile eta hezitzaileak lantegi bat emango du Artium Museoan

Ephraim Asili © Oona Mosna

Asilik bere ikerketa, soinu eta irudi metodologia azalduko du bere ekoizpen berrienetan, besteak beste, The Inheritance bere lehen film luzean

Lantegia doakoa da, aldez aurretik izena eman behar da, eta ikus-entzunezko proiektu bat garatzeko interesa duten pertsonei zuzenduta dago, eskura dauden baliabideak zeinahi direla ere.

 

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, lantegi bat egingo du Ephraim Asili zinemagile eta hezitzaile estatubatuarrarekin ekainaren 4an, larunbata, 15:00etatik 19:00etara, museoko Emanaldi aretoan. Lantegia ikus-entzunezko proiektu bati ekiteko interesa duen orori zuzenduta dago, eskura dauden baliabideak zeinahi direla ere. Asili, Bard Collegeko Zinema eta Arte Elektronikoetako irakaslea, ezaguna da bere herrialdeko zinema independentearen barruan. Bere filmetan sarritan jorratzen ditu Afrikako diasporaren gaia eta haren nortasun kulturala. Larunbat horretan bertan, Artium Museoko Z aretoan, zinemagile honen Fluid Frontiers proiektua irekiko da. Ikastaroa ingelesez egingo da, eta doakoa izango da. Aurretik izena eman behar da izen-emateak@artium.eus helbide elektronikoan.

Irudiak

 

Ephraim Asili zinegile, artista eta hezitzailea da, eta Afrikako diaspora da haren lanen gai nagusia, kultura-indar gisa. Haren filmak mundu osoko jaialdi eta erakundeetan proiektatu dira, besteak beste New York Film Festivalen, Toronto International Film Festivalen, Berlinalen eta Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdian. The Inheritance bere lehen film luzea 2020ko Toronto International Film Festivalen estreinatu zen, eta Whitney Museum of American Art-ek erosi berri du bilduma iraunkorrerako.

2021ean Ephraim Asilik John Simon Guggenheim Foundation Memorial beka jaso zuen. Asili Bard Collegeko Zinema eta Arte Elektronikoko Departamentuko irakaslea eta zuzendaria da, eta New Yorkeko Milton Avery School of the Arts zinema-programazioaren zuzendarikidea.

Sight/Sound Clash/Improv. (‘Ikusmena/Soinua Talka/Inprob.’) lantegian Ephraim Asilik bere azken lanetan arakatu dituen metodologiei buruzko xehetasunak emango ditu, hots, Fluid Frontiers, Measuring Time eta The Inheritance filmetan. Lantegiaren lehen zatian ikerketa izango da ardatz, bigarrenean soinua eta hirugarrenean irudia.

Z aretoan izango duen parte-hartzeagatik dago Ephraim Asili Artium Museoan. Programa horretan, Fluid Frontiers proiektua aurkeztuko du. Lantegiaz gain, zinemagileak hitzaldi bat emango du ekainaren 4an, larunbata, eguerdiko 12etan, Garbiñe Ortega Z aretoko komisarioarekin batera.

--

Ephraim Asilirekin lantegia
Ekainaren 4an, larunbata, 15:00etatik 19:00etara
Artium Museoaren Emanaldi aretoan. Lantegia ingelesez izango da.
Doako jarduera. Izen-emateak: izen-emateak@artium.eus. Bete arte

 

Fluid Frontiers filmaren proiekzioa eta Ephraim Asiliren eta Garbiñe Ortegaren arteko solasaldia
Ekainaren 4an, larunbata, 11:00etan
Artium Museoaren Emanaldi aretoan. Doako jarduera

 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand