Asteartea, 2022(e)ko Maiatzaren 17a 13:41

Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko lantegiak, topaketak eta bisitak antolatu ditu Artium Museoak

Raisa Álava eta Irantzu Lekue artistek familientzako lantegi irekiak zuzenduko dituzte asteburuan.

Magnet-Erakarri programa arrakastatsuari amaiera emateko museoak topaketa bat antolatu du parte-hartzaile guztiekin.

Museoaren adiskideak protagonista dituen 20 urte, 20 arrazoi baino gehiago bideoa aurkeztuko da.


 

 

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, publiko guztientzako hainbat jarduera antolatu ditu datorren asteburuan herritarrak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzera gonbidatzeko. Horien artean, Raisa Álava eta Irantzu Lekue artistek zuzendutako lantegi irekiak, hezkuntza komunitatearekiko topaketa, eta museoko adiskideek protagonista dituen bideo baten aurkezpena daude. ICOMek aurten ospakizun horretarako aukeratu duen leloa Museoen boterea da, eta Artium Museoari dagokionez, aurten, 20. urteurrenaren oroitzapenari lotuta egongo da. Museoen Eguna maiatzaren 18an ospatzen da urtero. Ohikoa denez, eta ikusleen parte-hartzea errazteko, Artium Museoak jarduera horiek egun horretatik hurbil dagoen asteburu batean antolatzen ditu, aurten, 21ean, larunbata, eta 22an, igandea. Asteazkenean, hilak 18, museoaren ordutegia 11: 00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, etenik gabe. Museoko sarrera doan izango da maiatz osoan. 

Irudiak

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko da, Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM) bultzaturik. UNESCOri lotutako erakundea da, eta museoen eremuan ondare kulturala eta naturala, oraina eta geroa, materiala eta immateriala sustatzen eta babesten ditu. ICOMek 2022an egun hori ospatzeko aukeratu duen leloa Museoen boterea da. Kontseiluak dioenez, «museoek inguratzen gaituen mundua eraldatzeko ahalmena dute. Aurkikuntzaren leku paregabe gisa, gure iragana erakusten digute eta gure gogamenak ideia berrietara irekitzen dituzte, funtsezko bi urrats etorkizun hobea eraikitzeko».

Ideia horri jarraiki, eta bere 20. urteurrenaren ospakizunen esparruan, Artium Museoak jarduera-programa bat antolatu du bere ekintza hezitzailearekin lotuta eta publikoak aldaketa eta bilakaera sozial eta kulturaleko prozesuan partaide gisa egiten duen lanarekin lotuta.

 

Adin guztietarako lantegi irekiak, Raisa Álavarekin eta Irantzu Lekuerekin
Maiatzaren 21ean eta 22an, larunbata eta igandea, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara
Poltsa kustomizatuak. Diseinatu ezazu zure poltsa Raisa Álava artistaren laguntzarekin. Loneta zuriko poltsa bat hartu eta zuk nahi duzun forma eta koloreekin pertsonalizatu ahal izango duzu.
Tximeleta-hodeia. Irantzu Lekue artistaren eskutik, guztion artean kolore askotako tximeleta hodei bat sortuko dugu gure lorategian, eraikinean eta Artium Museoaren plazaren inguruan pausatuz joango dena.

 

Hezkuntza komunitatearekiko topaketa. Magnet-Erakarri proiektua
Maiatzaren 21ean, larunbata, 11:00etatik 12:00etara.
Museoa eskola gisa: Magnet-Erakarri, hiru urteko lankidetza
Artium Museoak eta Barrutia Ikastolak azken hiru ikasturteetan garatu duten Magnet Erakarri proiektuaren aurkezpena, lankidetza trinko eta estuko lana.
Partaideak: Charo Garaigorta, Artium Museoaren Hezkuntza-arduraduna, Barrutia Ikastolaren irakasleak, eta Antonio Ballester Moreno artista

 

20 urte, 20 arrazoi baino gehiago bideoaren estreinaldia
Maiatzaren 22an, igandea, 11:30etik 12:00etara.
Artium Museoaren 20. urteurrena dela eta, museoaren adiskideek ikus-entzunezko proiektu batean parte hartu dute, erakundearekin duten lotura iraunkorra justifikatzen duten arrazoi ugariak azalduz.

 

LORATEGItik. Bisita gidatuak
Maiatzaren 21ean, larunbata
12:30: Ibilbidea. Praktika artistikoak eta feminismoak
17:30: Erakusketa. Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1975-2002 aldian
Maiatzaren 22an, igandea
12:30: Erakusketa. Anna Daučiková. Not Belonging To and In Solidarity With
17:30: Erakusketa. Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand