2022ko apirilaren 26rako (asteartea) prestatutako ekitaldiak 14:00etan hasiko dira, Irakurketa partekatuak saioarekin. Museoak Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin lotuko du horrela bere 20. urteurrenaren ospakizuna. Arte eta kultura garaikideko testuen irakurraldi publiko horretan, artearen eta kulturaren arloko profesionalek hartuko dute parte, baita irakurketaren esperientzia partekatu nahi duten guztiek ere. Oraingo honetan, Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta –praktika esperimentalak Euskal Herrian (1957-1979) erakusketaren hariaz argitaratu dugun Pentsatzeko leku bat argitalpenaren hainbat testu irakurriko dira, baina parte-hartzaileek, hala nahiago izanez gero, nahi duten testua ekarri eta irakurri ahalko dute, baldin eta artearen eta kulturaren munduari buruzkoa bada.
Liburuaren Nazioarteko Egunarekin lotuta, museoko liburutegiak liburuak uzteko kanpaina bat (Bookcrossing) koordinatu du. 2022an, estatu osoko 50 museok eta arte-zentrok hartuko dute parte kanpaina horretan, besteak beste honako hauek: Bilboko Arte Ederren Museoa, Tabakalera, Chillida-Leku, Valentziako IVAM, Vigoko MARCO, Las Palmaseko CAAM, eta Madrilgo MNCARS.
Behin irakurketa saioa amaituta, Itziar Okariz artistak 2. kapitulua, V. W. izeneko performancea eskainiko du, 18:30ean. Ikuskizun horretan, artistak behin eta berriz irakurriko du Virginia Wolfen Gela bat norberarena lanaren pasarte bat (paisaia baten deskribapena da), errepikapen bakoitzean hitz bat kenduta. Beraz, errepikatu ahala, testua urrituz joango da, erabat desagertu arte. Errepikapen bakoitzean, narrazioaren elementu ezberdin bat azpimarratuko da, publikoa testuaren elementu esanguratsu guztiez ─are unitate esanahidun txikienez ere─ jabetu dadin.
Amaitzeko, 19:00etan, Nestor Basterretxearen lau obra bisitatuko dira, museoaren kanpoaldean. Formatu handiko lau eskultura dira, altzairuzkoak eta polikromatuak, itxuragatik hilarri tradizionalak gogorarazten dutenak. Piezak Artium Museoaren barruko plazako bi puntutan kokatuko dira, eta eskultorearen familia bertan izango dela aurreikusita dago.