Ostirala, 2022(e)ko Apirilaren 08a 11:24

Artium Museoak Ainara Elgoibarren "Gold 20. Fundir y parar" erakusketa aurkeztu du

Z aretoan Gold 20 eta Glas Marte Cut filmak proiektatuko dira, zeinak erakusten baitute artistak industria-jarduerarekiko eta irudiak hura adierazteko topatzen dituen mugekiko interesa.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Ainara Elgoibarren Gold 20. Fundir y parar erakusketa aurkeztu du (Z aretoa, 2022ko maiatzaren 29ra arte). Erakusketan, bi film proiektatuko dira, non artistak erakusten baitu industria-jarduerarekiko duen interesa, eta, zehazki, arkitekturan erabiltzeko asmaturiko beira berezi baten (Glas 20) fabrikazioari buruzko bere ikerlana. Orobat jarriko da ikusgai material horrekin egindako proiektu baten maketa (Diamante, 2021). Z aretoa programaren xedea da zinemaren esparrura jauzi egiten duten artisten eta erakusketa-formatua lantzen duten zinemagileen obrak ezagutzera ematea, eta Garbiñe Ortega da haren komisarioa. Artium Museoak argitalpen bat plazaratu du, David Bestué artistaren testuarekin.


Bere instalazio, testu eta filmetan, Ainara Elgoibarrek jarduera industrialarekiko duen interesa aztertzen du, nahiz inguru produktiboetan nahiz aisialdikoetan. Lantegia, motorra, beira, musika eta entretenimendua gai errepikakorrak dira haren lanetan. Areto honetan erakusten diren ikus-entzunezko bi piezak Gold 20ren ekoizpenarekin lotutako ikerketa beraren parte dira. Gold 20 urre-koloreko arkitektura-beira da, eta beirazko xafla gardenen aurpegietako baten gainean metalezko geruzen metaketa fin bat ezarriz sortzen da.

Pelikulez gain, erakusketan azken aldian egindako maketa bat ere badago —Gold 20 erabili edo erabiltzea aurreikusita zuten eraikinei buruz egindako beste maketa batzuen ondoren egina—, Benidormeko Intempo dorrearen goiko konoa da. Maketa txiki hau ekoizteko Glas Marte Cut protagonista duen Gold 20ko pieza urtu da.

Gold 20. 2014. HD bideoa. 16 min 49 s
Gold 20 beira horren ekoizpen prozesua jasotzen duen izaera esperimentaleko bideo industrial bat da. Helburua bikoitza da: batetik, lantegiko erregistro bideografikoaren arriskua neurtzea eta, bestetik, prozesu industrial hori irudikatzeko bideoaren mugak aztertzea. Lantegiko zuzendaritzarekin (ez matrizearekin) eta tarteko karguekin filmaren edukiak zein izan zitezkeen negoziatu zen, gutxi gorabehera, proiektuaren etapa guztietan. Azkenean, enpresak azken muntaiako irudi batzuei betoa jartzea erabaki zuen. Batzuk aldatu egin ziren, haien zehaztasuna bi aldeen beharretara egokitzeko. Gainerakoak belztea erabaki zen.

Glas Marte Cut. 2016. HD bideoa. 18 min 5 s
Glas Marte Gmbh, eta beirazko arkitektura-elementu handiak ekoizten dituen familia-enpresa da. Gold 20 beirazko pieza txiki bat erreproduzitzeko eskatu nien, arkitektura-maketa baten zati bat, Austriarako garraioan kalteak izan zituena. Enkargua aitzakia bat besterik ez zen izan haien ekoizpen lana filmatzeko, ariketa aparta berez, baina baita piezaren eskala txikiagatik ere.

Ainara Elgoibar

Ainara Elgoibarrek kontabilitate-prozesuen analista gisa lan egin zuen arteari ekin aurretik. Bere Instalazio, testu eta filmetan industria-jardueraz arduratzen da, bai industria-inguruneetan, bai aisialdikoetan. Motorra, beira, musika eta entretenimendua behin eta berriz agertzen dira bere lanetan, eta hauek hainbat lekutan erakutsi dira, hala nola, Punto de Vista Jaialdian (2022), Zinebin (2021), Bilboko Arte Ederren Museoan (2018), CarrerasMúgica galerian (2016), Bartzelonako La Capellan (2012), MACBAn (2014) edo Fundació Tàpiesen (2012). Tractora Koop E arte-proiektuak ekoizten dituen artisten kooperatibaren sortzaileetako bat da. Usue Arrietarekin batera, KINU proiektua zuzentzen du, Bilboko Tractoraren gidaritzapean dagoen denboraren artearen inguruko programazio eta autoprestakuntza talde bat; bertan Atoi espazioa ere kudeatzen eta zuzentzen dute.

Z aretoa

Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimendudun irudia pentsatzeko keinu erabakigarritik sortutako programa da. 2021. urtearen amaierara arte luzatuko den programa honetako lanak zeharkatzen dituzten gogoeten artean, azpimarratzekoak dira egileek taldearenaren ideiarekiko duten interesa eta haren inguruko ikerketa, eta baita elkarrekin pentsatzen eta lan egiten jarraitzeko eta etorkizun partekatu bat proiektatzeko moduak ere. Film bakoitza Z aretoa esaten zaion horretan begiztan proiektatuko da, gutxi gorabehera bi hilabetez. Filmaren inguruan, elkarrizketa bat egingo da egile bakoitzarekin. Erakusketa-proiektu berri bakoitzarekin, aretoko lanen fitxa tekniko oso bat eta aditu, kritikari eta historialariek idatzitako testu espezifikoak biltzen dituen argitalpen bat argitaratzen da, programatutako lanen hedapena, analisia eta gogoeta sustatzeko.

Prentsa oharra (pdf)

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand