Asteartea, 2022(e)ko Apirilaren 26a 09:24

Artium Museoak Nestor Basterretxearen lau obra instalatu ditu kanpoaledean

Jaizubiako (Hondarribia) Idurmendieta baserriko lorategitik ekarritako lau eskultura dira. Hil artean (2014), etxebizitza eta lantoki izan zuen baserri hori artistak.

Artistaren familiak Artium Museoari lagatako obra hauek 60ko hamarkadakoak dira, Basterretxek bi dimentsiotik eskulturara egin zuen jauzi horretan funtsezkoa izan zen garai batekoak.

 

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Nestor Basterretxearen formatu handiko lau eskultura sartu ditu bere bilduman. Obrak, eskultorearen familiak lagatakoak, museoaren eraikinaren kanpoaldean kokatu dira, bi toki desberdinetan. Basterretxeak 1960-61 urteetan sortutako lau pieza dira, burdinaz eta Corten altzairuz eginak, polikromatuak, artistaren etxebizitza eta laneko estudio izandako Idurmendieta baserriaren lorategian (Jaizubia, Hondarribia) egondakoak. Obrak, zaharberritze-prozesu zehatz baten beharra izan dutenak, Nestor Basterretxearen ibilbidean funtsezkoa izan zen garai batekoak dira, pinturatik eskulturarako trantsiziokoak.

 

Artium Museoaren barneko plazan (A·3 Aretoko sarrera ondoan) eta Liburutegiko sarreran (Prudentzio Maria Verastegi kalearen ondoan) kokatu dira Nestor Basterretxearen lau obra horiek: Gaua (1960), Titulurik gabe (1960-61), Titulurik gabe (Meridianoa) (1960-2001) eta Titulurik gabe (Meridianoa) (1960-2001). 1960. urtea erabakigarria izan zen Basterretxearen obraren bilakaeran, artistak planotik espaziora, hots, bi dimentsiotik hiru dimentsiora, jauzi egin zuen urtea izan zelako hura. Basterretxeak berak azaldu zuen pinturatik eta erliebetik eskulturarako jauzi horren nondik norakoa, “lerroak planoan duen zeregina ulertzeko” ahalegina-edo zela esanez: “Une batean konturatu nintzen nik kurbaren eta haren indarraren arabera egiten nuen lerro horrek planoa hausteko ahalmena zuela, idealki. Eta orduan ohartu nintzen hor bazegoela hirugarren dimentsio bat. Eta burdinazko xafla bat hartu eta fisikoki gauzatu nuen idealki gertatzen ari zela sentitzen nuena. Eta horrela sartu nintzen eskulturaren munduan”.

Garai hartakoak dira, adibidez, Plano Estallado edo Gaua lanak eta Meridianos serie, planoaren ebaketatik eta haren mugimendu espazialetik abiatuta eginak biak, planoa bihurrituz eta leherraraziz, eta gainaldean beste elementu batzuk txertatuz. Bai Gaua bai Meridianos serieko beste bi piezak artistak disko-formekiko zuen interesaren emaitza dira. Disko-formak artistaren tipologia gogokoenetako bat dira; bai haren eskultura-lanetan, bai lan grafikoan, bai diseinu industrialetan ageri dira, eta artistarentzat irudi abstraktu ─eta aldi berean figuratibo─ nagusia dira.

Hain zuzen ere, horiek dira artistak jendaurrean erakutsi zituen lehen eskulturak, Madrilgo Neblí aretoan, Jorge Oteizarekin batera egindako erakusketa batean. Orduan Gaua aukeratu zuten Basterretxeari eskainitako katalogo monografikoaren azaleko irudirako. Erakusketa bera Bilboko Teka aretoan egon zen ikusgai gero. Basterretxeak disko-forma horiek lantzen eta garatzen jarraitu zuen hurrengo urteetan ere, 70eko hamarkadan egindako hilarri edo eguzki-lore serieetan.

Nestor Basterretxearen lau obra horiek Artium Museoaren kanpoaldean instalatu ahal izan badira, artistaren familiak komodatu bidezko lagapena egin duelako izan da. Museoak baditu lehendik ere euskal eskultorearen zenbait pieza ─pinturak, eskulturak eta obra grafikoa–, besteak beste, Macla erliebea (1959), Zeru bat, hamaika bide erakusketan ikus daitekeena, eta Estela 1 (1946) zurezko eskultura. Lau eskultura berri hauek eskultoreak gure Bilduman duen presentzia handitzen eta dibertsifikatzen laguntzen dute. Museoko funtsetan sartu baino lehen, obrei kontserbatze eta zaharberritze tratamendua egin zaie, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuaren, artistaren familiaren eta Artium Museoko teknikarien gainbegiradapean.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand