Azteazkena, 2022(e)ko Maiatzaren 04a 09:07

Artium Museoak "…ere erera baleibu izik subua aruaren…" proiektatuko du, José Antonio Sistiagaren lehem pelikula

Sistiagak eskuz margotu zituen 35mm-ko zeluloidearen gainean 100.000 fotograma baino gehiago, pinturaren eta zinema esperimentalaren arteko esperientzia aitzindari batean.

Saio berezia izango da Euskadiko Filmategiaren udaberriko zikloaren barruan.


 

Artium Museoaren, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Emanaldi aretoan, José Antonio Sistiagaren …ere erera baleibu izik subua aruaren… izeneko film luzea proiektatuko da bihar, osteguna, maiatzak 5, 19:00etan. Pelikula hori margolaritzaren eta zinema esperimentalaren arteko loturan aitzindaritzat jotzen da. Artista eta zinemagileak 35 milimetroko zeluloidean margotu zuen 1968tik 1970era bitartean filmak dituen 108.000 fotogrametako bakoitza. Teknika horren bidez zinemaren historian egindako lehen film luzetzat jotzen da pelikula. Proiekzioa Euskadiko Filmategiaren udaberriko zikloaren parte da, zeinaren programazioaren egoitza Vitoria-Gasteizko Artium Museoa baita. Sarreraren prezioa 3,5 eurokoa da, nahiz leihatilan, nahiz museoaren webgunean.

Jose Antonio Sistiaga (Donostia, 1932) Euskal Eskolaren Gaur Taldearen kide eta sortzaileetako bat izan zen. Haren lana pinturaren eta zinemaren artean mugitzen da, eta koherentziaz erabili zituen bi hizkuntzak. Zinemagintza esperimentalean egindako sartu-irtenak Euskal Herriko artearen praktikari egindako ekarpenaren zati garrantzitsu bat dira. Lan horiek hainbat jaialditan parte hartzera eraman zuten (Oberhausen, Londres, New York, Paris, Brusela, etab.), Donostiako Nazioarteko Zinemaldian barne.

...ere erera baleibu izik subua aruaren... «kamerarik gabeko zinema» esan izan zaionaren barruko lan bat da, 35 mm-ko zeluloidearen gainean eskuz margotutako filma, fotogramaz fotograma. Teknika horren bidez egindako zinemaren historiako lehen film luzetzat jotzen da, eta Sistiagak 1968 eta 1970 artean egin zuen. Urte horretan Madrilen proiektatu zen lehen aldiz, eta Londresen, Parisen, Bartzelonan eta New Yorken gero. Haren 108.000 fotogrametako bakoitza guztiz bakarra da, trikimailurik eta argazki efekturik gabea. Euskararen sonoritatea imitatzen duen zentzurik gabeko esaldi bat da izenburua, haren adiskide Rafael Ruiz Balerdik asmatua.

Sistiagaren filmaren proiekzioa saio berezia da Euskadiko Filmategiaren udaberriko zikloaren barruan, Lyongo Lumière Institutuari eskainia. 2021az geroztik, Artium Museoa Filmategiaren programen egoitza da Vitoria-Gasteizen. Horrela, Donostiako Tabakalerarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin bat egin du, Filmategiaren ziklo tematikoak modu egonkorrean hartzen dituzten erakundeak diren aldetik.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand