Hezkuntza-asmoko hainbat proiekturi buruzko 19 azterketa-kasu aurkezten ditu erakusketak, eta denek partekatzen dute Jorge Oteizak topaketarako, prestakuntzarako eta kultura-hazkunderako guneak izateko egin zuen aldarrikapena.
Mikel Onandia, Rocío Robles Tardío eta Sergio Rubira komisario direla, Jorge Oteiza Fundazio Museoarekin egindako lankidetzaren emaitza da erakusketa.
Praktika artistikoen eta eredu pedagogiko esperimentalen artean ezartzen diren harremanak azpimarratu eta sustatuko dituzten proiektuak ekoizteko xedea duen museoaren lehentasunezko jarduera-ildo baten barruan kokatzen da erakusketa. Lan-ildo horretan kokatzen dira, besteak beste, JAI praktika artistikoen institutua eta MAGNET hezkuntza-proiektua
Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957–1979 erakusketa aurkeztu du (A3 aretoa, 2022ko ekainaren 5era arte). Erakusketa aldi horretan garatutako beste hainbat proiektu aztertzen dituzten 19 azterketa-kasutan egituratuta dago. Proiektu horien ezaugarri nagusiak hezitzeko asmoa eta artearen testuinguruan ikerketarako eta topaketarako espazioak sortzeko borondatea dira. Pentsatzeko leku bat artea eta pedagogia lotzen dituzten Artium Museoak garatutako beste proiektu batzuekin lotuta dago, hala nola Antonio Ballester Morenok 2021ean egindako erakusketarekin edo JAI ikasketa-programarekin. Erakusketa dela-eta, Artium Museoak katalogo bat eta esku-gida bat argitaratu ditu. Mikel Onandiak, Rocío Robles Tardíok eta Sergio Rubirak ikertu eta komisariatu dute Pentsatzeko leku bat. Erakusketa Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museoaren laguntzarekin antolatu da, non datorren asteazkenean, urtarrilak 26, azterketa kasu berri bat aurkeztuko den, Begi trantsitibo bat. Irungo Zine Klubaren proiektua.
Honela dio Jorge Oteizak Quousque Tandem…! (1963) liburuan: «Guk ezin dugu ikerketaz hitz egin, ez baitugu ez elkartzeko tokirik, ezta pentsatzera biltzeko leku sinple bat ere». Eta baieztapen hori abiapuntu hartuta, hauxe da erakusketa honen helburua: Euskal Herriko jendearen hazkunde soziopolitiko, kultural eta intelektuala ahalbidetuko duten topaguneak sortzeko dei horri erantzutea. Erakusketak 1957-1979 bitartean egindako hezkuntza-proiektu batzuk ─taldekako zein banakako proiektuak─ berreskuratzen eta biltzen ditu, Oteizak orduan seinalatu zuen argudio bera ─hots, premia─ aldarrikatzeko.
Mapa horri izenak eta lekuak gehitzean, artisten eta geografien arteko loturak bistaratzen dira, Euskal Herriko zein Espainiako arte-panoraman giltzarri izan ziren alderdi batzuekiko kezka komun bat agerian uzten dutenak: abstrakzioaren eta figurazioaren arteko eztabaidak, arteen integrazioaren defentsa, arte-irakaskuntza berritzeko premia edo artearen funtzio sozialaren eta garrantziaren aitortza, non haurrak arreta berezia jasotzen duen subjektu eta hartzaile gisa. Horrekin, euskal arte garaikidearen sorrerako gertakari haietara hurbilketa bat egitea proposatzen da, artista hezitzaile bihurtzeko prozesuetatik eta arte-irakaskuntzatik abiatuta oraingo honetan, baina bi ardatzok garaiko testuinguru historiko-sozialetik aztertzea ahaztu gabe.
Aztergai ditugun gertakarion arku kronologikoa Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko hainbat ekimen eta programa martxan jarri ziren urtean irekitzen da, Jorge Oteiza, bere esperimentazio-aldia utzita, artistaren egiteko sozial eta politikoaz hausnartzen hasia zen garaitsuan (1957-1979). Eta 1979. urtean ixten da, Euskal Herriko Arte Ederren Eskolak, fakultate bihurtuta, aro berri bat hasi zuen urtean, hain zuzen. Mudantza horren baitan, izenaren aldaketak eraldaketa sakonago baten promesa ekarri zuen berekin: erakundearen egitura eta ekipamenduak aldatzea eta irakasle taldea berritzea, alegia.
Bi data horien artean, hainbat kasu, izen eta toki aurkezten dira, narrazio sinkroniko baten eraginpean dagoen antolamendu diakroniko bati jarraituz. Horrela, agerian utzi nahi da proposamenen aldiberekotasuna eta arte plastikoen bidezko hezkuntza-ekimen esperimentalen garapena. Proposamenok ─heterogeneoak beren enuntziatuetan eta artikulazio-moduetan─ euskal gizartea eguneratzeko eta berreraikitzeko prozesuek markatuta egon ziren urte batzuetan gauzatu ziren Euskal Herriko hainbat tokitan. Denek dute ezaugarri komun bat: sisteman ez parte hartzea eta hezkuntza arautu edo ofizialekin bat ez egitea; pentsatzeko lekuak, aktibatuta egonez gero, aukerez beteriko guneak bilakatzen direla adierazi nahiz bezala.
Prentsa oharra (pdf) Areto-koadernoa (pdf) Erakusketari buruz
Lotutako jarduerak
Elkarrizketa Mikel Onandiarekin, Rocío Robles Tardíorekin eta Sergio Rubirarekin
Urtarrilaren 21ean, ostirala, 18:00etan. Artium Museoko Emanaldi aretoan. Streaming bidez ere igorriko da
Mahai-ingurua: Hezkuntza-praktikak eta ikus-entzunezkoak. José Antonio Sistiaga eta bere testuingurua, 1957-1979. Mikel Onandiarekin, Rocío Robles Tardíorekin eta Sergio Rubirarekin
Martxoaren 10ean, osteguna, 18:00etan. Kutxa Kultur Plaza (Tabakalera, Donostia)
Kutxa Fundazioaren Kubo Kutxarekin batera egindako jarduera
Online topaketa: 1960ko eta 1970eko hamarkadetako eskola eta praktika esperimentalen testuinguruari eta horiek gaur egungo hezkuntza-egituran eta -praktikan izan dezaketen aplikazioari buruzko online topaketa
Martxoaren 16an, asteazkena, 18:00etan. Jorge Oteiza Museo Fundazioak eta Artium Museoak antolatuta
Pentsatzeko leku bat erakusketaren hurrengo bisita gidatuak: urtarrilaren 23an, igandea, 12:30ean; urtarrilaren 26an, asteazkena, 18:00etan; urtarrilaren 29an, larunbata, 17:30ean; otsailaren 6an, igandea, 17:30ean; otsailaren 16an, asteazkena, 18:00etan; otsailaren 26an, larunbata, 12:30ean
Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957–1979
A3 aretoan, 2022ko urtarrilaren 21etik ekainaren 5era
Komisarioak: Mikel Onandia, Rocío Robles Tardío, Sergio Rubira
Katalogoa. Testuen egileak: David Fuente, Juan Pablo Huércanos, Irene López Goñi, Mikel Onandia, Rocío Robles Tardío, Sergio Rubira, Fátima Sarasola, Miren Vadillo (aurki kalean)
Erakusketaren esku-gida
Erakusketa hau Artium Museoaren eta Jorge Oteiza Fundazio Museoaren arteko lankidetzaren emaitza da. Bigarren horretan, azterketa-kasuetako bat erakutsiko da, Begi trantsitibo bat. Irungo Zine Klubaren proiektua. (2022ko urtarrilaren 27tik, osteguna, apirilaren 30era).
Irudia: Mikel Mendizabal, Errenteriako Ikastolako ikasleak, adierazpen plastikoko ariketa bat egiten, 1980 inguruan