Astelehena, 2021(e)ko Abenduaren 27a 13:44

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, bere erakusketa-programa aurkeztu du 2022ko lehen seihilekorako, urte horretan erakundearen irekieraren 20. urteurrena ospatuko baita.

2022ko erakusketa-programa. Lehen seihilekoaren aurrerapena

  • Programa hau Museoaren 20. urteurrenaren ospakizunen barruan kokatzen da.
  • Praktika artistikoa eta pedagogia esperimentala gurutzatzen diren proiektuen berrirakurketa historikoek jarraitu egingo dute 2022ko erakusketa-lerroetan, kultura-programan eta tesi-proiektuetan.
  • Programak testuinguru eta hizkuntza batzuen eta besteen arteko elkarrizketak proposatzen ditu, Erlea Maneros Zabala, Anna Daucikova eta Nestor Sanmiguel Diest artistei eskainitako erakusketetan oinarrituta.
  • Jorge Oteiza Fundazio Museoarekiko eta Reina Sofia Arte Zentroko Museo Nazionalarekiko lankidetza sendotuko da.
  • Erlea Maneros Zabala, Anna Daucikova eta Néstor Sanmiguel Diest artistei eskainitako erakusketetan oinarrituta, elkarrizketak proposatzen ditu programak nazioarteko testuinguruarekin eta hizkuntzen aniztasunarekin.
  • Museoak programa parekide bat garatzeko zeharkako konpromisoari eusten dio.

2022ko lehen seihilekoko programa Pentsatzeko leku bat. Arte-eskola eta -praktika esperimentalak Euskal Herrian, 1957-1979 erakusketarekin inauguratuko da. Erakusketa horrek hainbat hezkuntza-proiektu berreskuratu ditu, proposatutako aldian prestakuntza eta hazkunde kultural eta intelektualerako topaguneak sortzeko helburuarekin. Askotariko proposamen multzoa da, eta izendatzaile komuna ez da hezkuntza arautuari edo ofizialari jarraitzea, baizik eta aktibatutako «pentsatzeko gune» bakoitza aukera-espazio bihurtzen dela adieraztea. Hezkuntza-proiektu esperimentalen eta praktika artistikoaren arteko harremanak dira erakundearen lan-ildo nagusietako bat. Erakusketa Artium Museoaren eta Jorge Oteiza Fundazioaren arteko lankidetzaren emaitza da.

Apirilean, bi bakarkako erakusketa inaugutatuko dira, bata Erlea Maneros Zabalari (Bilbo, 1977) eskainia, artistak azken urteetan garatutako hainbat lan bilduko dituena, eta bestea Anna Daučíková (Bratislava, 1950) artistari eskainia, duela gutxiko ekoizpena eta lan historikoak harremanetan jarriko dituena. Estatuan artista eslovakiarrari eskainitako lehen bakarkako erakusketa da hau.

Ekainean, museoak Nestor Sanmiguel Diest-en (Zaragoza, 1949) La peripecia del autómata erakusketa aurkeztuko du, artistak 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte egin duen ibilbidea. Proiektua bi egoitzatan egongo da aldi berean: Madrilgo Velázquez Jauregi-Reina Sofía Museoan eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Vitoria-Gasteizen. Proiektua bi erakundeen arteko lankidetzatik sortu da.

Zinemak, mugimendudun irudiak eta hark arte garaikidearen hizkuntzekin duen loturak jarraitu egingo dute 2022ko lehen seihilekoko programan. Z aretoan, hizkuntza zinematografikoen eta ikusizko arteen arteko gurutzaketei eskainitako zikloan, arlo horietan garrantzitsuak diren artista eta zinemagileak izango dira: Aura Satz (1974), Ainara Elgoibar (1975), Ephraim Asili (1979) eta Edurne Rubio (1974).

Ondarea ikertu eta zabaltzeari dagokionez, museoak bere funts museografikoak berrantolatzen jarraituko du, bai eta bere bilduman sartutako artelan eta artista berrien erakusketa-zikloarekin ere. Testuinguruak, bilduma batetik abiatuta otsailean hasiko da, Ion Munduateren (Irun, 1969) proiektu batekin.

Ikus prentsa oharra osoa  Irudi-eskaera 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand