Asteartea, 2021(e)ko Azaroaren 23a 14:25

Artium Museoak 'Un film dramatique' aurkezten du, Éric Baudelaire-ren pelikula, Z aretoa programaren barruan

Artium Museoak 'Un film dramatique' aurkezten du, Éric Baudelaire-ren pelikula, Z aretoa programaren barruan Éric Baudelaire. Argazkia: Marco Abram

Baudelairek Parisko Dora Maar ikastetxeko ikasle talde batekin egindako lau urteko proiektu baten emaitza da filma. «Ez da haurrei buruzko filma, haurrek egindakoa baizik». Nerabe horiek beren inguruneaz jabetzen eta jarrera kritikoak eta politikoak hartzen hasten diren uneak jasotzen ditu.

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Éric Baudelaireren Un film dramatique pelikula aurkeztu du Z aretoa programaren barruan (Z aretoan, 2022ko urtarrilaren 23ra arte). Baudelairek lau urtez lan egin zuen Parisko aldirietako ikastetxe bateko ikasle talde baten talde-lanaren emaitza da filma. Bertan, gazteek beren bizitzei buruz hausnartzen dute eta politikaz, beldurraz, nortasunaz, lankidetzaz eta kidetasunaz eztabaidatzen dute, aldi berean, hizkuntza zinematografikoa deskubritzen dutela, heldutasunerako bidean doazen bitartean. Z Aretoa programak zinemaren esparrura salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanak ezagutarazi nahi ditu, eta Garbiñe Ortega da egitasmoaren komisarioa. Artium Museoak argitalpen bat egin du Patrick Holzapfel-en testu batekin.

Un film dramatique Éric Baudelairek Parisko Saint-Denisko Dora Maar ikastetxeko 25 ikaslerekin egindako lau urteko lan prozesu baten emaitza da. Filmak, beraz, neska-mutil nerabe horiek beren inguruneaz jabetzen hasten diren uneak islatzen ditu, gizartean duten posizioa ulertzen hasten diren uneak, eta heldutasunera igarotzeko jarrera kritikoak eta politikoak hartzen hasten direno uneak. Ildo horretan, Patrick Holzapfelek bere testuan adierazten duen bezala, «garrantzitsuena da ez dela haurrei buruzko film bat, haurrek egindakoa baizik. Edo argiago esanda: ahotsa izaten ohituta ez daudenei ahotsa emateko modu bat da». Prozesu horretan, ikasleek zinemak eskaintzen dituen aukerak ezagutuko dituzte: kamera eguneroko gisa, lagun gisa, fikzioaren bidez amesteko baliabide gisa, jostailu gisa edo tresna politiko gisa.

Zer egingo dugu elkarrekin? Hau da gazte hauek behin eta berriz egiten duten galdera. Galdera politiko horri erantzun bat bilatzeak, boterearen, gizarte-indarkeriaren eta identitatearen irudikapenak biltzen dituena, ikasle bakoitzaren berezitasunari, baina baita taldearen mamiari ere, justizia egingo zion forma zinematografiko bat bilatzera eraman zituen. Zer egingo dugu elkarrekin, dokumental bat edo fikzio bat ez bada? Agian film dramatiko bat, non denborak arrastoa uzten duen ikasleen gorputzetan eta diskurtsoan, eta non bakoitzak bere izenean hitz egiteko aukera duen, besteak filmatuz, eta filmaren egilekide eta beren bizitzaren subjektu bihurtzeko aukera.

Un film dramatique filmaren proiekzioak Baudelaireren Prélude à «Un film dramatique» (2019) film laburra izango du lagun proiekzio gune nagusiaren atarian. Telefono mugikor baten formatu bertikalean filmatuta, eskolako, kaleetako, parkeetako eta merkatu-plazetako eguneroko irudiak pasarte abstraktu bihurtzen dira, eta haiekin batera doan etengabeko solasaldia gai pertsonalen eta proiektuari buruzko iruzkinen artean mugitzen da.

Éric Baudelaire
Éric Baudelaire (1973) Parisen bizi den artista eta zinemagilea da. Zientzia politikoetako ikasketak egin ondoren, Baudelaire ezaguna egin zen artista bisual gisa, argazkigintza, irudi inprimatuak eta bideoa biltzen dituen ikerketan oinarritutako praktika bati esker. Zinemak toki garrantzitsua izan du bere lanean 2010. urteaz geroztik. Un film dramatique (2019), Also Known as Jihadi (2017), Letters to Max (2014), The Ugly One (2013) eta The Anabasis of May and Fusako Shigenobu, Masao Adachi and 27 Years Without Images (2011) filmak zinemaldi askotan proiektatu dira (besteak beste, Locarnon, Toronton, New Yorken, FID Marseillen eta Rotterdamen). Bere erakusketen parte direnean, Baudelaireren filmak paperezko lanak, performanceak, argitalpenak eta programa publikoak konbinatzen dituzten instalazio zabaletan integratzen dira; horren adibide dira, besteak beste, Parisko Centre Pompidoun ikusgai egon den APRÈS edo Berkeley Art Museumen, Parisko Bétonsalonen, Bergen Kunsthallen eta Sharjah Biennial 12an ikusi ahal izan den The Secession Session.

Baudelairek bakarkako erakusketak egin ditu With de Withen (Rotterdam), Fridericianumen (Kassel), Beirut Art Center-en, Gasworksen (Londres) edo Los Angeleseko Hammer Museumen, eta 2017ko Whitneyko Bienalean, 2014ko Yokohamako Trienalean, 2014ko Mediacity Seoulen eta Taipeiko Bienalean parte hartu du. Haren lana Madrilgo Reina Sofía Museoan, Bartzelonako MACBAn, New Yorkeko Arte Modernoko Museoan, Parisko Centre Pompidoun, Frankfurteko MMKn, Luxenburgoko MUDAMen, Seulgo MMCAn eta Hong Kongeko M+ean dago. 2019an, Guggenheim Foundationen Fellowship beka bat jaso zuen Baudelairek, eta Marcel Duchamp saria irabazi zuen.

Z aretoa
Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimendudun irudia pentsatzeko keinu erabakigarritik sortutako programa da. 2021. urtearen amaierara arte luzatuko den programa honetako lanak zeharkatzen dituzten gogoeten artean, azpimarratzekoak dira egileek taldearenaren ideiarekiko duten interesa eta haren inguruko ikerketa, eta baita elkarrekin pentsatzen eta lan egiten jarraitzeko eta etorkizun partekatu bat proiektatzeko moduak ere.
Film bakoitza Z aretoa esaten zaion horretan begiztan proiektatuko da, gutxi gorabehera bi hilabetez. Filmaren inguruan, elkarrizketa bat egingo da egile bakoitzarekin. Erakusketa-proiektu berri bakoitzarekin, aretoko lanen fitxa tekniko oso bat eta aditu, kritikari eta historialariek idatzitako testu espezifikoak biltzen dituen argitalpen bat argitaratzen da, programatutako lanen hedapena, analisia eta gogoeta sustatzeko.

Irudien eskaera  Erakusketari buruz  Prentsa oharra (pdf)

Éric Baudelaire. Un film dramatique

Z aretoan, 2021eko azaroaren 25etik 2022ko urtarrilaren 23ra
Argitalpena: Patrick Holzapfel-en testua
Z Aretoa Garbiñe Ortegak komisariatutako programa da

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand