Osteguna, 2021(e)ko Irailaren 16a 14:49

Artium Museoak duela gutxi erositako Lorea Alfaroren lanak aurkeztu ditu Testuinguruak bilduma batetik abiatuta progrmaren barruan

Artium Museoak duela gutxi erositako Lorea Alfaroren lanak aurkeztu ditu Testuinguruak bilduma batetik abiatuta progrmaren barruan 3SPS3 INK. Fotograma. Lorea Alfaro, 2017

do mess with me erakusketan < 3 S P S < 3 BLOOD eta < 3 SPS < 3 INK bideoak daude ikusgai, Eusko Jaurlaritzaren sektore artistikoari laguntzeko planaren barruan 2020an erosiak. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren, azterketa-kasuen eta Zeru bat, hamaika bide erakusketaren barruan egiten diren txandaketen helburua, museoko funts garaikide bikainaren ikusgaitasuna areagotzea da.

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa programaren barruan, Lorea Alfaro artistaren bi bideo aurkeztu ditu, <3 S P S <3 BLOOD eta <3 S P S <3 INK, museoaren bildumarako berriki erosiak (A02 aretoan, 2022ko urtarrilaren 16ra arte). do mess with me erakusketan, bi pieza hauez gain, Alfaroren lanen sorta bat ere bildu da, horien artean Paski eta Paretara, paper margotuarekin egindako piezak, eta Tú re-post bideoa. Lorea Alfaroren eta Rafa Castells argazkilariaren arteko elkarrizketa biltzen duen do mess with me argitalpena ere plazaratuko da erakusketarekin batera. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta museoaren funtsetan sartu berri diren artisten ekoizpena ezagutzera emateko erakusketa sorta bat da.

<3 S P S <3 (2016-2017) seriea, bi bideoak barne hartzen dituena, erretratu modu garaikide bat da. Erretratatuarentzat, trap espainiarraren eszenako abeslari ezagun batentzat, neurrira egindako zetazko alkandora baten diseinuan du jatorria. Lorea Alfaroren ustez, alkandora diseinatzea molde bat egitea bezala da: «Moldea pieza [ALKANDORA] edo pieza multzo akoplatu bat [PATROIA] da, barrutik hutsa, baina lortu nahi den etorkizun solidoaren [HURA] kanpoko xehetasun eta aztarnak dituena. Oro har, molde malgu bat [ZETA] formari eusten dion kontra-molde zurrun [BIDEOA] edo “ama” [AMA] batekin muntatzen da, deformazioa saihestuz [BIDEOA]. Molde malguen abantaila da moldea kentzea finago egiten dela [SILK] eta emaitza hobea lortzen dela; gainera, arinagoa [SILK] eta iraunkorragoa [ARTEA] da».

Egilearen senide batek besaurrean zuen tatuajea errepikatzen da alkandoraren estanpatuan. Erakusketak bi bideo hauen eta aurreko bi lanen —Paretara eta Paski (biniloa hormaren gainean, 2014-2021)— eta ondorengo baten —Tú, re-post (2017) bideoa— arteko harremana erakusten du. Alfaroren lan osoan agertzen diren harreman horiek agerian uzten dute artista honek arreta, zaintza eta denbora mota batetik datozen elementuak, eguneroko objektuetan ez daudenak, bizitzan txertatzeko duen interesa.

Lorea Alfaro (Estella-Lizarra, 1982) artista da. Haren azken lanak ondoko erakusketa hauetan ikusi ahal izan dira: 2020, Jon Otamendirekin batera (Joan Miró Fundazioa, 2021), Un mundo sin cualidades (CarrerasMugica Galeria, 2020) eta No lo banalices (CarerrasMugica Galeria, 2018, 948Merkatua, 2019). 2014 urteaz geroztik (3l3a) LA marka hutsaren bidez lan egiten du.

Bestalde, erakusketa hau dela eta, #Bilduma saileko ale berri bat argitaratu du museoak. Bertan, haren ondare-funts publikoa osatzen duten obra eta artistei buruzko idazle, komisario eta historialarien testuak argitaratzen dira.

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta
Testuinguruak bilduma batetik abiatuta, Lorea Alfaroren erakusketa hau barne hartzen duen programa, Artium Museoaren Bilduma —funts garaikide paregabea, izaera publikokoa, eta ia 2.400 artelanek osatua— ezagutzera ematea helburu duten beste ekimen batzuei gehitu zaie 2021ean. Horrela, Zeru bat, hamaika bide Bildumaren erakusketa iraunkorraz gain, A01 aretoak 1977-2002 aldiaren kronologiari eta haren inguruko ikerketa-lanei lotutako azterketa-kasuak eta erakusketak hartzen ditu. Zeru bat, hamaika bide erakusketari ere aldaketak egiten zaizkio tarteka eta barne-ibilbide berriak sotzen dira. Museoaren argitalpen-programaren barruan #Bilduma sailaren sorrera helburu horren beraren barruan kokatzen da.

Museoaren erosketa-programak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da bere dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen une bati pultsua hartzeko. Hori da Museoaren funtsezko eginkizunetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea.

Daniel Llaría, Nadia Barkate eta Lorea Alfaro dira 2021ean programa honetan parte hartu duten artistak.

Prentsa oharra (pdf)  Irudi-eskaera. Lorea Alfaro  Erakusketa 

Lorea Alfaro. do mess with me. Testuinguruak bilduma batetik abiatuta

A02 aretoa, 2021eko irailaren 17tik 2022ko urtarrilaren 16ra
Argitalpena: do mess with me. Lorea Alfaro/Rafa Castells. 

 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand