Osteguna, 2021(e)ko Irailaren 16a 14:14

Artium Museoak Rosalind Nashashibi-ren pelikulak eta margolanak aurkeztu ditu Z Aretoaren programaren barruan

Artium Museoak Rosalind Nashashibi-ren pelikulak eta margolanak aurkeztu ditu Z Aretoaren programaren barruan 'Vivian's Garden'. Fotograma. Rosalind Nashashibi, 2017

Artista britainiarra pinturarekiko eta grabatuarekiko interesarekin uztartzen duen lan zinematografikoagatik da ezaguna. Nashashibiren lanak «bizitza atseginago eta gozoago bat posible egin dezaketen loturak ehuntzearen garrantzia» erakusten du. Proiektua muntatu ahala artistak Artium Museoan egindako hainbat margolan daude erakusketan.

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Rosalind Nashashibi artista aurkeztu du Z aretoa programarako erakusketa proiektu berri batean. Proposamen horretan, artista britainiarraren bi film proiektatuko dira, batetik, Vivian 's Garden eta Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine, eta, bestetik, Nashashibik erakusketa prestatzen ari zela museoan egindako hainbat margolan egongo dira ikusgai. Erakusketa honen inguruan, museoak argitalpen bat plazaratu du Francisco Salasen testu batekin. Z aretoa programak zinemagintzaren lurraldera jauzi egiten duten artisten eta erakusketa formatua arakatzen duten zinemagileen lanak ikusgai jartzeko espazio bat eskaintzen du, Garbiñe Ortegaren komisariotzapean.

Rosalind Nashashibi (Croydon, Londres, 1973) 16 mm-ko formatuan egindako pelikulengatik da batez ere ezaguna; haren filmak esperientzia pertsonaletatik eta eta giza portaeraren eta zenbait komunitatetako gizarte-harremanen behaketatik abiatzen dira. Artistak pinturarekiko eta grabatuarekiko interesa uztartzen du zinemagintzarekin batera. Z Aretoan proiektatuko diren bi filmekin batera, artistak hainbat margolan egin ditu Artium Museoko proiektu honetarako. Gai ugari jorratzen ditu bere lanetan, besteak veste, konpromiso politiko eta soziala, generoa, familia edo komunitate-zentzua.

Francisco Salas-ek argitalpeneko testuan dioen bezala, « Rosalind Nashashibik bere filmen gaiari ikuspegi humanista bat emateko duen gaitasunak funtsezko bihurtzen du artista hau, edertasun sentikor eta esanguratsuagoa behar duen mundu honetan». Salas-ek ondokoa ere nabarmentzen du Nashabishiri buruz ari dela: «bizitza atseginago bati eusteko eta hura posible egiteko loturak ehuntzearen garrantzia».

Pelikulak
Vivian 's Garden (Vivian-en lorategia) (2017) pelikulak Vivian Suter-en eta haren amaren, Elisabeth Wild-en, arteko harremana erakusten du, Guatemalan,Panajachel-eko oihanean bizi diren suitzar/austriar artista emigratuak. Bertan konposizio matriarkala garatu dute hala babesa nola beldurra eskaintzen dituen inguru batean. Pelikula honek haien bizitza artistikoen, emozionalen eta ekonomikoen begirada hurbila eta ameslaria bilatzen du, eta baita haien familien hedadurak ere: maiak etxeko laguntzaile eta zaindari gisa eta zenbait txakur, kolonialismo osteko konplexutasun une batean isla atsegin bat eskaintzen digula.

Bestalde, Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine, (Lehen zatia: Jai giroa dagoen lekuan, lagun bat agertuko da baso bat ardo partekatzeko) filmak harreman afektiboak eta komunitatearen eraikuntza aipatzen ditu. Familia egitura mota berri eta askatzaileago baten konjurua edo promesa da. Narratiba ez-lineala du, hainbat eszenatoki intimo lotzen dituena, batzuk etxe espazio partekatuetan, beste batzuk kanpoko giroetan. Lituanian, Londresen eta Edinburgon filmatutako film honetan artista, haren seme-alabak eta lagun minak —familia hedatutzat jotzen duena— aurkezten dira. Nashashibik elkarrekin bizitzeko modu berriak aztertzen ditu, eta familia-egitura nuklearrarik ezari buruz hausnartzen du, eredu inperatiborik gabe.

Margolanak
Proiektu honetako hiru margolan bikoitz egin ditu Nashashibik aretoan bertan, inguruari egokituz. Haietako batean sandia bat agertzen da, Palestinako banderaren ordezko gisa erabilia; izan ere, haren koloreen konbinazioa —beltza, zuria, berdea eta gorria— legez kanpo utzi zuten Israelgo okupazio indarrek 1967tik Palestinako entitatea eratu eta gerora arte. Nashashibik euskal banderaren koloreekin duen antzekotasuna azpimarratu du.

Artistak gogora dakar «Laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik», euskal kultura tradizionaleko araoa ere, museoko bildumaren Zeru bat, hamaika bide erakusketan aipatzen dena. Joxean Artze poetak 1973an bereganatu zuen, Palestina okupatuan sandiak bezala ekintza sozial eta politikorako eremu bat definitzeko, lurra borrokaren erdigunean jarriz.

Une jakin bat geruza askotan esperimentatzea gai errepikakorra izan da Nashashibiren margolan eta filmetan. Laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik; era berean, margolan hauetako irudiak egoera desberdinetan daude: erdibiturik, nahiz lurrean, nahiz lurraren gainean aurkitzen dira.

Rosalind Nashashibi
Rosalind Nashashibi Londresen bizi den zinemagile eta margolaria da. Haren filmetan esperientziaren tasunak, gauzak eta lekuak deskribatzen dira. Galdera batzuk egiten ditu: nola lan egiten dugu? Nola zaintzen dugu elkar? Nola mugitzen gara geure erakundeetan?

Banakako erakusketen artean ondokoak aipa daitezke: Londreseko Gerrako Museo Inperiala, Institute of Contemporary Arts eta Chisenhale Gallery, Kaliforniako UCI eta Objectif Anberes. Manifesta 7n, Trienal Nordikoan eta Sharjah 10en egon da ikusgai. Veneziako Bienalaren 52. edizioan Eskozia ordezkatu zuen. Artistentzako Paul Hamlyn saria jaso du eta Becks Futures saria irabazi duen lehen emakumea izan zen2003an. 2017an Atenas eta Kasselgo 14. dokumentan parte hartu zuen, eta Turner sarirako izendatu dute.

Z Aretoa
Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimendudun irudia pentsatzeko keinu erabakigarritik sortutako programa da. 2021. urtearen amaierara arte luzatuko den programa honetako lanak zeharkatzen dituzten gogoeten artean, azpimarratzekoak dira egileek taldearenaren ideiarekiko duten interesa eta haren inguruko ikerketa, eta baita elkarrekin pentsatzen eta lan egiten jarraitzeko eta etorkizun partekatu bat proiektatzeko moduak ere.
Film bakoitza Z aretoa esaten zaion horretan begiztan proiektatuko da, gutxi gorabehera bi hilabetez. Filmaren inguruan, elkarrizketa bat egingo da egile bakoitzarekin. Erakusketa-proiektu berri bakoitzarekin, aretoko lanen fitxa tekniko oso bat eta aditu, kritikari eta historialariek idatzitako testu espezifikoak biltzen dituen argitalpen bat argitaratzen da, programatutako lanen hedapena, analisia eta gogoeta sustatzeko.

Prentsa oharra (pdf)  Irudi-eskaera  Erakusketa 

Rosalind Nashashibi. Vivian's Garden / Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine

Z Aretoa, 2021eko irailaren 17tik azaroaren 14ra
Pelikulak

  • Vivian's Garden, 2017, 30 min. 16 mm-ko film baten transferentzia digitala.
  • Part One: Where There Is a Joyous Mood, There a Comrade Will Appear to Share a Glass of Wine, 2018, 18 min. 16 mm-ko film baten transferentzia digitala.

Argitalpena, Francisco Salas-en testuarekin
Z aretoa programaren komisarioa: Garbiñe Ortega

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand