Osteguna, 2021(e)ko Uztailaren 01a 13:17

Artium Museoak Maddi Barber-en eta Marina Lameiroren 'Paraíso' filmaren estreinaldia aurkezten du

Z Aretoa programaren barruan aurkeztuko da filma, zeinak erakusten baitu lurralde batean nekazaritza-jarduera bertan behera utzi eta hainbat urtera gertatzen ari den eraldaketa. 16 mm-an errodatutako eszenak eta bitarteko digitalen bidez lortutako irudiak uztartzen ditu.

Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoak Maddi Barber eta Marina Lameiro zuzendarien Paraíso film berriaren estreinaldia aurkezten du, Artium Museoko Z Aretoa programaren baitan. Beren lan berrian, eraldatzen ari den lurralde bat esploratu dute zuzendariek; hain zuzen ere, nekazaritza-jarduera bertan behera utzi eta hainbat hamarkadara bizilagunak berreskuratzen saiatzen ari diren eremu bat. Barber eta Lameirok filmazioa eta datuak atzitzeko teknologia digitalak erabiliz atzitako irudiak uztartu dituzte. Erakusketa honi loturik, Artium Museoak argitalpen bat plazaratu du María Palacios Cruz komisario, irakasle eta irudi mugimendudunari buruzko ikertzailearen testua duena. Filmaren produkzioak Corporación Mondragon erakundearen lankidetza izan du. Z Aretoa programaren komisarioa Garbiñe Ortega da.

Ilunpetan hasten da filma; emakumezko ahots bat entzuten da, ikusten dituen edo ikusten utzi zaizkion irudiak deskribatzen ari dena. María Palacios Cruzek azaldu bezala, “«heriotza»ri erreferentzia egiten diotela ulertu du emakume horrek, baina ez dago tristurarik edo laztasunik irudi horietan. Dena da gauzen ordena naturalaren parte: bereizezinak dira bizitza eta heriotza. Aurrerago jakingo dugu emakumea deskribatzen ari den irudi horiek baso batean moztear diren zuhaitzen ahotsak direla”. 60ko hamarkadan, hainbat herri gelditu ziren abandonatuta Artzibarren, eta Nafarroako Gobernuak pinuak landatu zituen garai batean laborantzarako edo animaliak bazkatzeko erabilitako larreetan. Handik 50 urte baino gehiagora, herri horietako batean erabaki dute pinuak bota eta larreak berreskuratzea, nekazaritza-jarduerari berriro heltzea eta biztanleek landa-eremutik hirietara alde egin ahala desagertzeko zorian egon zen bizimodu bat berreskuratzea. Hango biztanleek «el Paraiso» (Paradisua) deitu izan diote betidanik eremu horri.

Maddi Barber eta Marina Lameirok 16 mm-ko errodaje analogikoa eta haren testura berezia eskaner bidez atzitako paisaien hiru dimentsioko irudi digitalekin konbinatu dituzte. Erakusketan, filma ez ezik, mapa topografikoak eta ortofotografiak ikus daitezke, hainbat garaitakoak, Artzibarko lurraldearen hurrenez hurreneko eraldaketen erakusgarri, baita filma errodatu duten eremuan bildutako laginen herbario bat ere. Making-ofaren irudi sorta batek eta basoko soinuen memoria biltzen duen soinu-pieza batek osatzen dute proiektua.

Paraíso Maddi Barberrek eta Marina Lameirok lankidetzan sortutako lehen proiektua da. Bai Barber bai Lameiro zenbait talde-prozesutako eta partaidetza-ekimenetako partaide izan dira aurrez, baina Paraíso ez da hainbeste beren jarduera artistikoen arteko trukea,  Lakabe inguruko basoetako biztanleekiko (eta biztanleen arteko) truke humano eta ez-humano bat baizik; bazkarako larreak eskuratzearren moztuko dituzten zuhaitzek kontatutako istorio bat.

Zuzendariak
Maddi Barber (Lakabe, 1988), 592 metroz goiti (2018) eta Urpean lurra filmen egilea da, besteak beste, berrienak aipatzearren. Haren lanak hainbat jaialditan ikusi ahal izan dira, esate baterako, Visions du Réel-en, Donostiako Zinemaldian (Zabaltegi), Punto de Vista-n, Ji.hlava-n, Porto Post Doc-en eta Las Palmasekoan. Une honetan bere lehendabiziko film luzean (Claros de bosque) ari da lanean.

Marina Lameiro (Iruñea, 1986) zinemagilea eta ekoizlea da. 2018an bere lehen film luzea estreinatu zuen, Young & Beautiful; harekin sari eta laudorio ugari jaso zituen hainbat jaialditan. Bigarren film luzea, Dardara, zinema-aretoetan gehien ikusi diren 10 filmen zerrendan sartu zen Punto de Vista jaialdian estreinatu ondoren.

Z aretoa zinema-programa
Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimendudun irudia pentsatzeko keinu erabakigarritik sortutako programa da. 2021. urtearen amaierara arte luzatuko den programa honetako lanak zeharkatzen dituzten gogoeten artean, azpimarratzekoak dira egileek taldearenaren ideiarekiko duten interesa eta haren inguruko ikerketa, eta baita elkarrekin pentsatzen eta lan egiten jarraitzeko eta etorkizun partekatu bat proiektatzeko moduak ere.

Film bakoitza Z aretoa esaten zaion horretan begiztan proiektatuko da, gutxi gorabehera bi hilabetez. Filmaren inguruan, elkarrizketa bat egingo da egile bakoitzarekin. Erakusketa-proiektu berri bakoitzarekin, aretoko lanen fitxa tekniko oso bat eta aditu, kritikari eta historialariek idatzitako testu espezifikoak biltzen dituen argitalpen bat argitaratzen da, programatutako lanen hedapena, analisia eta gogoeta sustatzeko.

Prentsa oharra (pdf)  Irudi-eskaera 

Paraíso. Maddi Barber / Marina Lameiro. Z aretoa

Z aretoa, 2021eko uztailaren 2tik irailaren 12ra
Z aretoa programaren komisarioa: Garbiñe Ortega
Paraíso pelikularen estreinaldia: uztailaren 2an, ostirala, 11:00etatik aurrera
Iraupena: 22 min
Argitalpena, María Palacios Cruz-en testuarekin
Pelikularen proiekzioa eta zuzendarien eta komisarioaren arteko solasaldia: uztailaren 2an, ostirala, 18:00etan
Mondragon Korporazioaren lakindetzarekin ekoitzia

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand