Azteazkena, 2021(e)ko Ekainaren 02a 13:02

Margarita Ledoren 'Nación' pelikula 'Zinema feministaren historiak' zikloan: emakumeak eta langile borroka

Ledok amaitu gabeko borroka baten kontakizuna egin du dokumental honetan, A Pontesako zeramika fabrikako emakume kementsu eta karismatikoena. Zikloa Artium Museoak eta Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, elkarrekin egindako proposamena da

Artium Museoaren, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren, Emanaldi aretoan, Margarita Ledo zuzendari galiziarraren Nación filma proiektatuko da datorren larunbatean, ekainak 5, 18:00etan, Zinema feministaren historiak zikloaren barruan. Margarita Ledok amaitu gabeko borroka baten kontakizuna egin du dokumental honetan, Pontevedrako A Pontesa zeramika fabrikako emakume kementsu eta karismatikoena, hain zuzen ere. 2001ean itxi zuten behin betiko, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako birmoldaketa industrialaren ondorioz. Aitziber Olaskoaga zinemagileak egingo du filmaren eta zuzendariaren aurkezpena. Zinema feministaren historiak (Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Artium Museoaren arteko lankidetzaren emaitza) zikloaren helburua emakume zinemagileak eta haien sorkuntzak aldarrikatzea eta ezagutaraztea da.

A Pontesa zeramika fabrika ixtearen aurkako borrokan protagonista izan ziren emakumeen ahotsak biltzen ditu, 20 urte geroago, Nación dokumentalak. Zinemak askotan jorratu du langile-borrokaren gaia, baina film horietan gutxitan agertu da borroka horrek emakumeentzat duen espezifikotasuna, lanean hasteak ekarri zuen askatasunaren ondoren, industria-sektorearentzat ere nahasiak izan ziren garai haien erdian.

A Pontesako zeramika fabrikako emakume kementsu eta karismatikoen aurpegi eta ahotsen bidez, Margarita Ledok amaitu gabeko borroka baten kontakizun hunkigarri, borrokalari eta poetikoa eraiki du. Nación joan den martxoan estreinatu zen zinema-aretoetan eta, zuzendariaren hitzetan, «emakumeok eskubideak izateko behar izan dugun denbora luzea aztertzen duen filma da, ez bakarrik botoa emateko, baita soldatapeko lana eta independenteak izateko aukera lortzeko ere. Laburbilduz, zenbat kostatu zitzaigun Nazio izatea».

Margarita Ledo (Castro de Rei, Lugo, 1951) galiziar kulturako irudi garrantzitsu bat da, zinemagilea, idazlea eta Santiago de Compostelako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko katedraduna. Poesia, narrazio-liburuak eta saiakera argitaratu ditu, baina baita hainbat ikerketa lan ere. Santa liberdade (2004) izan zen bere lehen film luzea, eta haren ondoren Liste, pronunciado Líster (2007) eta A cicatriz branca (2012) fikzioa etorri ziren, bigarrena Porta blindada nobelan oinarritua; hainbat lan esperimental eta dokumental ere egin ditu. Premio Nacional da Cultura Galega saria jaso zuen 2008an Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen arloan, Otero Pedrayo saria 2017an, eta gainera Galiziar Akademiaren kide da.

Artium Museoak eta Tabakalerak antolatutako Zinema feministaren historiak zikloak emakume zinemagileen lana aldarrikatu eta ezagutarazi nahi du. Zuzendari horien sormen-unibertsoan sakontzeko, zinemari eta kulturari lotutako emakume batek egiten du aurkezpena proiekzio bakoitzaren aurretik.

Naciónen ondoren, uda ostean jarraituko du zikloak, eta film hauek guztiak ikusi ahal izango ditugu: Barbara Hammer-en Audience (1983) eta Xiana do Teixeiroren Tódalas mulleres que coñezo (2018), Irati Crespo ikertzaile, kritikari eta zinema-komisarioak aurkeztuak, Helke Sander-en (The All-around Reduced Personality - Redupers, 1978), Lola Hinojosak, Reina Sofia Museoko zinema eta bideo kontserbatzaileak aurkeztua, Nina Menkesen (Queen of Diamonds, 1991, Ainara Elgoibar artistak aurkeztua eta Claire Simonen (Mimi, 2003), Katixa Agirre idazleak aurkeztua.

Zinema zikloa. Zinema feministaren historiak II

Nación. Margarita Ledo, 2020
Aurkezlea: Aitziber Olaskoaga, zinemagilea
Ekainaren 5ean, larunbata, 18:00etan

Prentsa oharra (pdf)  Zikloaren programa  Pelikularen trailerra  

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand