Ostirala, 2021(e)ko Maiatzaren 28a 13:19

Artium Museoak Nadia Barkateren lan erosi berriak aurkeztuko ditu 'Testuinguruak bilduma batetik abiatuta' programan

Eskultura eta marrazki multzo handi bat da, eta horietatik Tuya gigante, tuya occidental saileko bost akuarela duela gutxi sartu dira Museoaren Bilduman. Museoaren funts garaikide bikainaren ikusgarritasuna areagotzea da Testuinguruak bilduma batetik abiatuta programaren, azterketa-kasuen eta Zeru bat, hamaika bide erakusketaren barruko txandaketen helburua.

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, erosi berriak dituen Nadia Barkate artistaren bost urmargo (Tuya gigante, tuya occidental sailekoak) aurkeztuko ditu Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa-programaren barruan (A02 aretoan, 2021eko irailaren 5era arte). Barkateren beste lan batzuek, azken hiru urteetan ekoitzitako akuarela eta beira puztuz egindako eskulturek, ematen die testuingurua pieza horiei. Museoaren funtsetan sartu berri diren artisten ekoizpena ezagutzera emateko erakusketa sorta bat osatzen du Testuinguruak bilduma batetik abiatuta erakusketa programak.

Nadia Barkatek (Bilbo, 1980) marrazkiaren eta haren inertzien bidez garatzen du bere lana. Haren jardunean, halako narrazio-borondate bat dago, egunerokoa, eskuz egindakoa eta hitza lotzen dituena. Tuya gigante, tuya occidental Barkatek 2018an eta 2019an egindako formatu txiki eta handiko urmargo sorta baten parte da. Artistaren esanetan, estudioan bere baitan bildurik egondako uneetan sortu ziren, non kontzentratuta zegoen bitartean eskuekin egiten zituen keinuez jabetu baitzen.

2020an Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren sektore artistikoari laguntzeko planaren barruan erositako bost pieza aurkezten ditu erakusketak. Artium Museoak, Donostiako Tabakalerak eta Bilboko Arte Ederren Museoak hautatutako lanek osatutzen duten Bilduma partekatua izeneko funtsaren parte dira. Gainera, bost lan horiei testuingurua emateko beste sei akuarela eta beira puztuz egindako duela gutxiko bost eskultura daude, kasu batzuetan bilduma partikularretatik datozen piezak.

Berriki, Nadia Barkatek ondoko aretoetan erakutsi ditu bere lanak, besteak beste: Okela (Bilbo), Galería MPA (Madril), Galleria Nappa and Studio Mustanapa, (Rovaniemi, 2021), Lìtost Gallery (Praga, 2020), Bombón Projects (Bartzelona,2019), Westfälischer Kunstverein (Münster, 2019), Bilboko Arte Ederren Museoa (2018), Tabakalera (Donostia, 2018), Ethall (Bartzelona, 2018), Azkuna Zentroa (Bilbo, 2018), Carreras Múgica (Bilbo, 2015), Altes Finanzamt (Berlin, 2015), Espai 01(Olot, 2012) eta Montehermoso (Vitoria-Gasteiz, 2010).

Bestalde, erakusketa hau dela eta, #Bilduma saileko ale berri bat argitaratu du museoak. Bertan, haren ondare-funts publikoa osatzen duten obra eta artistei buruzko idazle, komisario eta historialarien testuak argitaratzen dira. Oraingo honetan, Mariano Mayer (Buenos Aires, Argentina, 1971) poeta eta erakusketen komisarioa izan da hautatua. 2002. Urteaz geroztik Madrilen bizi da. Haren azken proiektuen artean ondokoak aipa daitezke Azucena Vieites. Playing Across Papers, Sala Alcalá 31 (Madril, 2020) edo Distancias elásticas: Antonio Menchen y Cecilia Szalkowicz, Centro Párraga (Murtzia, 2019). Fluxus Escrito. Actos textuales antes y después de Fluxus liburuaren egilea da.

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta

Testuinguruak bilduma batetik abiatuta, Nadia Barkateren erakusketa hau barne hartzen duen programa, Artium Museoaren Bilduma —funts garaikide paregabea, izaera publikokoa, eta ia 2.400 artelanek osatua— ezagutzera ematea helburu duten beste ekimen batzuei gehitu zaie 2021ean. Horrela, Zeru bat, hamaika bide Bildumaren erakusketa iraunkorraz gain, A01 aretoak 1977-2002 aldiaren kronologiari eta haren inguruko ikerketa-lanei lotutako azterketa-kasuak eta erakusketak hartzen ditu. Zeru bat, hamaika bide erakusketari ere aldaketak egiten zaizkio tarteka eta barne-ibilbide berriak sotzen dira. Museoaren argitalpen-programaren barruan #Bilduma sailaren sorrera helburu horren beraren barruan kokatzen da.

Museoaren erosketa-programak artearen arloan gaur egun garatzen ari diren eztabaidak eta praktikak esploratzen eta horien berri ematen laguntzen du, eta, gainera, ezinbesteko tresna da bere dinamismoa eta konplexutasuna ezaugarri dituen une bati pultsua hartzeko. Hori da Museoaren funtsezko eginkizunetako bat: ondare garaikidearen ekoizpena sustatzea eta artistak eta haien ekoizpenak bultzatzea.

Daniel Llaría artistak egin zuen lehen erakusketa A02 espazioan, eta Nadia Barkateren ondoren Lorea Alfaro etorriko da.

Erakusketa  Erakusketako lanak Prentsa oharra (pdf)  Irudien eskaera 

Nadia Barkate. Tuya gigante, tuya occidental. Contextos desde una exposición
A02 aretoan, 2021eko maiatzaren 29tik irailaren 5era
Argitalpena: Nadia Barkate. Mi momia. #Bilduma saila. Testuaren egilea: Mariano Mayer.  

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand