Asteartea, 2021(e)ko Maiatzaren 18a 11:42

consonni Argitaletxea asteazken honetan Artium Museoaren Paperetik hitzera programan

Bere lan editorialaz gain, consonni argitaletxeak arte-proiektuak, eztabaida-jarduerak eta irratsaioak sustatzen ditu kultura-gune propio batean. Juncal Ballestínen erakusketa dela eta, Elvira Illana koreografoak Ejercicio nº 47847 piezaren egokitzapena eskainiko du egun berean

consonni argitaletxe eta kultura-guneak Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren Paperetik Hitzera programan parte hartuko du datorren maiatzaren 19an, asteazkena, 19:00etan. consonni-ko zuzendariak, María Mur Deanek, aurten 25 urte beteko dituen argitaletxe honen sorrera azalduko digu, bere ibilbide oparoaren ekoizpena (liburuak, arte-proiektuak, tailerrak, eztabaidak, irratsaioak eta abar) hizpide hartuta. Paperetik Hitzera programa liburuak eta argitalpen-proiektuak aurkezteko ekimen bat da, Artium Museoak antolatua. Gainera, Elvira Illana koreografoak Ejercicio nº 47847 lana aurkeztuko du, 17:45ean, Museoen Nazioarteko Egunaren barruan. Sarrera doakoa da; plaza kopurua mugatua da eta ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, 945 20 90 20 telefonora deituta.

consonni argitaletxea Bilboko San Frantzisko auzoko kultura-gune independente bat da. 1996an martxan sortu zenetik, aurten 25 urte beteko ditu kultura kritikoa sustatuz, argitaletxeak berak dioenez: “letra xehez idatzia eta aldaketa etengabean, izaki androgino eta polizefaloa da consonni, bi super-botere dituena: feminismoa eta entzumena”. Argitaletxe-proiektuak “mundu zentzudunago bat irudikatzen lagunduko diguten narratibak” bilatzea du ardatz. “Eta literaturaren eta artearen arteko ebaki-puntutik abiatuta ahotsak anplifikatzea”. consonni argitaletxearen funts editoriala katalogoek, kritika-saiakerek, kultur teoriako lanek eta fikziozko liburuek, paperezkoek zein elektronikoek, osatua dago. Gainera, podcastak editatzen ditu, arte-proiektuak, tailerrak, topaketak, eztabaidak eta irrati-showak sortzen ditu, eta egonaldi artistikoak eskaintzen ditu, bai consonni-ren egoitzan bertan, bai beste toki eta hiri batzuetan ere, “askotariko konplizerekin elkarlanean eta elkar hartuta”.

Hauek ditugu azkenaldian argitaratutako liburuetako batzuk: Verónica Berger Bicecci-ren Mudanza, Alaine Agirre-ren X ha muerto, Miguel Álvarez-Fernández-en La radio ante el micrófono: voz, erotismo y sociedad de masas, edota Ángel Calvo Ulloa-ren eta Juan Canela-ren Desde lo curatorial. Conversaciones, experiencias y afectos.

Paperetik hitzera programaren baitan, hilero-hilero, askotariko liburuak eta argitalpen-proiektuak aurkezten dira, hainbat artista, idazle, diseinatzaile, historialari eta komisarioren eskutik. Artearen munduaren eta argitaletxeen arteko etengabeko hartu-emanak sustatzeko programa bat da funtsean Paperetik Hitzera, Museoaren funts bibliografikoen erosketa-politikaren ikerketa-ildo nagusietako bat ere izateaz gain.

Orain arte, Artium Museoaren Paperetik Hitzera programan parte hartu dutenen artean, askotariko alorreko ordezkariak izan ditugu, hala nola argitaletxeen alorrekoak (Sans Soleil argitaletxea), artearen historiaren alorrekoak (Mariano Maye), edo praktika artistikoaren alorrekoak (Gema Intxausti). Maiatzeko consonni-ren bisitaren ondotik, beste argitaletxe bat etorriko zaigu bisitan ekainaren 17an, Caniche, proposamen artistiko garaikideetan espezializatua eta bestela jendearengana iristen ez diren proiektuei ikusgarritasuna ematea helburu duena.

Ejercicio nº 47847
Bestalde Juncal Ballestín. Bizitza ariketa gisa erakusketaren azken egunekin bat eginez eta Museoen Nazioarteko Egunaren barruan, Elvira Illana koreografoak Ejercicio nº 47847 piezaren egokitzapena eskainiko du. Illanak Juncal Ballestinen El pedestal invisible bideoaren proiekzioa ere sartu du, artistak behin eta berriz adierazi baitzuen ballet dantzarien lanarekiko sentitzen zuen miresmena.


Paperetik hitzera

consonni Argitaletxea
Maiatzaren 19an, asteazkena, 19:00etan
Sarrera doan. Toki mugatua
Argibideak eta erreserbak: 945 20 90 20

Dantza garaikidea

Ejercicio nº 47847. Elvira Illana/Juncal Ballestín
Maiatzaren 19an, asteazkena, 17:45ean
Laguntzailea: José Uruñuela Dantza Kontserbatorioa (Vitoria-Gasteiz)

Prentsa oharra (pdf)  Artium Museoaren jarduerak 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand