Osteguna, 2021(e)ko Maiatzaren 13a 08:28

Artium Museoak Z aretoa programa aurkeztu du Patricia Esquivias-en 'Cardón cardinal' pelikularekin

1992ko Erakusketa Unibertsalerako Mexikon endemikoa den kaktusaren ale bat Sevillara eramateari buruzko ikerketaren emaitza da Cardón cardinal. Z Aretoa programak artearen eta zinemaren hizkuntzak partekatzen dituzten artista eta zinemagileen lau ekoizpen aurkeztuko ditu 2021ean

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Z aretoa programa jarri du abian Patricia Esquiviasen Cardón cardinal filmarekin, 1992ko Erakusketa Unibertsalerako Mexikotik Sevillara 18 tonako kaktus erraldoi bat, kardoi bat, eramateari buruzko ikerketatik sortua. Cardón cardinalen proiekzioa proiektuaren egikaritzearekin lotutako artistaren objektu eta ohar sorta baten bidez kokatuko da testuinguruan. Z aretoak eremu zinematografikoan sartzen diren artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanak ikusgai jartzeko espazioa sortu du Artium Museoan. Maddi Barber eta Marina Lameiro, Rosalynd Nashashibi eta Eric Boudelaire izango dira programa honen parte 2021ean. Garbiñe Ortega ikertzailea eta Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoa da.

Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, esta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimendudun irudia pentsatzeko keinu erabakigarritik sortutako programa da. Hizkuntza zinematografikoa historikoki kategorizatzen duten generoak zalantzan jarriz narrazio-forma berriak bilatzen saiatzen diren egileengana hurbildu nahi dira ikusleak programa honen bidez.

In Defense of the Poor image (irudi pobrearen defentsan) izeneko saiakera batean, Hito Steyerl artistak ekoizpen mediatikoaren berregituraketa neoliberalak izaera esperimentalagoa zuen ekoizpen zinematografikoa nola aldatu zuen deskribatzen du, eremu publikotik desagerraraziz. Dinamika horiek, aldi berean, ekoizpen independenteen zirkulazioeta erakusketa-zirkuitu berriak sortu dituzte, besteak beste, arte-zentroetako aretoak eta museoak. Hala ere, oraingo honetan, Museoaren proiekzio-gela ordeztu beharrean —askotan proposamen honekin bat egiten duen pantaila aktiboa—, ikus-entzunezko ekoizpen horiek gehituz erakusketa-espazioetako ikustaldietan protokolo eta denbora berriak aztertzea proposatzen da.

Programaren dinamika erraza da: film edo film sorta bakoitza Z aretoa esaten zaion horretan begiztan proiektatuko da, gutxi gorabehera bi hilabetez. Filmaren inguruan, elkarrizketa bat egingo da egile bakoitzarekin. Erakusketa-proiektu berri bakoitzarekin, aretoko lanen fitxa tekniko oso bat eta aditu, kritikari eta historialari batzuek eta besteek idatzitako testu espezifikoak biltzen dituen argitalpen bat argitaratzen da, programatutako lanen hedapena, analisia eta gogoeta sustatzeko.

2021. urtearen amaierara arte luzatuko den programa honetako lanak zeharkatzen dituzten gogoeten artean, azpimarratzekoak dira egileek taldearenaren ideiarekiko duten interesa eta haren inguruko ikerketa, eta baita elkarrekin pentsatzen eta lan egiten jarraitzeko eta etorkizun partekatu bat proiektatzeko moduak ere.

Cardón cardinal
Cardón Cardinalek duela 26 urte jazotako gertaera baten bertsio zabala kontatzen du: Kaktus erraldoi bat, 17 metro gora eta 18 tonako Pachycereus pringlei bat, nola eraman zen Kalifornia Behereko basamortutik Mexikoko Pabiloiko lorategira Sevillako 92ko Erakusketa Unibertsalerako. Ordenagailu baten pantailan Mexikora egindako bidaia baten eta Sevillara egindako beste baten irudiak ikusten ditugu, eta aldi berean, Sevillan abandonatutako kaktus herraldoiaren —Kalifornia baxuko balio ekologiko eta etnologiko handiko espezie endemikoaren— presentzia ulertzeko egindako ikerketa baten berri ematen du offeko ahots batek.

Proiektu honen harira egindako argitalpenean, Manuel Asínek azaltzen du: «Cardón cardinalen protagonistetako bat Kalifornia Beheretik Sevillara mirespena sortzeko aitzakiarekin eramandako kaktus erraldoi zoragarri hori da, zeinaren inguruan azkenean aparkaleku bat egin baitzuten»; eta bere buruari galdetzen dio: «Zenbaterainokoa zen pasioa eta zenbaterainokoa erantzukizuna Juan Siles Aguilera ingeniariarengan eta Pedro Ramírez Vázquez arkitektoarengan, arkitekturaren edo lorezaintzaren izenean, hamalau metroko altuera zuen kaktus erraldoi bat Mexikoko basamortutik erauzi zutenean Sevillan birlandatua izateko, ia 10.000 kilometrora, 1992ko Erakusketa Unibertsala zela-eta?»

Patricia Esquivias Caracasen jaio eta Madrilen hazi zen. Londresen ikasi zuen (1997-2001) eta San Frantziskon (2005-2007) zabaldu zituen ikasketak. Ondoko erakunde hauetan erakutsi ditu bere lanak bakarka: Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, Langenhagen Kunstverein-en, Stacion Pristina-n, CA2M Móstolesen, MARCO Vigon, Hammer Museum-en, Reina Sofia Museoan eta White Columns-en. Talde erakusketetan ere parte hartu du, nona batzuk: Querer parecer noche, CA2M, Arte y cultura en torno a 1992, CAAC, Ficciones y territorios, Museo Reina Sofía eta When Things Cast No Shadow, 5. Berlin Biennale für zeitgenössische Kunst.

Patricia Esquivias. Cardón cardinal. Z aretoa.
2021eko maiatzaren 13tik ekainaren 27ra
Argitalpena, Manuel Asín testuarekin. Garbiñe Ortegaren eta Beatriz Herráezen sarrera
Komisarioa: Garbiñe Ortega
Lotutako jarduera: Cardón cardinal-en proiekzioa eta Patricia Esquiviasen eta Garbiñe Ortegaren arteko solasaldia. Maiatzaren 13an, osteguna, 18:00etan

Prentsa oharra (pdf)  Artium Museoaren erakusketak  Irudi-eskaera 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand