Ostirala, 2021(e)ko Martxoaren 26a 10:32

Artium Museoak Katinka Bock-en 'Logbook' erakusketa aurkeztu du

Artistak azken bost urteetan egindako lanen sorta bat aurkezten du erakusketak, batzuk erakusketa honetarako ekoitziak

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Katinka Bock. Logbook erakusketa aurkeztu du (A2 aretoa, 2021eko irailaren 12ra arte). Estatuan artistari eskaintzen zaion lehen erakusketak duela gutxiko lanak ezagutzeko aukera ematen du, haren ibilbidearen funtsezko ezaugarriak dituztenak: eskulturaren, arkitekturaren eta hizkuntzaren eremuen arteko etengabeko trukea. Artistaren eta bertako artisauen arteko elkarlanetik eta museoko espazioak balearen sabelarekin edo itsasontzi baten sotoarekin lotzetik abiatuta egin diren piezak daude erakusketan, besteak beste. Beatriz Herráezek komisariatu du erakusketa, eta Albaola Itsas Kultur Faktoriaren laguntza izan du.

Katinka Bockek bere erakusketa guztietan definitzen du lanak txertatzen diren espazioa, lekua aldatzen duten eta hari eragiten dioten esku-hartzeetatik abiatuta, ateak, leihoak eta tunelak irekiz edo lan horietara hurbiltzen denaren pertzepzioa aldatzen duten elementu berriak gehituz. Artium Museoaren kasuan, A2 aretoko hormetan irekidura zabalak eginarazi ditu, panelen eta saihets-hezurren barne-egitura agerian utziz, espazioak lotzen eta erakusketa ikusteko modua aldatzen dituztenak. Orain arte estalita zeuden zenbait idi-begi ere ireki ditu, espazioa argi naturalez betez eta museoaren kanpoaldetik artelanak ikusteko aukera emanez.

Logbook (ontziko liburua) Katinka Bockek azken bost urteetan egindako lanen hautaketa bat da, batzuk erakusketa honetarako ekoitziak. Artistaren hitzetan, bere ekoizpena, askotan, lan prozesu baten emaitza da, non arrazionala eta ezustekoa aurkitzen diren. Beatriz Herráezek erakusketa dela-eta egin den argitalpenerako testuan dioen bezala: «Logbook-ek balearen sabela bezalakoa den museo bat marrazten du (zeinetatik dena aprobetxatzen baita), eta bertan pilaturik: Moby Dick, Selma Huxley, kaskoak, hezur okerrak, koilarak, protesiak, oinetakoak, arrainak eta orkideak loretan, erakusketaren aldameneko espazioan biltegiratzen diren Bildumako 2.500 artelanekin batera».

Albaolarekiko lankidetza

Katinka Bockek 2020ko udan bisitatu zuen Pasaiako Albaola lantegia, erakusketa prestatzeko Euskal Herrira egin zuen bigarren bisitan. Itsasontziak egiteko artisau-moduak berreskuratzeko eta Ternuako kostaldean hondoratutako XVI. mendeko euskal baleontzi baten, San Juan itsasontziaren, erreplika bat sortzeko proiektua ezagutzeko aukera izan zuen artistak. Aldi berean, Selma Huxleyren berri izan zuen, Euskadin urte luzez bizi izan zen historialari britainiarra, Kanadako euskal arrantzategien historiaren inguruan hainbat aurkikuntza ikertu eta egin zituena.

Artiumekin izandako elkarrizketa ugaritan, Albaolako ikasleekin elkarlanean erakusketarako artelan bat egitea bururatu zitzaion artistari, itsasontziaren zuokerrak sortzeko erabilitako haritz-zurezko pieza luze okertuak erabiliz. Segment with unknown radius, 8 metro inguru luze, aretoan dago ikusgai, eta baita Selma ere, historialariaren irudia gogorarazten duen zeramikazko eskultura.

Katinka Bock

Katinka Bock-ek (Frankfurt am Main, 1976) Berlingo Kunsthochschulen eta Lyongo École Nationale des Beaux Arts-en ikasi zuen. Erromako Villa Medici egoitzan artista izan da, Dorothea von Stetten Kunstpreis saria jaso du Alemanian eta Prix Ricard saria Frantzian. Hainbat bakarkako erakusketa egin ditu, besteak beste, Culturgest-en (Lisboa, Portugal); Kunstmuseum Stuttgart-en eta Nuremberg Kunstverein-en (Alemania); MAMCO-n (Geneva) eta Kunstmuseum Luzern-en (Suitza); Henry Art Gallery-n (Seattle, AEB); Mercer Union-en (Toronto, Kanada) eta Common Guild-en (Glasgow, Eskozia). 2018an bere Tomorrow 's sculpture erakusketa-proiektua, trilogia, ondoko hiru lekuetan erakutsi zuen: Kunstmuseum Winterthur (Suitza), Mudam Luxemburg (Luxenburgo) eta Institut d' Art Contemporain Villeurbanne (Frantzia). Azken bakarkako erakusketak Pivo-n (Sao Paulo, Brasil), Lafayette Anticipation-en (Paris, Frantzia) eta Kestnergesellschaft Hannover-en (Alemania) egin ditu.

Prentsa oharra (pdf)  Erakusketa Lan zerrenda Irudi-eskaera 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand