Ostirala, 2021(e)ko Martxoaren 05a 09:32

ARTIUM MUSEOAK BIGARREN BIDEA AURKEZTU DU BILDUMAREN ZERU BAT, HAMAIKA BIDE ERAKUSKETAREN ESPARRUAN, ETA, GAINERA, EUSKAL EMAKUME ARTISTEN DOKUMENTAZIO ZENTROA

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, egitarau berezia antolatu du Artiumek, emakumeek praktika artistikoan duten presentziaren auziarekin loturiko hainbat alderdiri buruz gogoeta sustatzeko; emakumeek artean duten presentzia baita, hain zuzen ere, Museoaren proiektuaren zeharlerroetako bat, haren lan eta ikerketa-esparru guztiak ukitzen dituena. Hala, Bigarren bidea irekiko zaio publikoari. Bildumari buruzko Zeru bat, hamaika bide erakusketaren baitan antolatuko den ibilbide sortako berria da, eta artearen eta pentsamendu feministaren arteko loturak izango ditu oinarri. Gainera, Artium Museoak Euskal emakume artisten, eta praktika artistiko eta arte teoria feministak dokumentazio zentroa jarriko du abian: mugimendu feministari loturiko praktika artistikoei buruzko ikerketaren eta hainbat belaunalditako euskal emakume artisten ekoizpenaren lagungarri izango diren iturri bibliografikoak eta dokumentazioa biltzeko, kontserbatzeko eta hedatzeko gune espezializatu bat.

Artium, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, 2002an inauguratu zen, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gasteizko Udalaren eta Eusko Legebiltzarraren funtsez osatutako bilduma batean oinarrituta. Funts horiei museoak sortu zenetik erosi dituen obrak gehituz joan zaizkie. 2018an, 2.400 artelan inguru biltzen dituen bildumaren azterketa bat egin zen, eta funtsetan artista emakume gutxi zeudela egiaztatu zen (% 20,8). Harrezkero, herritar guztiei zerbitzurik onena eskaintzeaz arduratzen den erakunde publikoa den aldetik eta euskal errealitatea zein nazioarteko museo-korronte berriak aintzat hartuta, Museoak ildo estrategiko bat ezarri du, artistak artearen historian (edo historietan) sartzearen alde egiten duena eta haien lanak ondarearen funtsezko zati direla nabarmentzen duena.

Bigarren Bidea-ren, Bildumaren ibilbidearen, erako ekimenak bultzatzen dituen lan-ildo berri honen garapenean, martxoaren 8ko ospakizunaren esparruan inauguratzen denean, arte garaikidearen inguruko eztabaiden garapena bere testuinguruan ulertzeko funtsezkoak diren emakume artisten gordailuak eta erosketak sartu dira Museoaren funtsen erakusketan. Ibilbide horretan jarri da ikusgai lehen aldiz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2020an erakunde honen, Tabakalera KGNZren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren artean partekatutako bilduma batera bideratutako funtsekin erositako artelan multzo bat, baita Arabako Foru Aldundiak eskuratutako obrak ere. Besteak beste, Azucena Vieites, Estibaliz Sádaba, Ana Isabel Roman eta Lucía Onzaín artisten lanak izango dira ikusgai Artiumeko aretoetan. Juana Cima artistaren horma-lan batek espazio zentral bat hartzen du erakusketan, Gasteizko Udalaren bildumatik datorren eta 1980an Pintura eta Eskulturako IV Bienalean saritutako.

Ibilbide berri horrekin batera, martxoaren 5ean Euskal Emakume Artisten Dokumentazio Zentroa (Praktika artistiko eta artearen teoria feministak) aurkeztuko da, Museoko Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuari atxikitako gune espezializatua. Proiektu horrek Museoaren ildo estrategiko bat indartzen du, parekotasunetik abiatuta lan egitea helburu duena. Zentro hori, gainera, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren bilduman dauden Euskal Herriko emakume artisten lanen artxibo dokumentala da, eta baita erakusketa-programen bidez elkarrizketak sortzen diren emakume artistena ere.

Horrela, Dokumentazio Zentroak eginkizun bikoitza betetzen du: batetik, museoak bere funts eta artxiboetan emakume artistak sartuz bilduma osatzeko egindako aurrerapenak erakusten ditu, eta, bestetik, testuinguruko artisten lanak eta irudiak ezagutzeko eta aztertzeko aukera ematen die komunitate artistikoari eta herritar guztiei.

Prentsa ohar osoa (pdf)  Lan zerrenda  Irudi-eskaera  

Erakusketa 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand