Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, sorkuntzaren esparruan diharduten profesionalei zuzendutako Jarduera Artistikoen Institutua-n (JAI) bigarren edizioan parte hartzeko deialdia ireki dute. Artistei zuzendutako ikasketa-programa honen bigarren edizioak maiatzaren 31an hasiko du ibilbidea. Praktika artistikoa izango da programaren muina, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.
JAI Institutuak joan zen urtean izan zuen harrena ona kontuan hartuta, bigarren edizioa maiatzaren amaieran abiatuko da programa COVID-19-ak eragindako egoerari egokituta. Aurrez aurreko saioak eta onlinekoak uztartuko dira, eta horri esker, besteak beste, Moyra Davey, Patricia Esquivias, Antonio Ballester eta Xabier Salaberria irakasleekin ikasteko aukera egongo da, Artiumen 2021eko erakusketa-programan parte hartzen dutenak.
Bigarren edizioak, hiru hilabetez, udako eskola baten moduan funtzionatuko du, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Prestakuntza Tabakalerako Artisten Gunean izango da, maiatzaren 31tik abuztuaren 29ra bitartean. Programak irauten duen hiru hilabeteetan, hezkuntza-programako zenbait jarduera publiko eta atal Artium Museoan egingo dira; bertan, JAI ekimena publiko orokorrarentzat ikusgai egongo da.
Tutoretza profesionalak
Irakasleen taldea gaur egun bi erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatu dute. Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artista) izango dira institutu berriaren tutoreak, eta irakasle lanetan Chris Kraus, Moyra Davey & Nicolas Linnert, Lisa Tan, Maialen Lujanbio, Discoteca Flaming Star, Antonio Ballester, Xabier Salaberria, Jan Peter Hammer, Patricia Esquivias eta María Salgado. Irakasle berrien ondoan, badira bigarren urtez ariko direnak ere, Jon Mikel Euba eta Lily Reynaud Dewar kasu. BI edizioen arteko zubi-lana egingo dute eurek.
Horrez gain, Institutuak ikerketa batzorde bat izango du, Beatriz Herráez (Artiumeko zuzendaria), Oier Etxeberria (Donostiako CICC Tabakalerako Arte Garaikideko arduraduna) eta aipatutako hiru tutoreek osatua. Batzordekideak izango dira artista eskola osatuko duten 10 partaideen aukeraketa egingo dutenak.
Deialdia
Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago. Izena emateko epea zabalik egongo da gaurtik, 2021eko otsailaren 23tik martxoaren 23ra arte. Parte hartzeko, hautagaiek Tabakaleraren eta Artium Museoaren webgunetan eskuragarri dagoen galdetegi baten bidez eman beharko dute izena, eta curriculum vitaea, biografia, motibazio gutun bat eta aurreko lanen dosier digital bat -irudiekin- erantsi beharko dituzte bertan.
Hautatutako pertsonek 450€ ordainduko dituzte prestakuntzarako matrikula gisa, eta, horrez gain, hala eskatzen duten hautagaientzat matrikula- eta ostatu-gastuak barne hartzen dituzten bi beka eskainiko dira.
Deialdiaren ebazpena 2021ko apirilaren 1ean jakinaraziko da, telefonoz edo posta elektronikoz.