Ostirala, 2021(e)ko Urtarrilaren 29a 12:34

Artium Museoak Juncal Ballestínen Biztza ariketa gisa erakusketa aurkeztu du

Pintura, objektu eta instalazio sorta hautatu bat bildu da erakusketa honetan –horien artean jendaurrean erakutsi gabeko zenbait lan–, artistaren ibilbidera hurbiltzeko

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Juncal Ballestín. Bizita ariketa gisa erakusketa aurkeztu du (A3 Aretoa, 2021eko maiatzaren 23ra arte). Juncal Ballestínek (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015) serieka antolatutako lan multzoetan egituratu zuen bere obra. Eta, hain zuzen ere, artistak erabilitako sailkapena errespetatu da Artium Museoko erakusketa honetarako: bi multzo nagusi bereizi dira, bat artistaren pinturako serie nagusian oinarritua, eta, bestea, zenbait objektu serie biltzen dituena. Bi multzo nagusi horiei gehitu zaizkie, gainera, inongo serietan txertatuta egon ez arren artistaren ibilbidera hurbiltzeko funtsezkoak diren zenbait obra. Anesvad Fundazioaren (Ballestín-en legatuaren oinordekoa) lankidetzari esker egin da erakusketa, eta Fernando Illana da komisarioa.

Liburuxka  Erakusketako lanak  Prentsarako irudiak Bizitza ariketa gisa 

Garai hartan Bilboko Arte Ederren Goi Eskola zeritzonean egin zituen ikasketak Juncal Ballestínek (Vitoria-Gasteiz, 1953-2015). Material, bitarteko eta tekniken aniztasuna da haren lanaren ezaugarri nagusia; izan ere, pintura, marrazketa, instalazioa, bideoa, obra grafikoa… landu zituen. Eta serieka egituratu zituen. Artiumeko erakusketaren atarian, binilo batean jaso dira Juncalek bere obrari eta lan-prozesuari buruz esandako zenbait esaldi: «Objektu eta materialetako batzuk halabeharrez iristen dira niregana, eguraldi txarrak ekarrita (haize gogor batek zuhaitza bota eta, harekin batera, hura besarkatzen duen huntza erortzen da). Beste batzuk, landa-lanak direla medio, hala nola inausketa edo baratzerako zurkaitzak bilatzea…».

Erakusketako ibilbidearen abiapuntu modura, izenbururik gabeko bideo bat proiektatzen da horma beltz batean, non ikusten baita pintura gainalde batean behera isurtzen. Erakusketako espazio nagusian, Pinturas lacustres multzoa (2004) ikus daiteke, paper gaineko 10 margolaneko serie bat, baita pintura ardatz duten zenbait instalazio ere, hala nola Lo último que se pierde I (1997-1998), El explorador 6 (1991) eta Desnudo en la alfombra (1986).

Espazio horretan bertan, Juncal Ballestínen jatorriaren eta prozesuaren berri ematen dute zenbait objektu eta instalaziok; horien artean dira Violencia sin límite serieko lanak, adibidez Pasa por el aro (1999) eta Sin título (machete) (1998); Objetos con carácter seriekoak, esaterako A Frida (1999), A Meret (1996) eta Sopa de ganso (1998); eta Cobres seriekoak, baita serieetan txertatu gabeko piezak ere, hala nola El arco y el triunfo (1994), Naturaleza muerta (1986) eta Sin título (espiral de latón) (1986).

Ibilbidean zehar, espazio bat atondu da Ballestínen lanaren hainbat alderdi ilustratzen dituzten dokumentuak erakusgai jartzeko. Bost arasatan antolatuta ikus daitezke argazkiak, marrazkiak, zirriborroak, obrak muntatzeko eskuz idatzitako ohar eta jarraibideak, haren lan eszenografikoari buruzko erreferentziak, katalogoak, liburuxkak eta bestelako argitalpenak.

Erakusketako obra gehienak Otazuko estudioan bost urte baino gehiagoz hark utzi bezalaxe egondako artistaren legatuaren parte dira. Artistak ezin hobeki ordenatuta eta sailkatuta utzi bazituen ere, denboraren joanak behartuta obretan zenbait esku-hartze egin behar izan dira aldez aurretik, elementu organikoez eginak baitira haietako asko.

Aldundiko Zaharberrikuntza zerbitzuaren zuzendaritzapean egin dira lan horiek. Lehenik eta behin, bizkarroiak eta intsektuak kentzeko anoxia tratamendu bat eman zitzaien. Zenbait asteko iraupena izan zuen prozesu horrek, eta, haren ondotik, pieza bakoitzaren analisiari eta garbiketari heldu zitzaion, erakusketa muntatzeko unea iristean egoera onean egon zitezen.

Juncal Ballestínen ibilbideari dagokionez, banakako erakusketen artean bereziki aipatzekoak ditu honako hauek: Trayecto Galería aretoan (Vitoria-Gasteiz) egindako Absorciones II. Reposiciones (2013), Juncal Ballestín: pintura, pensamiento (2008), eta Juncal Ballestín: apología y dependencia (2005); 2008an Montehermoso Kulturuneak eskaini ziona, Esa sustancia que mancha; eta Juncal Ballestín, Sala Amárica aretoan 2003an inauguratua. Haren obra presente egon da, halaber, hainbat erakusketa kolektibotan, hala nola Zeru bat, hamaika bide (2020) eta Tesoro público (economías de realidad) (2013), biak ere Artium Museoaren Bildumaren aurkezpenak; Let’s spit on the genius (2010), Arte Garaikideko Tina B Jaialdia, (Praga); eta Trescientos mil kilómetros por segundo (aprox.) 02 (2009, Trayecto Galería, Vitoria-Gasteiz). Haren lana presente dago, besteak beste, Artium Museoaren, Liburutegi Nazionalaren, Vital Fundazioaren eta Gasteizko Udalaren bildumetan, besteak beste.

Juncal Ballestín. Bizitza ariketa gisa erakusketa aurrera ateratzeko, ezinbestekoa izan da Artium Museoaren eta Anesvad Fundazioaren (Ballestínen legatuaren oinordekoa) arteko lankidetza-hitzarmena. Gasteiztar artistaren familia GKE horren lankide zen, eta hil ondoren ere nabarmen gelditu zen haren izaera solidarioa, legatu solidario modura. Anesvadek Sahara hegoaldeko Afrikako testuinguru txiroetan osasun eskubideak bermatzeko eta Ahaztutako Gaixotasun Tropikalei aurre egiteko lantzen dituen programetara bideratuko da haren herentzia.

Aretoko testua

Nietzsche-ren eta Heidegger-en artean begirada tenkaturik, Juncal Ballestin esku, belarri eta begien helmenean dagoenaz bakarrik arduratzen da, bi gorputzen topo egitea bezain pertzepzio bizi eta zuzenean. Artista honen ustez, artea errealitatearen barne-bilbera begiratzeko modu garaikidea da, edozein zantzu metafisikotik harago. Bere agerpenean, bere «ikusgarritasunean» munduaren zirrikitua den errealitate bat, presentziaren eta ez egotearen arteko jolas soilera mugatu ezin daitekeena.

Arte-objektu eta -praktikara iristeko bitarteko gisa hitzei uko egiten bazien ere, Amárica Aretoan (1993) egindako erakusketaren katalogoan zenbait ohar utzi zituen idatzita, premiei, sentsazioei eta materialei buruzkoak, bere lanarekiko ausazko hurbilketa gisa:

Gehiegi errespetatzen dut gu guztion denbora. Beti eskertu izan dut hitzen argitasun laburra. Nahiago dut irudia zabal eta libre utzi (…).
Nire ustez, nire lanak sorrarazten dituen prozesuaren nondik norakoa eta zergatia azaldu besterik ez dut egin behar, sailak iruzkin errazen bidez sarraraziz. (…)

Objektuetako eta materialetako batzuk halabeharrez iristen zaizkit, eguraldiaren gorabeherek ekarrita (zuhaitz bat bota eta hura besarkatzen duen huntza erorarazten duen haize bortitza). Beste batzuk, landa-lanak direla eta, hala nola inausketa edo baratzerako «zurkaitzak» bilatzea. Edo, agian, nire lan egiteko moduarekin sentsibilizatuta dauden lagun batzuen aurkikuntzagatik agertzen dira, eta haiek erreskatatzen dituzte edo askotariko elementuak daudela jakinarazten didate. (…)

Materialetara iristeko halabeharrezko modu hori, eta horiek lantzeko nahia, ez dira beti fenomeno azkarrak, zuzenak, baizik eta gehienetan, objektu horiek urteetan egoten dira biltegian, norbaitek berriz aurkitu zain. Orduan sartzen dira jada planteatutako serie batean edo bestean.

Lotutako jarduerak

Fernando Illanaren hitzaldia
Urtarrilaren 291n, ostirala, 18:30ean, Museoaren Emanaldi aretoan. Streaming bidezko emanaldia www.artium.eus gunean eta Museoaren Youtube kanalean.

Bizitza ariketa gisa-ren hurrengo visita gidatuak
Urtarrilaren 30ean, larunbata, 12:30ean
Urtarrilaren 31n, igandea, 12:30ean
Otsailaren 3an, asteazkena, 18:00ean
Otsailaren 7an, igandea, 12:30ean
Otsailaren 14an, igandea, 12:30ean

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand