Osteguna, 2021(e)ko Urtarrilaren 07a 14:51

Zinema feminista eta Juncal Ballestinen inguruko hitzaldia Artium Museoan urteari ekiteko

Juan Carlos Roman artistak irekiko du ostiral honetan Ballestínen ondare artistikoari buruzko aztertuko duen hitzaldi-programa. Larunbatean Lizzie Borden zuzendariaren Born in Flames filma proiektatuko da.

Artiumek, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, asteburu honetan emango die hasiera 2021eko programa publikoei Juncal Ballestín artistaren lanaren inguruko topaketen lehen saioarekin. Amaitzeko, urtarrilaren 29an erakusketa bat irekiko da, Zinema feministaren historiak zikloaren azken aurreko saioarekin. Juan Carlos Roman artistak irekiko du ostiral honetan Ballestinen ondare artistikoaren alderdi batzuk eta besteak aztertuko duen hitzaldi-programa. Larunbatean, bestalde, Lizzie Borden zuzendariaren Born in Flames filma proiektatuko da, pelikula ikonikoa eta kultukoa. Emakumeek arte garaikidean izan duten presentzia eta praktika protagonista dira, neurri handi batean, Gabonetako oporren ondorengo lehen asteburu honetan Artium Museoan; izan ere, aipatutakoari gehitu behar zaizkio iraganeko eta gaur egungo Euskadiko artearen eta feminismoaren praktiken inguruko ibilbide tematikoak, eta Moyra Davey-ren eta June Cresporen erakusketen bisita gidatuak.

Juan Carlos Románek Juncal Ballestínen inguruan egindako hitzaldia Artium Museoak Bizitza ariketa gisa proiektua testuinguruan kokatzeko darabilen elkarrizketa-zikloaren zati da. Erakusketa horrek, urtarrilaren amaieran, ikerketa eta zaharberritze lan handi baten ondoren, 2015ean hildako artistaren ondarea ezagutzeko aukera emango du. Románek, Ballestinen lanetik hurbil dagoen artista eta Vigoko Unibertsitateko Eskultura irakasle titularrak, «Artistaren poetikan agertzen diren tentsioak, ausentziak eta susmoak» aztertuko ditu ostiral honetan, urtarrilaren 8an, 18:30etik aurrera, objektuen azterketatik abiatuta.

Juncal Ballestínen inguruko topaketa sortak, gainera, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak bere lana kontserbatzeko eta berreskuratzeko egindako lanari buruzko sarrera saio bat izango du, hilaren 15ean, ostiralarekin, eta artistaren irudiari buruzko mahai-inguru bat, 22an, ostiralarekin; eta Bizitza ariketa gisa proiektuaren komisario Fernando Illanaren hitzaldia hilaren 29an (ostirala). Egun horretan bertan irekiko da erakusketa jendearentzat. Topaketa guztietarako sarrera doakoa da eta izena emateko 945 20 90 20 telefonora deitu behar da.

Bestalde, urtarrilaren 9an, larunbata, Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloaren seigarren saioa egingo da, Artium Museoak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak elkarrekin antolaturik. Sahatsa Jauregi artistaren aurkezpenaren ondoren, Lizzie Borden-en Born in Flames (1983) filma proiektatuko da, kultuko film eta feminismoaren ikono bihurtu dena. Lau urtetan zehar sasi-dokumental gisa filmatutako lan honek, aurrekontu txikia izan zuen eta aktore ez-profesionalen parte-hartzea. Gutxiengoak eta emakumeak baztertzen dituen eredu sozialdemokrata baten berdintasun- eta aurrerapen-promesek zalantzan jartzen ditu eta horrek ez du gaurkotasunik galdu.

Zikloa —Martxoan hasita, konfinamenduak geldiarazi eta 2020ko irailean berrabiarazi zen— Otsailaren 6an amaituko da, Cheryl Dunyeren The Watermelon Woman pelikularen proiekzioarekin. Sara Hernández Tabakalerako zinema saileko koordinatzaileak aurkeztuko du. Hilabete hauetan zehar, programa honek lehen planoan jarri ditu zinemaren historiaren kanonetik kanpo geratu diren zuzendarien izenak eta filmak, zinema feministaren historia eraikitzen joan diren emakumeen ahotsek aurkezturik.

Artium Museoak lau ibilbide gidatu antolatu ditu gainera asteburu honetarako, Lorategitik bisita-programaren barruan. Larunbatean, hilak 9, Beste Historia(k) .Praktika artistikoak eta feminismoak Euskal Herriko testuinguruan saileko bi proposamen izango dira: 12:30ean 80ko eta 90eko hamarkadei eskainitakoa (Hutsean igeri egindakoak), eta 17:30ean, Praktika artistikoak eta feminismoa gaur. Igandean, berriz, bisita gidatu monografiko bana izanegingo dira: 12:30ean Moyra Daveyren Lanak/Obras/Works erakusketara, eta 17:30ean June Cresporen Helmets erakusketara.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand