Ostirala, 2020(e)ko Abenduaren 04a 09:07

Artium Museoak June Cresporen 'Helmets' erakusketa aurkeztu du

Gorputza eta honek arkitekturarekin dituen harremanak aipagai dituen hizkuntza bat jorratzen ditu artistak eskulturaren bidez. Bere ibilbideko hainbat momentutako eskulturak eta aretoaren espaziorako egindako lanak biltzen ditu erakusketak

Artium Museoak (Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak) June Crespo. Helmets erakusketa aurkeztu du (A1 aretoan, 2021eko maiatzaren 2ra arte). Erakusketak Cresporen ibilbideko hainbat momentutako lanak biltzen ditu, eskulturak batik bat, eta baita Museoko espazioetarako berariaz ekoitzitako hainbat lan ere. Helmets-ek artistaren lanaren konstanteak ezagutzeko aukera ematen du: aurretik zeuden formei buruzko irakurketa berriak proposatzen dituzten eraldaketa eta konbinazio prozesuak. Beatriz Herráez eta Enrique Martínez izan dira erakusketaren komisarioak.

June Crespori (Iruñea, 1982) eskainitako erakusketak haren ibilbidearen une bateko eta besteko lanak bildu ditu Museoan, proiekturako berariaz ekoitzitako lan sailekin batera. Bere piezetan, Crespok gorputzari eta honek arkitekturarekin dituen harremanei buruzko hizkuntza bat lantzen du eskultura erabiliz. Zuloak, hodiak, mugak, zirkulazioa eta hondarra dira artistaren ekoizpenaren eipamena egiteko gehien errepikatzen diren terminoetako batzuk, beti prekarietate materialetik, baliabideen ekonomiatik, egiten aritzearen, saiakeraren garrantzian tematzen diren eskulturak eta irudiak.

Erakusketak Cresporen lanean konstanteak diren eta bere ekoizpena bricoleur delakoaren logikarekin identifikatzen duten jarduteko moduak ezagutzea ahalbidetzen du: aurretik zeuden formak birkonfiguratzeko, konbinatzeko eta eraldatzeko prozesuen bidez, elementu eta irakurketa berriak proposatzen dira, objektuen eta irudien elkartzeko ahalmena areagotzen dutenak.
Erakusketa hainbat pieza sailetan antolatu da, eta horien artean dago Helmets (2019), espazio guztiak egituratzen dituena eta erakusketari izena eman diona. Giza gorputza espresuki aipagai duen obra-multzo bat da, ebaki, aldatu eta berriz mihiztatutako gorputz-adarren sekzioekin osatua. Erakusketak formatu txikiko artelanen multzo bat ere biltzen du, Instrumentos y fetiches (2017). Horiek egiteko, eguneroko objektuei egindako moldeetatik abiatu da eta, gero, molde horiek segmentatu, berriro mihiztatu eta brontzean urtu ditu.

Sail berriagoetan, Voy, sí (2020) izenekoan, esate baterako, artistak material erabilgarriak jartzen ditu lehen planoan, argizaria edo eskaiola, esate baterako, beste ekoizpen batzuetan azken emaitzatik desagertzen direnak. June Cresporen lanen eta Artiumeko A1 Aretoko arkitekturaren artean elkarrizketa bat ezartzeko ideia nabarmena da No Osso (occipital) (2020) sailean, aretoko hormak zeharkatzen dituzten obrekin. Oraintsuko beste lan multzo bat Core (2019-2020) da, hormigoiz eta metalez egina eta erakusketaren esparruan era sekuentzialean instalatua.

June Crespo
June Crespo Arte Ederretan lizentziatua da EHUn, eta 2015 eta 2017 artean De Ateliers-en (Amsterdam) egon zen artista egoiliar gisa. Gaur egun, Leioako AAEEn Fakultatean irakasle elkartua da, eta 2020ko udan Tabakalera KGNZk eta Artium Museoak elkarlanean antolatutako JAI (Jarduera Artistikoen Institutua) ekimenaren lehen edizioan irakasle gonbidatuen klaustroan parte hartu du. Jaso dituen sarien artean nabarmentzekoak dira: Mª José Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNEren Ojo Crítico Saria (2018), Botín Fundazioaren Arte Plastikoen beka (2018) eta sormen-lana saritzeko Gure Artea Saria (2013).

Azken aldiko erakusketen artean, berriz: Voy, sí, (Heinrich Ehrhardt Galeria, Madril, 2020); No Osso (Certain Lack of Coherence, Oporto, 2019); Foreign Bodies (P420 Galeria, Bolonia, 2018); Ser dos (CarrerasMugica Galeria, Bilbo, 2017); Chance Album nº1 (etHALL, Bartzelona, 2016); Kanala (Intertextual programa, MARCO, Vigo, 2016); Cosa y tú (CarrerasMugica Galeria, Bilbo, 2015). Artium Museoaz gain, haren lanak Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía edo Arco Fundazioaren bildumetan daude, besteak beste.

June Crespo. Helmets erakusketa Artium Museoaren ekoizpena da.

Prentsa oharra (pdf)  Liburuxka  Lan zerrenda 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand