Erakusketak Artium Museoaren Bilduma du ardatz, baina obra gordailuetako eta bilduma publikoetako lanak ere badira.
Duela gutxi erositako obra historiko batzuk ere baditu, hala nola Agustin Ibarrolaren Paisajes de Euskadi seriea edo Esther Ferrerren Acciones corporales bideoa.
Erakusketak narratiba ireki bat planteatzen du, etengabe eraikitzen ari dena, eta Bildumako lanak txandakatuz eta hainbat azterketa-kasu txertatuz eboluzionatuko duena.
Zeru bat, hamaika bide erakusketak bi azterketa-kasu ditu osagarri: lehena, 1970 eta 1990 bitarteko hamarkadetako mugimendu feministari buruzkoa ―Hemen dira hutsunean igeri egindakoak. Tururu―; bigarrena, Zehar eta Arena aldizkarien inguruko ikerketa bati buruzkoa ―1989. A través de la arena.
Erakusketa irekitzearekin batera, erakusketa-azalera handituko da, A0 aretoari erantsitako espazio bat gehituta.
Erakusketari buruz Prentsa oharra (pdf) Irudi eskaera Liburuxka
Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketak, Artium Museoko bildumaren funtsak ardatz dituela, euskal testuinguruan garatutako praktika artistiko eta kulturalei buruzko gogoeta zabala proposatzen du. 1977. urtea du abiapuntu, garrantzi handiko gertaera politiko, sozial eta kulturalen garai bati hasiera eman zion urtea. Erakusketak bi hamarkada luzetan aztertzen duen aldiak 2002. urtean du amaiera, Artium Museoa ireki zen urtean, hain zuzen.
Erakusketak praktika artistikoak, kultura-adierazpenak eta prozesu historikoak elkarlotzen ditu, besteak beste garai horretan gertatzen diren instituzionalizazio-prozesuak, artistek kultura-politiken eraketan izandako parte hartzea, praktika artistikoen eta gizarte-mugimenduen arteko gurutzaketak, kontzientzia-hartze feminista edo XX. mendearen amaieran, artearen inguruko eztabaidetan, tokikoaren eta globalaren artean sortutako tirabirak aztertzeko.
Zeru bat, hamaika bide etengabe eraikitzen ari den narratiba ireki eta integratzaile gisa planteatzen da. Erakusketak ehun artelan, dokumentu eta artxibo-material baino gehiago biltzen ditu Museoko aretoetan, eta ibilbide bat egiten du proiektuak hartzen duen mende-laurdenean sortutako adierazpenen aniztasunean zehar.
Bere izaera ireki horrekin, erakusketak funtsen obrak txandakatzea aurreikusten du, baita azterketa-kasu batzuk aldian behin irekitzea ere, aztergai den aldi historikoaren azterketa zabaldu eta dinamizatzeko. Ildo horretan, Zeru bat, hamaika bide erakusketak, bere irekieran, Garazi Ansa historialariak 1970etik 1990era bitarteko hamarkadetako mugimendu feministari buruz eta mugimenduak garaiko artistekin izandako harremanari buruz egindako ikerketaren emaitzak biltzen ditu. Hemen dira hutsunean igeri egindakoak. Tururu erakusketak, berriz, erdi-ezkutuan egon diren eta horregatik historiografia ofizialaren parte ez diren istorioak berreskuratu eta ikusgai jarri nahi izan ditu.
Gainera, bigarren azterketa-kasu batek erakusketa itxura hartzen du: Laura Vallések komisariatua, 1989. A través de la arena proiektuak aztergai den aldi horren zati bat berraztertzen du, Arena (Madril, 1989) eta ZEHAR (Donostia, 1989-2011) aldizkariek ―arte garaikidearen teorian eta kritikan erreferentzia izandakoek― guzti horretan jokatu zuten paperaren argitan.
Zeru bat, hamaika bide erakusketak, beraz, artearen praktikaz hitz egiten du, egiten den une horretako testuinguruan. Hori dela eta, gogora ekartzen ditu, baita ere, kulturaren eta artearen esparruko zenbait gertaera garrantzitsu, hala nola arte-zentroak ―Arteleku―, erakusketa-aretoak ―Amarica, Rekalde, Koldo Mitxelena― eta galería komertzialak ―Ibilbidea― irekitzea; 1976ko Veneziako Biurtekoko euskal aldarrikapena; hainbat aldizkariren (Pott, Oh! Euzkadi, Euskadi Sioux, Araba Saudita, Globo Rojo) agerpena; edo eragin handiko zenbait ekintza artistiko — Pepe Espaliúk Donostian aurrera eramandako Carrying ekintza kolektiboa, esatea baterako— gauzatu izana.
Erakusketak, gainera, agerian uzten du garai horretan praktika artistikoekin eta beste diziplina batzuekin mugakide ziren lurraldeetan egindako esplorazio-lana. Adibidez: zineman —Iván Zuluetaren edo José Ángel Rebollederen film esperimentalak aurkezten dira—, literaturan, prentsan, musikan edo kartelgintzan —besteak beste, Eduardo Chillidak edo Agustín Ibarrolak alor horretan egindako lanak daude ikusgai.
Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian
Inaugurazioa: urtarrilaren 7an, ostirala, 19:30etan
Erakusketarako doako bisita gidatuak: otsailaren 12an, asteazkena, 18:30 (euskaraz), eta otsailaren 23an, igandea 12:30 (gaztelaniaz)
Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal Herrian 1977-2002 aldian erakusketa Artium Museoaren ekoizpena da
Komisarioak: Xabier Arakistain, Miren Jaio, Beatriz Herráez, Elena Roseras
A0 aretoa, 2020ko otsailaren 8tik aurrera
Azterketa-kasuak:
Hemen dira hutsunean igeri egindakoak. Tururu
Garazi Ansa-k komisariatua
1989. A través de la arena
Laura Vallés-ek komisariatua