Astelehena, 2020(e)ko Urriaren 19a 08:38

Artxibo berezien kudeaketa aztergai, Dokumentazio Zentroen Hamargarren Topaketetan

Artium Museoak bi urtez behin antolatzen duen arte garaikideko dokumentazio adituen hitzordua datorren ostegunean hasiko da, edukiera mugatuarekin eta streaming bidezko emisioekin. Reina Sofia Museoko, Prado Museoko, MACBAko, CCCBko, Liburutegi Nazionaleko eta Xenpelar Dokumentazio Zentroko adituek parte hartuko dute, besteak beste.

Artium Museoak Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen Hamargarren Topaketak antolatu urriaren 22rako (osteguna) eta 23rako (ostirala). Bi urtean behin egiten da, eta esperientziak eta ezagutzak trukatzeko foro gisa finkatu da, artxiboak eta ondare-bildumak kudeatzen dituzten erakunde eta profesionalentzat. Hamargarren edizio honek artxiboen eta bilduma berezien kudeaketa izango du ardatz eta. besteak beste, Reina Sofia Museotik, Prado Museotik eta MACBAtik etorritako adituek parte hartuko dute bertan. Artiumen ordezkariak, berriz, Museoko erakusketa eta artxibo berezien programako dokumentazioaren kudeaketa azalduko du. Aurtengo topaketetan edukiera mugatua izango da segurtasun-arrazoiak direla-eta, eta streaming bidez ikusi ahal izango dira saioak, Artiumen Youtubeko kanalean.

Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen Topaketak Artium Museoaren ekimenez sortu ziren, bi urtean behingo foro gisa, dokumentazio-zentroek informazioa kudeatzeko eta zabaltzeko estrategia berriei dagokienez duten eginkizuna aztertzeko eta, era berean, komunikazio-teknologiak erabiliz zentro horien arteko lankidetza-programak bultzatzeko. Edizioz edizio, informazioaren arloko profesionalek esperientziak trukatzeko, kudeaketa-estrategia berriei buruz hausnartzeko, eztabaida sortzeko eta ikerketa bultzatzen lagunduko duten lankidetza-ekintzak sustatzeko esparru gisa sendotu dira topaketa horiek.

2020an, topaketak hamargarren ediziora iritsi dira. Bertan, zentro espezializatuetako dokumentu-ondarearen kudeaketa aztertzea eta museoetan, unibertsitateetan edo dokumentazio-zentroetan garatzen ari diren proiektu digitalak ezagutzea proposatzen da, zentro horietako profesionalen artean ikaskuntza kolektiboa eta esperientzia-trukea erraztuz. Hizlarien artean daude, besteak beste, bertsolaritzari buruzko Xenpelar Dokumentazio Zentroko Oihana Aranburu, Prado Museoko Maria Luisa Cuenca, MACBAko Paloma Gueilburt, Reina Sofía Museoko Beatriz Fernández eta Liburutegi Nazionaleko Mar Pérez Morillo.

Elena Roserasek, Artium Museoaren Liburutegiko eta Dokumentazio Zentroko arduradunak, Museoko erakusketa-programaren dokumentaziorako eta dokumentu-artxibo berezien garapenerako kudeaketa-eredua azalduko du.

2020ko topaketetan murriztapen handia izango da Artium Museoko Emanaldi aretoaren edukierari dagokionez, osasun-segurtasunerako hartu beharreko neurriengatik. Hori dela eta, hitzaldiak streaming bidez ere emango dira, Museoaren Youtubeko kanalaren bidez.

Argibide gehiago eta programa 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand