Osteguna, 2020(e)ko Urriaren 08a 12:26

Artiumek Europako museo batean egiten den Moyra Daveyren lehen erakusketa aurkeztu du

Artiumek Europako museo batean egiten den Moyra Daveyren lehen erakusketa aurkeztu du Irudia: 'Charlie (Flies)', 2019

New Yorken bizi den artista kanadarraren 80ko hamarkadaren erdialdetik gaur egunera arteko ekoizpenaren panoramika eskaintzen du Lanak/Obras/Works erakusketak. Moyra Daveyren lanak zinema, argazkigintza eta idazkera uztartzen ditu. Filmak eta argazki sailak bildu dira erakusketan, artistak bere ibilbidean jarraitutako iturri eta prozesuetara hurbiltzeko asmoz

Artium Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Moyra Davey. Lanak/Obras/Works erakusketa aurkeztu du. (A3 aretoa, 2021eko martxoaren 7ra arte). New Yorken bizi den artista kanadarrari Europako museo publiko batean eskainitako lehen erakusketa da, eta artistak 80ko hamarkadaren erdialdetik gaur egunera arte egindako lanen panoramika bat eskaintzen du, zinema, argazkigintza eta idazketa ardatz dituzten lanekin. Artistak bere ibilbidean jarraitutako lan-iturri eta -prozesuetara hurbiltzen laguntzeko asmoz, erakusketak, alde batetik, bideo-lan nabarmen batzuk aurkezten ditu, horien artean berriena,    i-confess (2019); eta, bestetik, argazki sail batzuk, Artiumen proiektu honetarako egindako bat barne. Beatriz Herráez eta Nicolas Linnert izan dira erakusketaren komisarioak. Artium Museoak artistaren bost film esanguratsuenen gidoi egokituak biltzen dituen edizio bat prestatu du (ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz).

Moyra Davey-ri (Toronto, Kanada, 1958) eskainitako erakusketa honetarako hautatu diren pelikulen artean haren azken ekoizpena dago, i confess (aitortzen dut) 2019. Bertan, egileak Quebec garaikidearen errealitate soziopolitikoa aztertzen du James Baldwin idazlearen, Pierre Vallières iraultzailearen eta Dalie Girouxen (Otawako Unibertsitateko filosofia politikoko teorialaria) lanetatik abiatuta. Aditu horien lekukotzak eta memoriak Daveyren artxibo biografikotik datozen beste batzuekin elkartzen dira, artistak bere lanean sarritan darabilen estrategia.

Era berean, Les Goddesses (Jainkosak), 2011, Hemlock Forest, 2016 eta Wedding Loop, 2017 filmek osatutako trilogia bat ere biltzen du erakusketak, non Daveyk bere familiaren eta Mary Wollstonecraft idazle eta feminismoaren aitzindariaren arteko analogia bat ezartzen duen. Notes on Blue, 2015, filmak osatzen du haren filmografiaren ibilbidea, Derek Jarman artistaren Blue, 1993, eta Manhattanen filmatu eta The Collective for Living Cineman 1990ean aurkeztutako Hell notes (Infernuko oharrak) filmak abiapuntu hartuta.

Lan multzo horrekin batera, zenbait argazki sail ere biltzen ditu erakusketak, duela gutxiko eta artxiboko irudi analogikoak. Baita tolestu, zigilatu eta nazioarteko postaz bidalitako argazki-multzoak ere. Irudi horiek Davey-rekin solasean aritzen diren hartzaileei zuzenduta daude, eta, azkenean, erakusketa-aretoetan ireki eta argazki-talde gisa muntatzen dira. Horrela sortu zen Blue Ruin (2020), erakusketa honetarako propio ekoitzitako eta Museoko langile eta laguntzaileei bidalitako argazki sorta.

Hau da Moyra Davey-k Europako museo publiko batean egiten duen lehen erakusketa. Haren lana bilduma handietan dago —besteak beste, New Yorkeko MoMAn eta Metropolitan Museumen eta Londresko Tate Modern museoan—, eta nazioarteko hitzordu ezagunetan egon da ikusgai, Kassel eta Atenaseko azken dokumenta-ren edizioan, esaterako. Ondoko lekuetan egin dira haren bakarkako erakusketa berrienetako batzuk: National Gallery of Canada-n, Otawan (2020); Portikus-en, Frankfurt/Mainen (2017); Bergen Kunsthall-en, Norvegian (2016), Camden Arts Centre-n, Londresen (2014) eta Kunsthalle Basel-en, Suitzan (2010).

Prentsa oharra (pdf)  Erakusketaren liburuxka  Irudiak  Lan-zerrenda

Moyra Davey. Lanak/Obras/Works erakusketa

 

Moyra Davey. Lanak / Obras / Works

A3 aretoan, 2020ko urriaren 8tik 2021eko martxoaren 7ra
Komisariotza: Beatriz Herráez / Nicolas Linnert
Moyra Davey. Lanak / Obras / Works erakusketa Artium Museoaren ekoizpena da
 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand