Astelehena, 2020(e)ko Urriaren 05a 10:59

Artium Museoaren udazkeneko erakusketaren zikloa hasiera emateko programa berezia

Artium Museoak udazkeneko erakusketen zikloari hasiera emango dio urriaren 8tik 12ra bitartean. Gainera, bost egun horietan, Museoa zabalik egongo da goizeko 11etatik arratsaldeko 8etara eta sarrera doakoa izango da.

Ostegunean, hilak 8, Moyra Davey. Lanak / Obras / Works erakusketaren aurkezpena eta irekiera egingo da. New Yorken bizi den artista kanadarrak Europako museo publiko batean egindako lehen erakusketa da. Moyra Daveyren lana argazkigintzaren, zinemaren eta idazketaren artean dabil, erresonantzia eta korrespondentzia kateak eraikiz, diziplina eremu bakar bati atxikitzea eragozten dutenak. Joan-etorri horiek ez dira diziplinen artean bakarrik sortzen, baita haren lanetan gainjartzen diren eta amaitu gabeko saiakuntza gisa funtzionatzen duten kontakizunen artean ere. Istorio horiek gainjarri eta eten egiten dira, artistak ozen irakurriz gauzatzen diren testuak oinarri hartuta, edo haren piezen protagonista diren pertsonaia errepikarien esku-hartzeetatik abiatuta. Biografiaren, historiaren eta literaturaren oihartzunak dituen aipu-bilduma gisa funtzionatzen duten lanak dira. Museoko erakusketan haren film garrantzitsuenetako batzuk aurkezten dira, azken ekoizpena den i confess (2019) barne.

Egun horretan bertan, arratsaldeko 7etan, *Ariketak baino gehiago, performanceak baino gutxiago.* Cecile Brousse eta Izaro Ieregiren lanen jendaurreko praktikak, JAI Praktika Artistikoen Institutuaren ikasketa-programa ikusarazteko proiektuari lotuak. Tokia mugatua da eta erreserba egin daiteke 945209020 eta 94520902 telefonoetara deituta.

Ostiralean, hilak 9, JAI proiektuari eskainitako gunearen aurkezpena eta irekiera egingo da. Tabakalera KGNZrekin elkarlanean burutua, uztailean eta abuztuan Tabakalerako lantegietan egindako ikasketa-programak jarraipena du Akane Saraiva eta Antonio Menchen, Cecile Brousse, Charlotte Nordgren Sewell, Diego Diez, Izaro Ieregi, Ibon Landa, Jara Navarlaz, Mikel Escobales eta Rocío Agudo artistek parte hartzen duten proposamen honekin. Asier Mendizabalen, Ibon Aranberriren eta Itziar Okarizen tutoretza izan du JAIk, eta artista gonbidatu izan ditu Camila Sposati, Kobe Matthys-Agency, Diedrich Diederichsen, Jon Mikel Euba, June Crespo, Katinka Bock/Thomas Boutoux, Lili Reynaud Dewar eta Zbyněk Baladran.

Ziklo berriaren irekiera honetarako programa osatzeko, LORATEGItik abiatuta ibilbide tematiko gidatuak egingo dira, Euskal Herrian iragan hurbileko eta gaur egungo artearen praktikaren hainbat alderdi ezagutzeko eta etorkizunari antzemateko aukera ematen dutenak. Gainera, bisita monografikoak egingo dira Moyra Daveyren eta Gema Intxaustiren erakusketetara.

Udazkeneko erakusketen zikloak, gainera, Juncal Ballestín artistaren obra zaharberritzeko, zabaltzeko eta erakusteko proiektu berri bat jarriko du abian Artiumen. Museoak erakusketa monografiko bat eskainiko dio 2021ean Ballestini, eta bertan haren ondareko artelanak eta bestelako objektuak erakutsiko dira. Elementu horietako batzuek aurretiazko kontserbazio- eta zaharberritze-prozesu bat behar dute, eta hori erakusketa muntatuko den aretoan bertan egingo da. Juncal Ballestín. Bizitza ariketa gisa proiektua azaroaren 13an abiatuko da, lan horiek ikusteko bisita gidatuen programarekin eta artistaren ibilbideari lotutako pertsonekin egingo diren topaketekin. Horren guztiaren emaitza gisa irekiko da urtarrilean erakusketa.

Artium Museoak June Crespo. Helmets erakusketa irekiko du abenduaren 4an, haren ibilbideko hainbat momentutako lanak eta proiekturako berariaz ekoitzitako beste lan sail batzuk bilduko dituena. Bere piezetan, Crespok eskultura lantzen du, gorputza eta horrek arkitekturarekin dituen harremanak lotzen dituen hizkuntza. MªJosé Jove Fundazioaren Nazioarteko Arte Saria (2019), RNEren Ojo Crítico saria (2018), Fundación Botínen Arte Plastikoen beka (2018) eta Gure Artea saria (2013) jaso ditu Crespok. Haren lanak Reina Sofia Museoaren eta Artium Museoaren bildumetan daude, besteak beste.

Azkenik, abenduaren 18an, Museoak Komisario berriak 2020 deialdian aukeratutako Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan erakusketa irekiko du. Proiektu hau Gasteizko Musika Bideo Jaialdiaren pultsioetan barneratzen da laurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdean.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand