Osteguna, 2020(e)ko Irailaren 24a 09:06

Eskolaz kanpoko jarduera berezi eta sortzaileak Artium Museoan

EXTRA-Loturak artearen esperientzian oinarriturik 12 urtera bitarteko haurrentzat sortutako programa da. Artium Museoak zabaldu egin du eskola-jardueren eskaintza, ikasgelan nahiz etxean egiteko hezkuntza-lantegiek osatutako programa birtual baten bidez. Museoak eutsi egingo dio 20-21 ikasturterako eskolaz kanpoko jardueren eskaintzari, edukiera mugatuta eta osasuna babesteko hartu beharreko neurriak hartuta, betiere.

Artium Museoak eskolaz kanpoko jarduera-programa berri bat garatuko du 20-21 ikasturtean, haurrei artearen esperientzian oinarrituriko gehigarri ludiko sortzaile bat eskainiz, astean bi arratsaldez. Hala, Museoak eskolaren eta familiaren esparruetan garatzen dituen orain arteko programei gehituko zaie EXTRA-Loturak programa, hartu beharreko prebentzio-neurri guztiak hartuta. Programek urritik aurrera berreskuratuko dute beren ohiko dinamika. Eskaintzak dakarren berrikuntza nagusia 25 lantegi bisualeko bilduma bat da, ikasgelan edo etxean garatzeko pentsatua, unean uneko premien arabera. Eskola-programetarako izen-ematea 945209020 telefonora deituz edo Museoaren webgunearen bidez (www.artium.eus) egin daiteke. Artiumek antolatzen dituen aurrez aurreko eskola-programa guztiak doakoak dira, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edo frantsesez egin daitezke.

Artiumeko eskolaz kanpoko jardueren programa lantegi modura planteatuta dago; lantegi horietan, material eta diziplina artistiko jakin batzuekin esperimentatu ahal izango dute parte-hartzaileek saio bakoitzean. Museoa eta haren erakusketak ikusi eta erakusgai dauden hainbat obra ezagutu ondoren, haurrek irumena eta sormena lantzeko jarduerak egingo dituzte, marrazki, performance, pintura, eskultura, musika pieza, bideo edo argazkiak sortuz, besteak beste.

EXTRA-Loturak astelehen eta asteazkenean egingo da, Museoan, 5 eta 7 urte bitarteko haurrekin, eta astearte eta ostegunetan, berriz, 8 eta 12 urte bitarteko haurrekin. Taldeko 10 lagun elkartuko dira, gehienez ere, baina baliteke edukiera hori unean uneko araudiaren arabera egokitu behar izatea. Matrikula hiruhilekorako da, eta Museoko txartel-leihatilan nahiz 945 20 90 20 edo 945 20 90 11 telefonoetara deituz egin daiteke.

Bestalde, Artiumen eskola-programen 20-21 ikasturterako berrikuntza nagusi gisa, bideo bidezko lantegi sorta bat antolatu da, ikasgelan nahiz etxean egiteko. Museoak hainbat gairi buruzko 25 bideo prestatu ditu, 2 eta 3 minutu bitartekoak, ikasmailen arabera sailkatuak. Izan ere, hezkuntza-proposamenaren alderdi birtuala eraikitzeari ekin zion Museoak aurreko martxoan, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko itxialdia zela-eta. Hain zuzen ere, bideo sorta bat zabaltzen hasi zen sarean, irakasleei halako garai zailean ikasleekin lan egiteko baliagarriak gertatuko zitzaizkielakoan.

Hasierako sorta hura osatuz joan gara, 25 izenburura iritsi arte; euskarazko nahiz gaztelaniazko bertsioak eskura daitezke, eta oinarritzat dituzte, betiere, artearen historiako kontzeptuak edo, zehatzago, Museoko Bildumako artisten obren adibideak. Bideoek askotariko aukerak eskaintzen dituzte: puzzleak egin, Elena Mendizabalen piezekin; testuak landu, Gema Intxaustiren obrari jarraituz; etxeko gela batean ganbera ilun batean egoteko sentsazioa esperimentatu, edo perspektiba anamorfikoaren sekretuak ezagutu, besteak beste. Etxean nahiz ikasgelan egiteko pentsatuta daude, eta material arruntak besterik ez dira behar.

Gainera, Artiumek aurrez aurreko programen agenda zabala eskaintzen du hezkuntza-sistemako ikasmaila guztietarako, hasi Haur Hezkuntzatik eta Unibertsitateraino; nolanahi ere, programa horietan mugatu egin da edukiera, eta hartu beharreko osasun-prebentzioko neurriak hartu dira. Museoaren proposamenen artean, aipatzekoak dira, esaterako, Artium ibiltari –bi fasetan garatzen da, ikastetxean bat, eta Museoan, bestea– eta Altxorra bisita-lantegia –Artium Bilduma du jardueraren elementu nagusia–. Horiekin batera, hauek ere arrakasta handia dute eskola-komunitatearen eskariei dagokienez: Loturak, zeinetan uztartzen baitira zinema edukiak eta eduki artistikoak; Foruen Plazatik Artiumera, zeinaren bidez sustatu nahi baita ikuspegi kritikoa hirigintzari eta arkitekturari dagokienez; eta, Artea filosofia… eta bizitza, Museoko erakusketen elkarrizketa bidezko bisita, Filosofiako ikasgaiaren ikuspegia oinarri duena.

Artiumen hezkuntza-proiektuak barne hartzen ditu, gainera, irakasleen trebakuntzarako jarduerak eta programa sozial eta orotariko publikoentzakoak, eta haren xedea da behaketa eta kritika sustatzea eta orotariko loturak egiten ikastea arte garaikidearekiko esperientziatik abiatuta. Horrela, bideak zabaltzen dira pertsonak beren emozioekin, beste pertsonekin, ingurune hurbilarekin eta gizarte garaikidearen aniztasunarekin lotzeko.

Eskola-ingurunean, zehazki, proiektuak aukera emango du Museoa hezkuntza maila bakoitzeko curriculumarekin lotzeko, artea erabiliz tresna metodologiko gisa. Horrela, Museoa ikasgelako ikaskuntzaren esperientziari jarraipena emateko eremua bihurtuko da. Ildo horretatik, Artiumen hezkuntza-proiektuaren aukera pedagogikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute hiriko ikastetxe ia guztiek eta Arabako gainerako herrietako ikastetxe gehienek nahiz Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ikastetxe askok.

Prentsa oharra (pdf)  

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand