Osteguna, 2020(e)ko Ekainaren 25a 09:57

Artium Museoak eta Tabakalerak bultzatutako Jardun Artisikoen Institutuaren lehen edizioa abian

Hautatutako hamar parte-hartzaileek uztailetik aurrera eta bi hilabetez garatuko dituzte beren proiektu artistikoak Tabakaleran.

JAIren lehen deialdiko hautapen-batzordeak proposamenen heterogeneotasuna nabarmendu du, hainbat diziplinatatik igarotzen direnak.

Formakuntza uztailaren 1etik abuztuaren 28ra izango da Tabakalerako Sortzaileen Gunean, eta ondoren horiek Artium Museoan ikusgai jartzeko aukera izango da.

Praktika artistikoaren eta artisten aldeko konpromiso sendoari erantzunez, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak aurrera egin dute JAI Praktika Artistikoen Institutu berriaren lehen edizioa abian jartzeko. Uztailaren 1etik abuztuaren 28a bitartean garatuko da ikasketa-programa Tabakalerako Sortzaileen Gunean (3. solairua), eta ondoren fase publikoa izango du Artium Museoan.

Ibon Aranberri (artista), Itziar Okariz (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKH, Royal Institute of Art de Stockholmeko irakaslea) eta Artium Museoko zuzendari Beatriz Herráez eta Tabakalerako Arte Garaikideko arduradun Oier Etxeberriak osatutako Ikasketa Batzordeak, aurkeztutako 55 proposamenetatik hamar aukeratu ditu. Hautaketa horren ondorioz sortu den taldearen heterogeneotasuna azpimarratu du batzordeak eta jatorri anitzeko pertsonek osatutako taldea izaki, artearen eta kultura garaikidearen inguruko ikuspegi eta sentsibilitate ugari batuko direla nabarmendu dute.

JAI ikasketa-programaren hasierako deialdiak 16 hautagairen aukeraketa aurreikusten bazuen ere, programa aldatu egin da alarma-egoeraren ondorioz, eta kopuru hori hamarrera murriztu da, segurtasun-arrazoiengatik. Nolanahi ere, artista bakoitzak, bi hilabetez, Tabakalerako hirugarren solairuko Sortzaileen Gunean lanerako bere espazioa izango du, bai eta eraikineko beste arlo edo laborategi batzuk erabiltzeko aukera ere, ikasleen esperientzia hobetzeko xedearekin. Gainera, parte hartzaileetako batzuk One Shot Tabakalera House hotelean izango dira programa garatu bitartean.
Tabakalerako prestakuntza-aldiaren ondoren, fase publiko bat garatuko da Artium Museoan.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da bi erakundeen inplikazioa, bai programaren kontzeptualizazioan, eta baita metodologien garapenean ere. Halaber, bi erakundeetako ordezkariek proiektu artistiko bakoitzaren jarraipena egingo dute.

Hartu-emanerako espazioa

Praktika artistikoa izango da ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatuko dituen saioaren muina. Institutua ekimen berritzaile gisa sortu zen, baina, aldi berean, Euskal Herriari lotutako testuinguru artistikoan errotuta dago. Tabakalerak eta Artium Museoak arte garaikidean ezagutzak transmititzeko tradizio berezia aitortzen dute, eta etengabeko elkarrizketan oinarritutako programa pedagogiko eta esperimentala garatu nahi dute. Horrela, JAIk udako programa bat eta truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko espazio bat bezala funtzionatuko du.

Gaur egun, bi erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten profesionalek osatuko dute irakasle-taldea. Tabakalerak eta Artium Museoak jatorri oso desberdineko ahots profesionalak deitu dituzte, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta beren lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.
Planteatutako mekanika artista gonbidatu bakoitzak bere sormen-prozesuen ikuspegi berezia ematea eragiteko diseinatuta dago. Horrek programaren metodologia tailerreko espazioan ehuntzen diren harremanen ondoan jartzen du, une eta egoera bakoitzean garatzen diren praktika zehatzetan, eta ez prozedura teoriko batean. Metodologia hori praktikan jarriko da ad hoc proposatutako ariketen, lantegien edo bestelako topaketen bidez.

Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKH, Royal Institute of Art de Stockholmeko irakaslea) eta Itziar Okariz (artista) izango dira Institutu berriaren tutoreak, eta Katinka Bock, June Crespo, Diedrich Diederichsen, Jon Mikel Euba, Kobe Matthys-Agency, Lily Reynaud Dewar, Camila Sposati eta Zbynëk Balandran ariko dira baita ere irakasle lanetan. Horrez gain, Institutuak Ikasketa Batzorde bat izango du, Beatriz Herraezek (Artium Museoko zuzendaria), Oier Etxeberriak (CICC Tabakalerako Arte Garaikideko arduraduna) eta aipatutako hiru tutoreek osatua.

Oharra jaitsi  JAI programari buruz 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand