Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Elena Mendizabal. Eskultura aurkeztu du (Iparra aretoa, 2019ko azaroaren 9tik 2020ko maiatzaren 3ra). 70 pieza baino gehiagorekin, proiektuak bide luzea egiten du Elena Mendizabalen (Donostia, 1960) ekoizpenean barrena, haren obra berrienetatik laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetako lanetaraino doan ibilbide batean. Euskal Herriko testuinguru artistikoaren eferbeszentzia urte horietan ezarri zituen egileak bere praktika artistikoaren oinarriak. Elena Mendizabal. Eskultura Artiumek ekoitzi du, eta Beatriz Herráez eta Enrique Martínez Goikoetxea izan dira komisarioak.
Elena Mendizabalek (Donostia-San Sebastián, 1960) Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan egin zituen ikasketak, margolaritza espezialitatean. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan kulturaren eferbeszentzia eta gizarte- eta politika-aldaketa aro batean parte hartu zuen. Nazioarteko artearekin eta korronte minimalista eta kontzeptualekin kontaktua izatea eta bere belaunaldiko artistekin, hala nola Maria Luisa Fernandezekin, Juan Luis Morazarekin eta Txomin Badiolarekin, elkartzea funtsezkoak izan ziren, besteak beste, haren praktika artistikoa garatzeko eta eskulturarekin lanean hasteko, arteak hizkuntzarekin duen harremana aztertuz.
1982an egin zuen lehenengo bakarkako erakusketa Hondarribian. Euskal Herriko eskulturaren tradizioa berrinterpretatuz, berehala sendotuko da haren posizioa eskultore eta belaunaldi bateko kide gisa. Harriaz eta burdinaz bestelako materialak erabiltzea —Poliesterra, beruna, parafina, zura—, pieza askoren polikromia eta beste hizkuntza formal bat bilatzea —nolabait, tradizioarekiko begirunerik gabea— dira Mendizabalen urte horietako eskulturaren ezaugarri nagusiak, erreferentzia arkitektonikoak zein biomorfoak dituzten lanekin.
1987. urteaz geroztik, lantegian egiten duen lana irakaskuntzarekin partekatzen du, EHUko Arte Ederren Fakultatean. Urte hauetan zehar, eraikuntzako lengoaia eboluzionatuz joan da, motibo ikonografikoekiko —hala nola altzariak eta loreak— elkarrizketan. Eskala-jokoek eta kolorea, ispiluak, paper margotua edo argi elektrikoa sartzeak haren proposamenen narrazio-izaera zabaltzen dute, eta hizkuntza pertsonala eta ezagutzeko modukoa ematen diete. Bere obren irudiak erabiltzeak eta formalizazio berrietan aluminioa eta giltzadurak sartzeak garatutako ikerketa-ildo nagusiak kondentsatzea ekarriko du pieza horietan, eta bere ibilibidean erreferentziakoak izango diren obrak sortuko ditu.
Kronologikoki alderantzizkoa den ibilbide batean, orainetik bere ibilbidea baldintzatzen duten planteamenduen jatorrira, erakusketak lengoaien, materialen eta mugimenduen aniztasuna ezaugarri duen prozesu bat erakusten digu, baita alderdi emozionalak eta bizi-alderdiak ere. Ezaugarri horiek oraintsuko sailetan daude, hala nola gazteluetan, plastilinetan edo kartoizko azken eraikuntza-lanetan, zeinekin irekitzen baita erakusketa.
Elena Mendizabalek Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan ikasi zuen, EHUko egungo Arte Ederren Fakultatean. 1993an doktoratu zen, eskulturaren eta objektuen arteko hurbiltasunari buruzko tesi batekin, eta gaur egun Eskultura irakaslea da aipatutako fakultatean. 1980ko hamarkadaren hasieratik egiten ditu erakusketak eta bere lanak hainbat bilduma pribatu eta publikotan daude Artium Museoarenean, besteak beste.
Liburuxka Lan-zerrenda Erakusketari buruz
Elena Mendizabal. Eskultura
Komisarioak: Beatriz Herráez, Enrique Martínez Goikoetxea
Iparra aretoan, 2019ko azaroaren 9etik 2020ko maiatzaren 3ra
Azaroaren 8an, ostirala
18:30ean: erakusketa inauguratu aurreko bisita gidatua. Artiumen Adiskideentzako (beharrezkoa da erreserba egitea)
19:30ean: erakusketaren irekiera. Ororentzat irekia
Hurrengo doako bisita gidatuak (Museoko sarrera-txartelarekin)
Azaroaren 10ean, igandea, 12:30ean. Gaztelaniaz
Azaroaren 13an, asteazkena, 18:30ean. Euskaraz. Zuk nahi duzuna tarifa
Azaroaren 24an, igandea, 12:30ean. Gaztelaniaz
Elena Mendizabal. Eskultura Artiumen (Vitoria-Gasteiz) ekoizpena da.