Osteguna, 2019(e)ko Irailaren 12a 12:44

Antoni Muntadas eta Elena Mendizabal, Artiumeko erakusketa berriak 2019ko azken lauhilekorako

Antoni Muntadasen hau erakusketa antologiko handi bat da, Artiumek eta Boloniako Arte Modernoko Museoak elkarrekin ekoiztua. Bildumaren urtarrileko aurkezpenaren atariko bat izango da Elena Mendizabalen erakusketak. 80ko eta 90eko urteen inguruan ardaztuta egongo da Bilduma.

Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni
2019ko urriaren 5etik 2020ko urtarrilaren 12ra

Elena Mendizabal. Eskultura
2019ko azaroaren 9tik aurrera

Prentsarako irudiak  Prentsa oharraren pdf-a 


Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak bi erakusketa berri aurkeztuko ditu aurtengo hirugarren lauhilekoan, Antoni Muntadas eta Elena Mendizabal artistei eskainiak, 2019ko programa artistikoari amaiera emanez horrela. Antoni Muntadasen erakusketa (Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni) Artiumek eta Boloniako Arte Modernoak (MAMbo) elkarrekin egindako ekoizpen bat da, artista katalanaren obraren berrikusketa zabal bat (70eko urteetatik gaurko hamarkadara bitartekoa) aurkeztea helburu duena. Bestalde, Elena Mendizabalen erakusketa Artium Bildumaren beste erakusketa baten inguruan ―urtarrilean inauguratuko da eta joan den mendeko 80ko eta 90eko urteen inguruan ardaztuta egongo da― egingo diren azterketa-kasu batzuen proposamenaren aurrerapen bat da.

Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni

Antoni Muntadas (Bartzelona, 1942) New Yorken bizi da 1971z geroztik. Bere lanetan, gai sozialak, politikoak eta komunikaziokoak jorratzen ditu, hala nola espazio publikoaren eta pribatuaren arteko harremana esparru sozial jakinetan, edota informazio-kanalak eta haien erabilera ideiak zentsuratzeko edo sustatzeko orduan. Hainbat euskarritan eta modutan aurkezten ditu bere proiektuak: argazkiak, bideoak, argitalpenak, internet, hiri-eremuetako instalazioak eta esku-hartzeak.

Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni proiektuak Muntadasen sormen-ibilbidearen zeharkako panoramika bat aurkezten du, joan den mendeko 70eko urteetatik gaur egunera arte doana. Artistak Euskadin aurkeztuko duen ―2020ko urtarrilean Boloniako MAMbo Museoan aurkeztuko du― lehen erakusketa handi honen tituluaren ideia Mark Wigley arkitektoarena da, hitz hauekin deskribatu baitzuen hark Muntadas: “hiria da pertsona bainoago, elkartrukerako eremu-sare bat”.

Erakusketa erreferentzia eta lotura batzuk ezartzen saiatzen da garai eta toki desberdinetan egindako obra, proiektu eta esku-hartze batzuen artean, zeinek, oro har, Muntadasen lanean behin eta berriz agertzen diren gai batzuei buruzko hausnarketa egiteko bidea ematen baitute: boterearen mekanismoak, kontrol-gailuak, kapitalismo transnazionala eta informazioaren eta komunikazioaren manipulazioa.

Muntadas. Elkarrekiko loturak, interconexiones, interconnessioni erakusketak 70eko urteetatik gaur egunera arte egindako lanak biltzen ditu, hala nola, Mercados, Calles, Estaciones bideoa (1973-1974), edota Palabras, Palabras… (2017), baina baita aribidean dagoen lan bat ere, The File Room (1994n hasia).

Komisariotza-taldea: Cecilia Guida, Arturo / Fito Rodríguez Bornaetxea
Ipar aretoa, 2019ko urriaren 5etik 2020ko urtarrilaren 12ra arte
Inaugurazioa: 2019ko urriaren 4a, ostirala
Artium Museoaren (Vitoria-Gasteiz) eta Boloniako Arte Modernoko Museoaren (MAMbo) arteko ekoizpena

Elena Mendizabal. Eskultura

Elena Mendizabalek Artiumen aurkeztuko duen erakusketak 80ko urteetako eta 90eko hasierako obra aipagarrirenak berreskuratzen ditu, duela gutxiko produkzioari dagozkion beste batzuekin tenkatzeko. Bere lehen garaian, artistak eferbeszentzia-une bat bizi izan zuen bere belaunaldiko beste sortzaile batzuekin batera, eta euskal eskulturak utzitako herentziarekin hausteaz gainera, errealitate sozial eta politiko berrien alde egin zuen, nazioarteko arte-joerak bereganatuz. Harria eta burdinaz bestelako materialen erabilerak (poliesterra, beruna, parafina, zura), pieza askoren polikromiak eta hizkuntza formal desberdin ―eta, neurri bateraino, tradizioarekin lotsagabe jokatzen duen― baten bilaketak ezaugarritzen dute Mendizabalen urte horietako eskultura.

Haren duela gutxiko lanetan ere ezaugarri horiek berak agertzen dira berriro: adibidez, ohikoak ez diren materialen erabilera (kartoia, plastilina, lokatza). Erakusketak proposatzen duen denbora-jauziak bide ematen digu bi obra multzo horien artean eta azpian ―elementu komun batzuk gorabehera― dagoen tentsioa egiaztatzeko, eta, aldi berean, agerian uzten ditu Elena Mendizabalen lana ―hamarkada batzuen aldearekin― itxuratzen duten baldintzatzaileak.

Elena Mendizabal (Donostia, 1960), Bilboko Arte Ederren Goi Eskolan eta EHUko Arte Ederren Fakultatean egin zituen ikasketak. 1993an, doktore titulua atera zuen, eskulturaren eta objektuen arteko harreman hurbilari buruzko tesi batekin. Gaur egun, eskultura irakasle da aipatu fakultatean. 80 urteetatik aurrera, hainbat erakusketa egin ditu, eta bere obra hainbat bilduma pribatu eta publikotan dago jasota, Artiumen bertan, besteak beste.

Komisariotza-taldea: Beatriz Herráez, Enrique Martínez Goikoetxea
Ipar aretoa
Inaugurazioa: 2019ko azaroak 8
Artium Museoaren (Gasteiz) ekoizpen bat

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand