Concha Prada artistak parte hartuko du datorren ostegunean, ekainak 6, Arte Garaikidearen Euskal Museoaren Bilduman dauden sortzaileekin harreman zuzena izateko aukera ematen duen Artistak gurean programaren hurrengo saioan. Museoaen Hegoa aretoan, Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketaren barruan ikusgai dagoen Polvo argazki sailaren egilea da Prada. Arte garaikidea ezagutarazteko xedea duen programa honek EDP Fundazioaren babesa du. Concha Pradaren hitzaldia 19:00etan hasiko da eta Emanaldi aretoaren eta erakusketa aretoaren artean egingo da. Sarrera doakoa da.
Concha Prada (Zamora, 1963) argazkilaritza garaikidearen esparruko artista ezagunenetako bat da Espainian. Haren irudi harrigarriek oso eszenaratze zaindua dute batzuetan eta, besteetan, eguneroko eta etxeko objektuetan abstrakzioa, xehetasunaren arreta eta zatia bilatzea. Lehen tankerakoak dira sail batzuk, esate baterako El cuento de la lechera, eta bigarrenekoa, berriz, une honetan Artium Museoaren Hegoa aretoan ikusgai dagoen Polvo saila, 2004koa.
Ikuskizun kosmiko gisa deskribatu izan den sail honetan, etxeko hautsa aukeratu du Concha Pradak arretagai, gizakiok beti inguruan daukagun elementu bat gehienetan ohartzen ez bagara ere. Artistak errealitate horren elementu txikienak bereizi ditu mikroskopioaren bidez begiratu eta argazkiak ateratzeko. Argazki multzo horrek irudi abstraktuak erakusten ditu itxuraz, baina berez errealitate ikusezin batekoak dira, unibertsoaren beste muturrean kokatuak.
Polvo saileko argazkiez gainera, Concha Pradaren Ciudades invisibles saileko beste lan bat ere badauka Artiumek bere Bilduman, Plaza de San Agustín, Valencia, 1998koa.
Artistak gurean Artiumen eta EDP Fundazioaren programa bat da, Artium Bilduman dauden artistak aurrez aurre ezagutzeko aukera ematen duena. Sortzailearekiko harreman zuzen horrek haren lanaren eta lan-prozesuen ezagutza sakonagoa izateko aukera ematen du eta, horrekin batera, baita arte garaikidea egungo gizartean garrantzitsua egiten duten mekanismoak ere.
Artistak gurean. Concha Prada
Artelanaren fitxa (katalogoa) Irudia Concha Pradaren webgunea
Artistak gurean
Concha Prada, Polvo lanaren egilea
Ekainaren 6an, osteguna, 19:00etan. Sarrera doan
EDP Fundazioaren babesarekin