Osteguna, 16 Abuztua 2018 14:20

Abian jarri da Arabako esku-hartze artistikoko Itineracciones proiektua Kuartangoko bainuetxeko tailer irekiekin

Itineracciones proiektua, ZAS Kulturren komisariotzarekin, arabar lurraldearen esku-hartze artistikoko Ekinean Ibiltari programaren barruan sartzen da. Artium Museoak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak sustatzen dute proiektua. Txaro Arrazola, Iñaki Larrimbe eta Nerea Lekuonaren proiektu artistikoak sartzen dira Ekinean Ibiltari proiektuaren barruan. Urria bitartean gauzatuko dira. Txaro Arrazolak bere proiektuaren produkzio-faseari hasiera emateko solasaldi-gune bat proposatuko du herritarrekin, abuztuaren 15etik 30era, Kuartangoko bainuetxean.

Txaro Arrazola, Nerea Lekuona eta Iñaki Larrimberen esku-hartze artistikoko proiektuak bilduko dituen eta ZAS Kultur kolektiboaren komisariotza duen Itineracciones proiektua abian da dagoeneko. Gaurtik hasi eta abuztuak 30 bitartean, Txaro Arrazola artistak Weeble – Tentetieso (orekari buruz) proiektuaren produkzioa landuko du in situ, Kuartangoko bainuetxean. Izaera prozesuala duen proposamen artistiko bat da, zeinetan gogoeta egin nahi den osasuna suspertzeko gune gisa bainuetxeari ematen zaion erabilerari buruz, gorputzaren eta gogoaren arteko orekatzat hartuta betiere.

Jarraitu irakurtzen

Sorkuntza-prozesuaren lehenengo fase horretan, bere lan-metodologia zuzenean ezagutu nahi duten pertsona guztiei irekia izango den topaketa-espazio bat proposatzen du artistak; solasaldi-espazio bat osatu nahi du, proposamen artistikoa egituratzen duten gaietako batzuei buruz jarduteko, nola diren ugalketa, lanaren sexu-banaketa landa-eremuetan, osasun-turismoa, bizi-erritmoa testuinguruaren arabera. Horretarako, bainuetxeko ateak zabalik egongo dira arratsaldez, abuztuaren 15etik 30era, 16.00etatik 19.00etara. Ekimen horren bitartez, artistak “herriaren eta hurbileko ingurunearen eguneroko testuinguruan sartu nahi du, poliki-poliki, jarduera artistikoa”.

Bi aste horietan ekoitziko ditu Arrazolak izaera hibridoko lan gehienak, formatu handiko marrazkiak, hiru dimentsioko piezak, instalazioetan eta bideoperformancean amaituko dutenak; horiek guztiek osatuko dute irailaren erdialdeaz geroztik ikusi ahalko den erakusketa. Artistak berak adierazi bezala, “emakumearen, pribatuaren eta geldiaren eremura atxikitako proiektu bat da, haize kontrako filosofia mota bat, gaur egungo bizimoduaren aurrez aurrekoa guztiz”. Horregatik, “slow bizimoduaren” gaia lantzeko baliatuko du bainuetxearen eremua, gaur egun gure gizarteetan nagusi den abiadura zoroaren aurrez aurre.
 
Arrazolak Kuartangon hasiko duen lanarekin batera, Nerea Lekuonak eta Iñaki Larrimbek beren proposamen artistikoen ikerketa eta aurreprodukzio prozesuetan jardungo dute; lehenak Garaioko Interpretazio Zentroaren inguruan erakutsiko du bere proposamena, eta bigarrenak, berriz, Atauriko Euskal-Nafar tunelaren eta Nerbioiko parke linealaren behatokian, Laudio eta Amurri bitartean.

Ekinean Ibiltari esku-hartze eta esperimentazio artistikoko programa bat da, Artium Museoak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Silak sustatua; helburu nagusia du arte garaikidearen eta lurraldearen artean interakzio-espazioak bultzatzea, arreta berezia eskainiz landa-ingurunearen, eremu naturalaren eta testuinguru sozialaren arteko elkarrizketan.  Kulturaren Plan Estrategikoaren barruan kokatuta, Ekinean Ibiltari egitasmoak besteak beste bilatzen du jarduera artistikoa eremu ohiz kanpokoetan lantzea, eta orobat tokiko sorkuntza babestea eta sorkuntza eta pentsamendu garaikidea arabar gizarteari hurbiltzea, landa-eremukoari bereziki.

Ekinean ibiltari. Arabako Lurraldeko esku-hartze artistikoa

Hiru gunetan esku-hartze artistiko bat egiteko komisariotza-proiektua
Kulturaren Plan Estrategikoaren esparruan Artiumek eta Arabako Foru Aldundiak sustatua
Garatzen den proiektua: Itineracciones, Zas Kultur-en komisariotza-proiektua.
Artistak: Txaro Arrázola, Iñaki Larrimbe, Nerea Lekuona

Irudiak  Itineracciones proiektuaren Facebook gunea 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand