Itineracciones proiektua Zas Kultur-ek komisariatua, eta Arabako Lurralde Historikoan burutzeko esku-hartze eta esperimentazio artistikoko Ekinean ibiltari programaren 2018ko deialdian hautatua, asteburu honetan jarriko da abian jarduera ugarirekin: eakusketa bat, hitzaldi bat eta Txaro Arrázolaren performance bat Zuhatzu Kuartangoko bainuetxean. Arrázolaren, Nerea Lekuonaren eta Iñaki Larrimberen esku-hartze artistikoez gainera, Garaion, Ataurin eta Nerbioi Ibaiaren Parke Linealean egingo diren ekintza eta aurkezpen batzuekin osatuko da agenda.
Itineracciones komisariotza-proiektuaren helburua kultura garaikidearen eta Arabako gune naturalen arteko elkarrizketa berreskuratu, bizkortu eta planteatzea da, arte garaikidearen estrategia batzuk erkidego batzuetara eta besteetara eta haien gune naturaletara hurbilduz. Baina gainera, ekoizpen artistikoaren muinari buruz gogoeta egiteko sortze-prozesuak garatzeko tresnak bilatu nahi izan ditu» azaldu du Ibon Sáenz de Olazagoitiak, Zas Kultur-ek, Vitoria-Gasteizko bitartekaritza-gailuak garatu duen talde-komisariotzaren ordezkari gisa.
Weeble-Tentetieso (Sobre el equilibrio) erakusketaren inaugurazioa
Irailaren 15ean, larunbata, inauguratuko da Zuahtzu Kuartangoko Bainuetxean Txaro Arrazola artistaren Weeble-Tentetieso (Sobre el equilibrio) erakusketa. Izaera hibridoko artelanek osatzen dute erakusketa, formatu handiko marrazki eta hiru dimentsioko piezek, azkenean instalazio eta performanceetan amaituko dutenak. Arrazola abuztuaren bigarren hamabostaldian Añana Kuadrillako gune berreskuratu horretan lantegi irekiaren formatuan egiten aritu den lanaren emaitza da erakusketa. «Espazio zoragarri hori herritarrei ireki eta tokian bertan —batez ere bainuetxetik hurbilen bizi direnei— sortze-prozesua nola garatzen den erakusteko aukera paregabea» dela esan du artistak. 150 baino gehiago izan dira 15 egun hauetan artistaren lantegi irekia bisitatu duten pertsonak.
Erakusketa inauguratu aurretik (hori 20:00etan izango da), Txaro Arrazolak hitzaldi bat emango du Andrea Abalia artistarekin batera: Weeble Wobble (18:00etan) eta performance bat egingo du, Kuartangon egin duen lanaren pieza garrantzitsuetako bat erakusteko: giza tamainako poliesterrezko hiru dimentsioko tente-potente bat (19:30ean).
Ibilbide alternatiboak Arabako lurraldean barrena
Unofficial Tourism Araba da Iñaki Larrimbek garatu duen proposamenaren izena. Kultur turismoaren fenomenoaren inguruan gogoeta eginaraztea da xedea, azken urteotan garatutako zenbait proiektutan artistari bereziki interesatu zaion gai bat. Bere proposamena garatzeko, Larrimbek sei konplize izan ditu Arabako lurraldean barrena ibilbide berezi eta alternatiboak marrazteko. Ibilbide iradokitzaile eta ezustekoak, esate baterako Marta Villota-k proposatu duen «Árboles singulares. Los árboles que nos habitan», edota «Herri Kirolak Araban», Fernando Vélez de Mendizabalek marraztua. Artistak diseinatu dituen eta bide berdea Atauritik (Arabar mendia) eta Nerbioi Ibaiaren Parke Linealetik igarotzen den inguruan triziklo baten bidez banatuko diren gida eta mapa osatzen dituzten sei ibilbideen artean bi adibide besterik ez dira.
Proposamen artistikoa alde batera utzita, urriaren 18an, osteguna, Atauriko zentro soziokulturalean kafe-solasaldi bat egingo da, eta bertan parte hartuko dute Iñaki Larrimbek, proiektuaren laguntzaileek eta Jorge Díez Madrilgo komisario eta kultur kudeatzaileak ondoko izenburuarekin: Kultur turismotik landa-turismora: Unofficial Tourism Araba. Ondoren, 20:00etan, Zas Kultur-en, Díezek Intervenciones en espacios públicos izeneko hitzaldia emango du.
Ur azpiko oroimena berreskuratzea
Nerea Lekuonak Garaikoko Interpretazio Zentrorako proposatu duen instalazioa da esku-hartze multzo honen hirugarren hanka. Artistak ikerketa prozesu bat burutu du Arabako eta Bizkaiko Artxibo Historikoetan Ullibarri Ganboako urtegia egitean ur azpian geratu ziren herrien irudien bila. «Beren etxeak eta ekoizpen-bideak urak nola azpian hartzen zituen ikusi zuten pertsonen oroimena nabarmendu nahi da». Lekuonak esan duenez, «Ramón Cuesta arabar historiagilearen aholkua izan du esku-hartzeak, eta Txus Bilbao historiagilearen A cincuenta años liburuan izan du inspirazio-iturria». Azken horrekin eta Natxo Rodríguez eta Juan Pablo Orduñez (MawatreS) artistekin batera egingo du Sumergidos hitzaldia irailaren 20an, osteguna, 19:30ean Zas Kultur-en.
Bus Tour Itineracciones-en barrena
Irailaren 29an, larunbata, ibilaldi bat egingo da autobusez Itineracciones proiektua osatzen duten hiru esku-hartzeetan barrena. Autobusa 17:00etan abiatuko da Artiumetik (Frantzia kalea, 24) eta Garaiotik, Nerbioi Ibaiaren begiratokitik eta Zuhatzu-Kuartangotik igaro ondoren 22:00ak inguruan itzuliko da. Enrique Loyola aktore eta bakarrizketagileak dinamizatuko du autobuseko tourra, eta baita esku-hartze artistikoen egileek ere, bakoitzak dagokion lekuan azalpenak emanez.
Jarduera hori doakoa da baina aurretik izena eman behar da itineracciones@gmail.com helbidera idatzi eta izen-abizenak eta harremanetarako telefono bat emanez, irailaren 28a baino lehen.
Ekinean ibiltari Artium Museoak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak bultzatutako esku-hartze eta esperimentazio artistikoko programa bat da, zeinaren xede nagusia baita arte garaikidearen eta lurraldearen arteko elkarreraginerako esparruak sustatzea, landa-inguruarekiko, inguru naturalarekiko eta gizarte-testuinguruarekiko elkarrizketari arreta berezia eskainiz. Kulturaren Plan Estrategikoaren barruan sarturik, Ekinean ibiltari proiektuaren xedea, besteak beste, ezohiko esparruetan jarduera artistikoa garatzea, bertako sorkuntza bultzatzea eta sorkuntza eta gogoeta garaikidea Arabako gizartearengana hurbiltzea da, landa ingurura, bereziki.
Itineracciones proiektuaren lan-prozesuari buruzko informazio osoa Facebooken jarrai daiteke, edota Itineracciones blogean.
Ekinean ibiltari. Arabako Lurraldeko esku-hartze artistikoa
Itineracciones, Zas Kultur-en komisariotza proiektua. Artistak: Txaro Arrázola, Iñaki Larrimbe, Nerea Lekuona
Esku hartzeak bisitatzeko ordutegia
Txaro Arrazolaren Weeble-Tentetieso (Sobre el equilibrio) erakuskta
• Noiz: 2018ko irailaren 15etik urriaren 15era.
• Non: Zuhatzu-Kuartangoko Bainuetxean.
• Ordutegia: astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan 16:30etik 19:30era. Asteburuan: 11:30etik 14:30era.
Iñaki Larrimberen esku-hartze ibiltaria: Unofficial Tourism Araba
1. ibilia:
• Non: Nerbioi Ibaiaren Parke Lineala.
• Noiz: irailaren 22, 23 eta 30ean eta urriaren 6an.
• Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara.
2. ibilia:
• Non: Atauriko tunelean.
• Noiz: urriaren 7, 13, 14 eta 20an.
• Ordutegia: 9:00etatik 14:00etara.
Nerea Lekuonaren Bajo el agua esku-hartzea
• Noiz: urriaren 22ra arte.
• Ordutegia: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:30era. Asteburu eta jaiegunetan: 09:00etatik 15:00etara.
• Non: Garaioko Interpretazio Zentroan.
Itineracciones proiektuaren jarduera-programa
Irailaren 13an, osteguna
19:30ean - Txaro Arrazolaren Weeble-Tentetieso (Sobre el equilibrio) proiektuaren aurkezpena Zas Kultur-en.
Irailaren 15ean, osteguna, Zuhatzu-Kuartangoko Bainuetxea
18:00etan - Hitzaldia: Weeble Wobble. Hizlariak: Andrea Abalia eta Txaro Arrazola.
19:30ean - Txaro Arrazolaren performancea.
20:00etan - Weeble-Tentetieso (Sobre el equilibrio) erakusketaren inaugurazioa
Irailaren 20an, osteguna
19:30ean - Nerea Lekuonaren Bajo el agua proiektuaren aurkezpena eta hitzaldia, Txus Bilbaorekin, Juan Pablo Orduñezekin (MawatreS), Natxo Rodríguezekin eta Nerea Lekukonarekin, Zas Kultur-en.
Irailaren 29an, larunbata
Itineracciones Bus Tour: 17:00etan irteera Artiumetik. Gealekuak: Garaioko Interpretazio Zentroa, Nerbioi Ibaiaren Parke Linealaren Begiratokia eta Zuhatzu-Kuartangoko Bainuetxea. Artiumera itzultzea aurreikusten den ordua: 22:00ak.
Urriaren 18an, osteguna
16:30ean – Irteera Artiumetik autobusez Atauri aldera.
17:00etan – Kafe-solasaldia: Del turismo cultural al turismo rural: Unofficial Tourism Araba, Jorge Díezekin eta Iñaki Larrimberekin Atauriko Zentro Soziokulturalean.
19:00etan - Unofficial Tourism Araba esku-hartzearen bisita Atauriko bide berdearen tunelean.
20:00etan - Jorge Díezen Hitzaldia, Intervenciones en espacios públicos, ZAS Kultur-en.
Edonork parte har dezake jarduera guztietan. Ibilbidean barrena egingo diren jarduerak doakoak dira baina aurretik izena ematea beharrezkoa da itineracciones@gmail.com-era idatzi eta izen-abizenak eta harremanetarako telefono bat emanez.
Sarrerak Online
Denda Online