Azteazkena, 19 Iraila 2018 11:42

Mauro Entrialgok Artiumen sortu du Grey Flag 2018-2019 programarako lehen lana

Museoko fatxadan pankartak erakusgai jartzeko programa honetan, Ana Isabel Román eta Edu López ikus-artisten lanak Mauro Entrialgo eta Laura Vernetti komikigileenekin txandatuko dira. Grey Flag 2018-2019 erakusketak palinpsesto gisa aurkezten du kultura, hau da, elkarren gainean ezarritako irudi eta testuen metaketa gisa, eta ikuskera horretan sakontzen du. Entrialgok Sorollaren El balandrito obra ezagunaren berrinterpretazio bat egiten du La serpientita lanean.

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Grey Flag programa artistikoaren beste edizio bat aurkezten du, Museoaren Ekialdeko fatxadan neurriko handiko pankarta bat instalatuta. Mauro Entrilago komikigileak programa honetarako berariaz sortutako obra bat, La serpientita, erreproduzitzen du olanak. Enrique Martínez Goikoetxeak eta Iñaki Larrimbek komisariatuta, Grey Flag 2018-2019. Palinpsestoa programan, Entrialgo eta Laura Vernet komikigilen lanak eta Ana Isabel Román eta Edu López ikus-artisten piezak txandakatuko ditugu. Apropiazionismoaren praktikaren bidez, artearen historiako maisulan batzuen irakurketa garaikide bat proposatzen digute lau egileek. Erakusgai jarriko diren pankarten oinarrian dauden jatorrizko artelanak Artium Bildumaren parte izatera igaroko dira.

Jarraitu irakurtzen

Grey Flag arte-programak –10 x 10 metroko pankartak Museoaren ekialdeko fatxadan– Eralda zaitez, eralda ezazu proiektua aurkeztu zuen 2016an: artearen historiako obra ikoniko batzuetan gaur egungo ikuspegia txertatzean zetzan proiektua, haien jatorrizko mezua ezabatuz, aldatuz edota, gutxienez, eguneratuz. Hainbat sortzailek, hala nola Edurne Herrán, Judas Arrieta, Simónides eta María Cañasek, beste hainbat obra klasiko eguneratu zituzten: El jardín de las delicias, La habitación de Arles, La carga de los mamelucos eta Saturno devorando a su hijo, hurrenez hurren. Jardunbide honek ―artearen munduan apropiazionismo izenez ezaguna― beti sortu izan du eztabaida, baina, bestalde, historiarekin elkarrizketa ireki bat mantentzeko aukera eskaintzen du, irudi horientzako esanahi berriak proposatzeaz gainera.

Datozen hilabeteotan, hor jarraituko du Grey Flagek, jaso dugun kultur ondarea zalantzan jartzen, balioesten, aztertzen eta kritikatzen. Palinpsestoa titulupean, Artiumek Mauro Entrialgo eta Laura Vernetti komikigileen eta Ana Isabel Román eta Edu López ikus-artisten lanak produzituko ditu, eta pankarta itxuran erreproduzituko. Ibilbide horretan zehar, proiektuak alor bateko zein besteko artisten proposamen apropiazionistak txandatuko ditu, eta batzuen eta besteen arteko bizikidetasuna sustatu.

La serpientita lanean, adibidez, Mauro Entrialgok Joaquín Sorollaren El balandrito (1909) obra berrinterpretatzen du, dibertimendu grafiko pop gisa eguneratzen. Sorollaren margolanik ezagunenetako bat dugu El balandrito, haren lanaren adibide garbi bat, non sentsazioek hartzen baitute protagonismo osoa. Belaontziari eusten dion haurraren irudian oinarrituta, eta komikiaren hizkuntza baliatuz, egileak erabat aldatzen du margolanaren jatorrizko kontaera: Sorollaren naturalismotik ihesi, Entrialgo haren antipodetan kokatzen da, haurraren pentsamendu magikoa irudikatuz.

Mauro Entrialgok (Gasteiz, 1965), Artiumek bere Grey Flag 2018-2019. Palinpsestoa proiekturako aukeratu duen lehen artistak, El Juevesen dihardu lanean duela bi hamarkadetatik hona, eta TMEO aldizkariaren sortzaileetako bat da. Berrogeita hamarretik gora komiki ditu argitaratuak, dozena erdi bat disko grabatuak eta lau antzerki-lan estreinatuak; film luze komertzial bat ere idatzi du. Horretaz gainera, horma-irudiak margotzen ditu, etxeko bideo-arteko lanak editatzen ditu eta urteak daramatza umore-diskurtsuaren eraikuntzari buruzko proposamen teoriko bat prestatzen. Honela dio bere bisita-txartelak: «marrazkilaria, besteak beste».

Grey Flag, 2011etik aurrera
Aritumen Grey Flag proiektua 2011aren amaieran sortu zen ―ekonomia-krisi bete-betean, artearen eta kulturaren sustapenari eskainitako baliabideen gainbeheraren erdi-erdian―, garapen sozial normalizatu eta orekatu batean arteak behar lukeen presentziaren aldeko oihu ozen bat bezala sortu ere. Museoak neurri handiko pankarten erabilera erreibindikatzailea berreskuratu zuen orduan arte adierazpenerako, Ekialdeko fatxadaren mutur banatan 10 x 10 metroko olana bana eskegiz.

Artiumeko eraikin publikoa komunikazio-eragile aktibo bat bihurtu zen hala, hiriaren testuinguruaren barruan. Museoak, analisi eta gogoetarako espazio gisa, mezu garbi bat eskaintzen zuen artearen mundutik, ohartaraziz, arazoen berri emanez, probokatuz eta bizitza publikoan parte hartuz, gizartea gogoeta egitera bultzatzeko. Lehen olana, Kepa Garrazaren Titulurik gabe 1 (Artearen beharra) izeneko lanean oinarrituta moldaturikoa, mezu-kate luze baten hasiera izan zen, Museoaren fatxadan oraindik ere bizirik dirauena: hogeita hamar bat artisten lanak zintzilikatu dira bertan orain arte.

Ekonomiaren eta krisiari buruzko pertzepzio sozialaren eboluzioak aldaketa bat eragin du, halaber, Grey Flag komunikazio-proiektuaren asmoan. Lehenengo urteetan programaren helburua artearen eta kulturaren beharra ozenki aldarrikatzea izan bazen, gerora programak beste aldarrikapen batzuk egin ditu, hala nola etorkizunarekiko itxaropena berreskuratzea, krisi osteko gizartea eraikitzeko orduan komunitatea ardatz gisa errebindikatzea, eta artearentzako askatasun-esparru bat izatea. Proiektuan parte hartu duten artisten artean, aipatu berri dugun Kepa Garrazaz gainera, honako hauek daude: Juan Pérez Agirregoikoa, Laurina Paperina, Artemio, Priscila de Carvalho, Sandra Vásquez de la Horra, Txaro Arrazola, Regina de Miguel, Carlos Irijalba, Edurne Herrán, Judas Arrieta eta Simónides, beste batzuen artean.

Bestalde, Grey Flag proiektuak berrikuntza bat ekarri du eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetzaren bidez ondarea sortzeko ahaleginean. Programak Mario Legorburu bildumagilearen laguntza izan zuen hasieran, eta Luis Zufiaurrena, gaur egun. Batak zein besteak Museoak duen irizpide berbera dute artea ulertzeko moduari buruz eta arteak gizartearen bilakaeran laguntzeko duen ahalmenari dagokionez.

Grey Flag programari buruz  Prentsarako irudiak 

Palinpsestoa. Grey Flag 2018-2019
Komisariotza-lana: Enrique Martínez Goikoetxea eta Iñaki Larrimbe
Artiumeko ekialdeko fatxada, 2018ko irailaren 19tik aurrera
Egileak: Mauro Entrialgo, Ana Isabel Román, Laura Vernetti, Edu López
Jarduerak
Topaketak artistekin Artium Bilduman: Mauro Entrialgo.
Irailaren 20an, ostegunez, 19:00 orduetan. Sarrera librea.

«Herri baten kultura palinpsesto baten modura osatzen da, etengabe bata bestearen gainean ezarritako testu, irudi, aipu eta deien multzo bat bezala. Batzuk besteen gain pilatzen dira, halako moldez, non ezagutzak eta erreferentziak eraldatzen baitituzte, eta gure aurreko eraikuntzak, gure egiak, aldatzen».

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand