Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Arabako Foru Aldindiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailak lehiaketa publiko bat iragarri duteLurralde Historiko honetan kokatutako hiru gunetan esku-hartze artistiko bat egiteko komisariotza-proiektu bat hautatzeko. Arabako Kulturaren Plan Estrategikoaren barruan dagoen Ekinean ibiltari izeneko ekimen honen helburuak dira, besteak beste, artea ezohiko esparruetan garatzea, bertako sorkuntzari babesa ematea eta sorkuntza eta gogoeta garaikidea Arabako gizarte osora zabaltzea, landa-ingurura bereziki. Deialdiaren oinarriak Artiumen web orrian daude argitaratua, eta proposamenak aurkezteko epea 2018ko uztailaren 23ko 14:00etan amaitzen da.
Ekinean ibiltari Arabako Lurralde Historikoaren toki batzuetan garatu nahi den esku-hartze eta esperimentazio artistikoko programa bat da, zeinaren xede nagusia baita arte garaikidearen eta lurraldearen arteko elkarreraginerako esparruak sustatzea, landa-inguruarekiko, inguru naturalarekiko eta gizarte-testuinguruarekiko elkarrizketari arreta berezia eskainiz. Oraingo honetan, era batera edo bestera berreskuratutako Arabako hiru gunetan esku-hartze artistiko bana egiteko komisariotza-proiektu bat hautatzea proposatzen dute Artiumek eta Arabako Foru Aldundiak. 29.000 euro daude proiektua aurrera eramateko.
Parte-hartzaileek hiru hautatu beharko dituzte aukeran emango zaizkien lauetatik. Lehena, Zuhatzu Kuartangoko bainuetxe zaharra da, joan den mendearen lehen erdi aldean ospetsu egin zena eta bertan behera utzia izan ondoren Arabako bailara txiki horretan berriz ere berreskuratu dena; bigarrena, Vasco-Navarro Trenbidearen bide berdeko Atauriko tunela da, Mendiko herri horren behe alden dagoena; hirugarrena, Garaioko Parkea, Ullibarri-Ganboa urtegiaren ertzean eta, zehatzago, hango Interpretaio-Zentroaeta duela gutxi zaharberritu den San Esteban eliza, eta, azkenik, Nerbioi Ibaiaren Parke Linealeko behatokia, Laudio, Aiara etaAmurrio herriak lotzen dituena, naturarekiko topagune bat Aiarako Bailararen gerriko industrialean.
Deialdiaren oinarrietan azaltzen denez, edozein pertsona fisiko nahiz juridiko aurkeztu ahal izango da lehiaketara, zeinahi ere dela haren herritartasuna edota bizilekua. Komisarioen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu ahal izango dira. Oro har aintzat hartuko da proiektu batek Araban jaio diren edo bertan bizi diren egileak izatea, edota ibilbide profesionala lurralde honekin lotuta egotea.
Nolanahi dela ere, aurkeztutako proiektuek ondoko baldintzak bete beharko dituzte, besteak beste: sorkuntza garaikidearekin lotuta egotea, gutxienez hiru artistaren parte-hartzea izatea, hautatutako lekuetako testuinguru soziokulturalarekiko topaketa eta bitartekaritza ekintzak proposatzea eta esku hartuko den guneetako eta aldirietako ingurumenaren, arkitekturaren eta ondarearen osotasuna errespetatzea. Proposamenetan aintzat hartuko dira oro har berdintasun printzipio eta politikak eta emakumeak artearen esparruan ikusgarri egitekoak.
Ekinean ibiltari. Arabako Lurraldeko esku-hartze artistikoa
Hiru gunetan esku-hartze artistiko bat egiteko komisariotza-proiektu bat hautatzeko lehiaketa
Kulturaren Plan Estrategikoaren esparruan Artiumek eta Arabako Foru Aldundiak sustatua
Proposamenak aurkezteko epea: 2018ko uztailaren 23ko 14:00ak arte
Sarrerak Online
Denda Online