Zortzi proposamen daude lehian Arabako lurraldean esku-hartze artistiko bat egiteko Ekinean ibiltari proiektuaren jabe egiteko. Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren ekimena da. Kulturaren Plan Estrategikoaren barruan kokatua, Ekinean Ibiltari proiektuaren xedea, besteak beste, ezohiko esparruetan jarduera artistikoa garatzea, bertako sorkuntza bultzatzea eta sorkuntza eta gogoeta garaikidea Arabako gizartearengana hurbiltzea da, landa ingurura, bereziki. Zuhatzu Kuartangoko bainuetxea, Garaioko San Esteban eliza, Vasco-Navarro trenbidearen Atauriko tunela, eta Nerbioi ibiaren Laudio eta Amurrio arteko parke lineala dira aurrez hautatutako kokaguneak. Proposamen bakoitzean hiru aukeratu behar izan dira horietatik. Uzailaren 27an, ostirala, jakinaraziko da epaimahaiaren ebazpena.
Ekinean ibiltarirako aurkeztutako zortzi proiektuak epaimahaikideen eskuetan daude jada. Ane Rodríguezek (Tabakaleraren zuzendaria), Fernando Pérezek (Azkuna Zentroaren zuzendaria), Araceli de la Horrak (Montehermoso Kulturunearen zuzendaria), Enrique Martínez Goikoetxeak (Artiumen artatzailea) eta Enrique Uriartek (Arabako Foru Aldundiaren Kultur Ekintza zerbitzuaren burua) osatzen dute epaimahaia. Proposamenak aurkezteko epea atzo amaitu zen, uztailak 23, astelehena, eguerdiko ordu bietan .
Ekinean ibiltari Arabako Lurralde Historikoaren toki batzuetan garatu nahi den esku-hartze eta esperimentazio artistikoko programa bat da, zeinaren xede nagusia baita arte garaikidearen eta lurraldearen arteko elkarreraginerako esparruak sustatzea, landa-inguruarekiko, inguru naturalarekiko eta gizarte-testuinguruarekiko elkarrizketari arreta berezia eskainiz. Oraingo honetan, era batera edo bestera berreskuratutako Arabako hiru gunetan esku-hartze artistiko bana egiteko komisariotza-proiektu bat hautatzea proposatu dute Artiumek eta Arabako Foru Aldundiak. 29.000 euro daude proiektua aurrera eramateko.
Parte-hartzaileek hiru hautatu behar izan dituzte aukeran eman zaizkien lauetatik. Lehena, Zuhatzu Kuartangoko bainuetxe zaharra da, joan den mendearen lehen erdi aldean ospetsu egin zena eta bertan behera utzia izan ondoren Arabako bailara txiki horretan berriz ere berreskuratu dena; bigarrena, Vasco-Navarro Trenbidearen bide berdeko Atauriko tunela da, Mendiko herri horren behe alden dagoena; hirugarrena, Garaioko Parkea, Ullibarri-Ganboa urtegiaren ertzean eta, zehatzago, hango Interpretaio-Zentro aeta duela gutxi zaharberritu den San Esteban eliza, eta, azkenik, Nerbioi Ibaiaren Parke Linealeko behatokia, Laudio, Aiara etaAmurrio herriak lotzen dituena, naturarekiko topagune bat Aiarako Bailararen gerriko industrialean.
Deialdia edonori irekia zegoen, edozein pertsona fisiko nahiz juridikori, edozein herritako eta bizilekukori. Proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu ahal ziren. Oro har epaimahaikideek aintzat hartuko dute proiektu batek Araban jaio diren edo bertan bizi diren egileak izatea, edota ibilbide profesionala lurralde honekin lotuta egotea.
Nolanahi dela ere, aurkeztutako proiektuek ondoko baldintzak bete behar dituzte, besteak beste: sorkuntza garaikidearekin lotuta egotea, gutxienez hiru artistaren parte-hartzea izatea, hautatutako lekuetako testuinguru soziokulturalarekiko topaketa eta bitartekaritza ekintzak proposatzea eta esku hartuko den guneetako eta aldirietako ingurumenaren, arkitekturaren eta ondarearen osotasuna errespetatzea. Proposamenetan aintzat hartu behar dira berdintasun printzipio eta politikak eta emakumeak artearen esparruan ikusgarri egitekoak
Ekinean ibiltari. Arabako Lurraldeko esku-hartze artistikoa
Hiru gunetan esku-hartze artistiko bat egiteko komisariotza-proiektu bat hautatzeko lehiaketa
Kulturaren Plan Estrategikoaren esparruan Artiumek eta Arabako Foru Aldundiak sustatua
Sarrerak Online
Denda Online