Artiumek duela gutxi ekoitzitako hiru erakusketa Lleidan, Madrilen eta Palman ikusgai: Juan Pérez Agirregoikoaren Uztailak 38 – urriak 27, joan den larunbatean, otsailak 17, Lleidako Paneran inauguratua; Kartografia likidoak, datorren asteartean, otsailak 20, Madrilgo Instituto de México-n irekiko dena, eta José Ramón Amondarain-en Espazioaren barrea (Guernica), apirilaren 13an, ostiralarekin, Palmako Casal Solleric-en inauguratzea espero dena. Artiumen ekoizpenek beste kultur zentro batzuetan pizten duen interesa adierazten du hiru erakusketa horien bidaiak. Horri esker, Arabako museoan egindako lana kanpoan ezagutarazten da eta, gainera, ekimenak diru-sarrerak ekartzen dizkio Artium Fundazioari.
Juan Pérez Agirregoikoaren Uztailak 38 – urriak 37 donostiar artistak orain arte egin duen erakusketa handiena da. 1990. urteaz geroztik Parisen bizi den artista honek begirada zorrotz eta kritikoa botatzen die ideologiari, erlijioari, kapitalismoari, hezkuntzari eta kulturari, eta garraztasunez jorratzen ditu gai horiek. Erakusketa hori 2017ko apirilaren 13tik irailaren 17ra bitartean egon zen Artiumen ikusgai, eta joan den larunbatean zabaldu zen Lleidako Centre d'Art La Panera-n. Arte garaikidea sortzen eta erakusten den kataluniar zentro ospetsua da La Panera, eta gaur egun Cèlia Del Diego du zuzendari.
Bestalde, Madrilgo Instituto de México-n Kartografia likidoak erakusketa egongo da ikusgai bihartik aurrera, ARCO azokarekin bat eginez. Erakusketa hori elkarlanean ekoitzi dute Artiumek, Mexiko Hiriko Carrillo Gil Museoak eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Agentzia Espainiarrak. 2017ko urriaren 6tik aurtengo otsailaren 11ra ikusgai egon den erakusketa horretan orainaren zeharkako berrikuste bat egiten da Zygmunt Bauman filosofo eta soziologoaren, «modernotasun likido» kontzeptuaren sortzailearen, postulatuetatik abiatuta.
Azkenik, Palmako Centro de Arte Casal Solleric-en Espazioaren barrea (Guernica) erakusketa egongo da ikusgai, hori ere euskal artista batena, José Ramón Amondarain-ena, apirilaren 13tik ekainaren 17ra bitartean. Artiumek Donostiako San Telmo Museorako ekoitzitako erakusketa bat da, joan den azaroaren 24an inauguratua eta otsailaren 25era arte zabalik egongo dena. Erakusketa hori Pablo Picassoren margolan ikonikoenaren inguruko Amondarainen bigarren egitasmo handinahia izan da. 2012an egin zuen lehendabizikoa Artiumen, Denbora eta premia (Guernica).
Uztailak 38 - urriak 27. Juan Pérez Agirregoikoa
Centre d'Art La Panera (Lleida), 2018ko otsailaren 17tik aurrera
Kartografia likidoak
Instituto de México (Madril), 2018ko otsailaren 20tik aurrera
Espazioaren barrea (Guernica). José Ramón Amondarain
Casal Solleric (Palma), apirilaren 13tik aurrera