Osteguna, 01 Martxoa 2018 11:03

ARTres. Museoa nolakoa izan behar den, Bildumaren beste erakusketa bat Artiumen

XXI. mendeko museoen inguruko hausnarketa bat bultzatu nahi da erakusketarekin. Batez ere emakume artistak egindako artelanak dituela, mahaiaren gainean jarri nahi du generoaren auzia artean. Ikusgai dauden ia artelan guztiak gauden mendean eginak dira

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak ARTres. Museoa nolakoa izan behar den erakusketa aurkeztu du, Artium Bildumaren egitasmo bat, XXI. menderako museo-eredu baten inguruko hausnarketa bultzatzeko. Artelan gehienak duela gutxikoak eta emakumeek eginak direla ARTres esperientzia estetiko bizia da, eta ohartarazpen bortitza generoaren kontuaz artean. Erakusketa inauguratu aurretik mahai inguru bat egingo da eta Concha Jerez, Ixone Sádaba, Maite Martínez de Arenaza eta Charo Garaigorta izango dira parte-hartzaileak. Daniel Castillejo da ARTres. Museo bat nolakoa izan behar den erakusketaren komisarioa eta Artium (Vitoria-Gasteiz) ekoizlea.

Leer más

ARTres. Museo bat nolakoa izan behar den Artea eta (artearen) sistema egitasmoaren azken kapitulua da. Proiektu hura gardentasun-ariketa bat izan da, eta Bildumako artelan ikonikoenak erakusteaz gainera (Artea) publikoari artearen historia bat eskaini zaio eta artelanak eskuratu eta zaintzeak berekin dakartzan prozesu guztiak erakutsi zaizkio (Artearen sistema). Artea erakusketan hautatutako artelan gehienak eta haiek erakutsi diren modua, hau da, muntaketa, XX. mendeari dagozkion arauen araberakoak izan dira. Hirugarren honek hausnarketa bat abiarazi nahi du: nola antolatu behar dira museoak? nola bildumatu eta erakutsi behar dira artelanak? nola «onartu behar dituzte unean uneko erronkak etorkizuna eratzeko»?

ARTres —Artearen kontrapuntu eta bizikide— bi ideia nagusiren inguruan taxutu da: arteari, garai batetik bestera, genero batekoa zein bestekoa izan, gai berberak interesatzen zaizkio; eta emakumeak, talde gisa, beti ukatu izan zaizkion gizarte-esparruak konkistatzen ari dira, eta artea ez da salbuespena.

Alde batetik ARTres osatzen duten artelanen muntaketa —guztiak, lau izan ezik, mende honetan eginak— hiru diskurtso-ildoren arabera antolatu da: introspekzioa (pertsona eta haren barru aldea), ikuskatzea (mundua, paisaia, politikak, gatazka…) eta artea bera (sormena, estetika). Artea erakusketako artelanen antolaeraren ardatz berberak dira. Hartara, Bildumaren erakusketa berri honek defendatzen du artisten interes nagusiek bizirik jarraitzen dutela denboran zehar eta generoa gorabehera.

Beste alde batetik, ARTresen planteatzen da generoaren kontua dela gaurko eta biharko erronka handienetako bat hala museoentzat, erakunde gisa, nola artearen sistema osoarentzat. Daniel Castillejok berak dioen eran: «Bizi garen garai asaldatu honetan, emakumeari beti ukatu izan zaizkion gizarte-espazioak konkistatu —lehendabizi— eta —gero— normalizatu beharrari aurre egin behar diogu, eta artea lotsagarrienetakoa da». Erakusketarako hautatu diren artelan guztiak, bat izan ezik, emakumeek eginak dira. Erakusketa, oro har, esperientzia estetiko bizia da, eta ohartarazpen bortitza generoaren kontuaz artean.

Gainera, oraingo honetan, erakusketa inauguratu aurrerako, mahai inguru bat antolatu du Museoak eta lau emakume artistak parte hartuko dute bertan. Concha Jerez-ek, Ixone Sádaba-k, Maite Martínez de Arenaza-k eta Charo Garaigorta-k beren iritziak emango dituzte gai honi buruz. Bai mahai-ingurua eta bai inaugurazioa edonorentzako zabalik daude.

Prentsarako irudiak  Lan zerrenda  Inaugurazio-programa  Liburuxkaren testua  Argibide gehiago

ARTres. Museoa nolakoa izan behar den

Artium Bilduma. (Artea eta (artearen) sistema proiektua)
Komisarioa: Daniel Castillejo
Artistak: Ángeles Agrela, Elena Aitzkoa, Juncal Ballestín, Zigor Barayazarra, Cabello/Carceller, June Crespo, María Luisa Fernández, Miriam Isasi, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum, Concha Jerez, Liliana Porter, Mabi Revuelta, María Ribot, Ixone Sádaba, Montserrat Soto, Eulalia Valldosera
Hegoa aretoa, 2018ko martxoaren 2tik abuztuaren 26ra
Jarduerak:
Martxoaren 2an, ostirala
18:30ean. Bisita gidatua Artiumen Adiskideentzat, Daniel Castillejoren eskutik (beharrezkoa da erreserba egitea).
19:00etan. Mahai ingurua: Adeline Virginia Stephen Woolf izan zenetik ehun urtera. Concha Jerez, Maite Martínez de Arenaza, Ixone Sádaba, Charo Garaigorta.
20:00etan. Erakusketaren irekiera.

"Bizi garen garai asaldatu honetan, emakumeari beti ukatu izan zaizkion gizarte-espazioak konkistatu —lehendabizi— eta —gero— normalizatu beharrari aurre egin behar diogu, eta artea lotsagarrienetakoa da, emakumea arte garaikidearen ideia jakin batzuei loturik ikusten zuten gogoeta pozoitsuei esker indarra hartuz joan diren aurreiritzi kualitatibo tamalgarrien ondorioz. Horrek guztiak, eta beste kontu batzuek, eragotzi egin dute kulturan eta artean kopuru-berdintasuna izatea".
Daniel Castillejo

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand