Artium, Arte garaikideko Euskal Zentro-Museoak Liburua, kulturaren lekuko erakusketa aurkezten digu (Mintegi aretoa, liburutegia, 2017ko apirilaren 21etik irailaren 17 bitarte), gizakiaren sorkuntza garrantzitsuenetako baten historiaren ibilbidea. Antzinako Mesopotaniako buztinezko taulatxoetatik egungo gailu elektronikoetaraino, liburuak funtsezko zeregina izan du zientziaren, historiaren, filosofiaren, artearen eta, oro har, kulturaren kontserbazio eta transmisioan. Erakusketaren komisarioa Elena Roseras da; erakusketak liburuaren historiari buruzko zenbait argitalpen erakusten ditu, bai eta liburuaren garai zenbaiti buruzko datu interesgarriak eskaintzen dituzten panel batzuk eta artista liburuei buruzko iruzkin bat. Liburua, kulturaren lekuko erakusketak honako babesle hauek ditu: El Correo, Euskaltel, EDP Energia eta Fundación Vital.
Liburua gizakien asmakizun nagusietako bat dugu. Historia, kultura, zientzia, filosofia… atxikitzeko eta hedatzeko bide izan da. Informazioaren trukaketa erraztu du eta pertsonen arteko komunikazioa garatzeko bide izan da. Estatus horretara heltzeko, liburuak bide luzea ibili du, Artium-en liburutegiak 2017ko Liburuaren Nazioarteko Egunaren karietara antolatzen duen erakusketan segi daitekeen bidea, hain zuzen ere.
Gizakien arteko komunikazioa gizateriaren lehen garaietan bertan hasi zen garatzen, keinu eta soinuen bidez. Baina idazkuntza sortzeko, baldintza zenbait behar izan ziren. Baldintza nagusiak nomadismoa uztea, gizateriaren kokatzea eta laborantzaren eta abeltzantzaren garapena izan ziren. Gizartearen egitura korapilatsuago izateak, bere aldetik, komunikazio sistemaren bilakaera ekarri zuen. Idazkuntza izan zen komunikazioa hobetu zuen tresna eta liburu idatziaren asmakuntzarako bidea ireki zuena.
Liburuaren itxura materiala gizarte egoera berrien eta zibilizazioen ezaugarrietara egokitzen joan da, informazio beharren arabera, eskura zituzten materialen arabera, zientzia eta teknologiaren aurrerapenen arabera. Liburuaren historia idazkuntzaren eta horretarako erabili diren euskarrien bilakaeraren historia da.
Hartara, erakusketaren panelek azaltzen digute, adibidez, Mesopotamian inprimatu ziren lehen euskarrien erabilera, alegia, idazkera kuneiformedun buztinezko taulatxoak. Sistema hori Kristo Aurreko laugarren milurtekotik aurrera garatu zen eta lehen liburutegiak ekarri zituen, bai eta artxibatze sistema moduko bat, hala nola Niniveko liburutegikoa, non 30.000tik gora taulatxo biltzen baitziren, generoen arabera sailkaturik. Buztinezko taulatxoak, piskanaka, papirozko bilkariekin ordeztu ziren; bilkari horiek ohikoak izan ziren Egiptoko antzinako kulturan, eta Grezia eta Erromaren garaietaraino iraun zuten, hor sortu ziren lehen liburutegi publikoak.
Erromatar Inperioa jausi zenean, monasterioak bilakatu ziren kultura zentro nagusi eta hango liburutegietan, papiroak, egurrezko azalez “azaleztatzen” zituzten eta horrela, kodexak egiten. Gero, XII. eta XIV. mendeen artean, Europan, arabiarrek ekarritako paperaren erabilera hedatzen doa, piskanaka. XV. mendearen erdialdean, inprenta asmatzeak liburua komunikabide unibertsal gisa hedatzeko iraultza ekarri zuen. Liburuaren bilakaera erruz lasterragotu zen XIX. eta XX. mendeetan, industria iraultzarekin eta teknologia aurrerapenekin, harik eta, XXI. mendean, liburu elektronikoaren euskarriak agertu eta hedatu ziren arte.
Beste aldetik, ikus arteetako egungo artistek ere bere egin dute liburua beren sorkuntzetarako euskarri gisa. Halatan, bada, Artium-en liburutegiaren erakusketak leku bat egiten dio fenomeno horri, abiapuntutzat Marcel Duchamp artistaren Boîte-en-valise obraren irudi bat hartuz.
Erakusketaren dokumentu-gunea Erakusketa 2017ko Liburuen Eguna Artiumen
2017ko Liburuen Nazioarteko Eguna Artiumen. Liburu-erakusketa
Liburua, kulturaren lekuko
Mintegi aretoa (Liburutegia), 2017ko apirilaren 21etik urriaren 26ra
Komisarioa: Elena Roseras
Jarduerak:
Apirilaren 21ean,ostirala, Liburuen Nazioarteko Eguna Artiumen
12:00etan: erakusketaren irekiera
12:00etatik 19:00etara: arte eta kultura garaikidearen testuen irakurraldia. Joseba Irazoki musikariarekin. Babeslea: Laboral Kutxa
12:00etatik 19:00etara: Liburu ezezagun batekin hitzordua!!! (Liburutegian)
12:00etatik 19:00etara: HarrapArte, ataritik liburutegira, liburuz eta errealitate areagotuz ibilbidea
Apirilaren 18tik aurrera: Bookcrossing
Liburua, kulturarenlekuko erakusketa Gasteizko Artiumen ekoizpena da

Sarrerak Online
Denda Online